Albistea entzun

AEKren esanetan, «jendetsuena eta kohesioarena»

izan da 17. Korrika

Euskalakarien «izana eta eginbeharra» igandean bukatu ordez hasi egin zela ohartarazi du Edurne Brouardek
AEKren Artezkaritza Kontseiluko kideak, atzo, 17. Korrikaren balantzea egiten.
AEKren Artezkaritza Kontseiluko kideak, atzo, 17. Korrikaren balantzea egiten. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Ibai Maruri -

2011ko apirilak 20 - Bilbo

«Eskerrik asko, mila esker, Euskal Herria. Zoragarria izan da. Beste hitzik ez daukagu». Modu horretan laburtu zuten atzo Mertxe Mujika AEKren koordinatzaile nagusiak berak eta Artezkaritza Kontseilu osoak 17. Korrika burututa sentitzen duten poztasun eta gogobetetasuna. Inoizko Korrikarik jendetsuena izan dela adierazi zuen: «Donostiak gainezka egin zuen, gainontzeko hiriburuek bezala. Baina gauza bera gertatu da Hazparnen, Sartagudan, Lizarran, Irunen eta Muskizen». Horren muinean hizkuntzak sortutako batasuna dagoela argi du: «Pentsaera eta ideologia ezberdinak izan arren, euskarak batzen gaitu».

Korrikaren arduradun Edurne Brouardek «kohesioa» hitzarekin definitu zuen batasun hori. «Batzen gaituena aintzat hartzen dugunean, daukagun indarra agertu egiten da. Eta hau hamar egunez posible izan bada, euskarak batu egiten gaituelako izan da», nabarmendu zuen.

Aurten AEK-k kohesioaren alde ahalegin handia egin duela azaldu zuen, «kohesioaren bila» ibili direla, eta azkenean lortu egin dutela. «Baina kohesioak, hitzak berak esaten duen moduan, guztiok nahi izatea behar du», ohartarazi zuen. Hori hala dela, «euren pentsaeraren ale txikiak etxean utzita beste helburu nagusiago baten bila» joan direnek egindako ahalegina bereziki eskertu nahi izan zuen. Izan ere, Brouarden irudiko, guztien ekarpenari esker egin da «kohesioaren Korrika».

Euskalgintzaren alorrean bidea hori dela argi dauka. Eta, bidenabar, beste arlo askotan ere igualtsu egin daitekeela ere bai: «Zergatik ez bide bera jorratu? Galdera honen inguruan hausnar dezaten eskatzen diegu herri honetako eragile guztiei».

Igandean 17. Korrika bukatu zen arren erronkak hor jarraitzen duela argi du Brouardek. Hamar egun hauetan euskalakari izan diren guztiek «egun hauetako adorea eta gogoa egunerokotasunean» mantentzera dei egin dute. «Euskararen alde egotetik eta euskaren alde gauzak egitetik, gauzak euskaraz egitera pasatu behar dugu. Egunero izan behar dugu euskalakari».

Zenbakiekin jokatuz, 17. Korrika apirilaren 17an bukatu zela gogorarazi zuen, eta biharamunean, apirilaren 18an eman ziotela hasiera 18. Korrikari. «Euskalakarion izana eta eginbeharra apirilaren 17an bukatu ez baino hasi egin da. Erronka hor dugu. Irabazteko asko dago». Mezu argia dute gizartearentzat: «Gizartea kohesionatzeko eta uztartzeko bidean, euskalakari izanda irabazi egiten da».

Brouard bera eta Mugika sinetsita daude aurtengo leloarekin bete-betean asmatu zutela. Euskal Herri osoan zabaldu dela eta euskal herritar guztiek barneratu dutela garbi ikusi dute. «Maite ez dena oso zaila da ikasten. Eta ikasitakoa ez badugu erabiltzen, ezer gutxirako balio du». Brouardek, baina, ukatu egin nahi du erabilera indartzeko ardura norbanakoena denik bakarrik. «Administrazioek, eragile sozialek eta herri erakundeek ere erantzukizun handia dute, eta eurei eskatzen diegu erabilera handitu ahal izateko guneak eraiki ditzaten; eman diezaguten bide».

