Ezkutua utzi eta irtenbideak adosteko deia egin die ezker abertzaleak «espioiei»

CNIk «legez kanpoko espioitza» ukatu ostean, lokal baten aurrean topatutako gailuak erakutsi ditu Ernaik

Ernaik erabiltzen duen lokal baten atarian topatutako bideo kamera eta antena. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2013ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Kamera bat, urrutitik entzuketak egiteko balio duen antena bat, kableak... Ez da aurreneko aldia ezker abertzaleak «espioitzako» tresnak mahai gainean jartzen dituela. Askotan topatu dituzte, egoitzetan, autoetan edo atarietan. Aste honetan bertan topatu dute azkena, Donostian, Ernaik erabiltzen duen lokal baten atarian. Herri lanetako poste bat baliaturik «disimulatuta», ateari begira zegoen kamera. Atzo erakutsi zuten gailua, Felix Sanz Roldan CNI zerbitzu sekretuetako buruak Espainiako Diputatuen Kongresuko Sekretu Ofizialen Batzordean «legez kanpoko espioitza» ukatu eta biharamunean. Salaketa jartzea aztertzen ari dira.

Ondorioak azkar eta argi atera dituzte: «Gezurretan ari dira CNIko zuzendaria eta Espainiako Gobernua». Mikel Button eta Irati Sienra Ernaiko kideek hitz egin zuten atzoko prentsaurrekoan, eta Sortuko zein LABeko kideen babesa izan zuten. Izan ere, seguru daude espioitza Ernaiz haratago ezker abertzalearen kontra egiten dela: «Ezker abertzalekook etengabe izaten dugu kalez jantzitako polizia atzetik, espreski jarritako kontrolak edota telefono deien entzuketa jazarpen horren adibide batzuk baino ez dira». Azkenaldian «jazarpen» hori modu «eskandalagarrian» handitu dela nabarmendu dute, gainera.

Haserre tonuz eta serio agertu diren arren, proposamen eraikitzailea ere egin diete «espioiei»: «Hobe lukete ezkutuan zelatan ibili ordez, mahaiaren bueltan denok eseri eta aterabideak adostuko bagenitu».

Baina galderak ere badituzte: «Zer dio Espainiako Gobernuak honi buruz? Gezurrak esaten jarraitu behar al du? Zer dela eta halako espioitza sareak gure aurka?».Antolatzeko eta biltzeko eskubidearen kontrako «atentatu larria» da gertatu dena, prentsaurrekoan agertu zirenen iritzian, «nahiz eta normaltasun itxura eman nahi duten batzuek». Izan ere, Ernaik lan politikoa egiten duela azpimarratu zuten, eta gazteen arazoei aterabideak emateko intentzioz sortu zela.

Hori dena kontuan izanda eskaera argia egin zuten atzo prentsaurrekoan agertu zirenek: «Ezker abertzaleko kideongan ezarritako jazarpena bertan behera geratzea exijitzen dugu». Eta horretaz gain, arduraz jokatzeko deia egin zieten Euskal Herriko alderdi politiko eta eragileei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.