Arrakastaren tamaina

Ohi bezala, AEK-k ez du parte hartzeari buruzko daturik eman. Baina Brouardek Korrikako furgonetan ibiltzen diren taldeetako baten arduradunak joan den asteazkenean esan ziona hartu du adibide modura: «'Begira, Edurne, zurekin hitz egiten ari naiz, eta ez prentsakoekin. Badirudi esango dizudan hau prentsarako prestatu dudala, baina kontziente naiz zuri esango dizudala. Ikaragarria da hau. Urterik urte jende gehiago dago, eta nik ezin dut zifrarik esan. Esan ahal dizudan bakarra herririk herri gero eta jende gehiago dagoela da'».

Errepideetan ez ezik, 17. Korrikak sarean ere erakarri ditu euslakariak. Eta Brouardek esandakoaren arabera, arrakastatsuak izan dira irekitako bide guztiak. Batetik, webgunean bideoak, argazkiak eta albisteak jarri dituzte. «Apirilaren lehen 18 egunetan 138.000 bisita izan ditugu, 77.000 bisitarirenak». Sare sozialetan ere presentzia izan du aurten euskararen aldeko lasterketak. Hala, Facebooken, adibidez, 9.300 jarraitzaile ditu Korrikaren kontuak.

Atzerritik jasotako sostengua ere gogora ekarri dute. Diasporan hogei Korrikatik gora egin dira, «inoiz baino gehiago». Sidneyn eta Bruselan, gainera, bertan egin bitartean Euskal Herrikora ordezkaritza bidali dute. Igandean Bartzelonatik, Uruguaitik, Txiletik, Erromatik eta Suitzatik iritsitako euskalakariek kilometro bat egin zuten Donostian. Eta, horretaz gain, aurrenekoz Bretainiako, Galesko eta Irlandako ordezkariak etorri direla ere nabaremendu dute.

Brouarden hitzetan, komunikabideen jarraipena inoiz baino zabalagoa izan da, eta lasterketan inoiz baino kazetari gehiago izan dira. Telebistaren kasua azpimarratu du, Korrika osoaren kontaketa egin dutelako aurrenekoz.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jatetxe bateko zerbitzaria, atzo, Donostian, bi bezeroren COVID ziurtagiriak egiaztatzen. ©JON URBE / FOKU

Ostalariek ez dute polizia (ere) izan nahi

Maddi Ane Txoperena Iribarren Ane Eslava

Atzotik, Euskal Herri osoan da indarrean COVID ziurtagiria. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 50 lagunetik goitiko jatetxeetako langile eta bezeroek egun batetik bertzera egokitu behar izan dute neurrira

Miren Basaras. / ©Aritz Loiola, Foku

«Pandemiak loa galarazi dit niri ere»

Ibai Maruri Bilbao - Bizkaiko Hitza

Miren Basarasek esan du txertoak «oso onak» izan arren, transmisioa eteteko neurriak ezinbestekoak direla. Uste du askatasunaren izenean txertoari uko egiten diotenak «berekoiak» direla.

Otxarkoagako bizilagunak, protesta batean, asteartean. / ©Aritz Loiola, Foku

Betiko zerbitzua gura dute Otxarkoagan

Ibai Maruri Bilbao, Bizkaiko Hitza

Kutxabankek astean egun bitara murriztu du Bilboko Otxarkoaga auzoan dagoen bulego bakarreko leihatila zerbitzua. Bizilagunek protestak hasi dituzte. Bankuek, oro har, Bizkaian, bulegoen %45 itxi dituzte azken hamabi urteetan. Kutxabankek dio erabilera gutxitu delako hartu dutela erabakia.

Donostiako Antigua Auzoko Osakidetzako osasun zentroa. ©GORKA RUBIO / FOKU

«Ezin dugu martxa honetan segitu»

Oihane Puertas Ramirez

Lehen mailako arretako langileek salatu dute baliabideak falta zaizkiela. COVID-19a dela eta, osasun etxeetako lan karga «izugarri» handitu zaie, eta «gainezka» daudela sentitzen dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.