Bost begirada hezkuntzari (II). Kataluniako murgiltze eredua

«Bizkarrezurraren» aurka egin du Wertek

Katalunian erroturik dago murgiltze eredua, Wertek begitan hartu duena: aurten, dozena bat sendik bakarrik eskatu dute ez ezartzeko

Madrilen datuek diote gazteleraz Espainiako batez bestekoa gainditzen dutela Katalunian

Garikoitz Goikoetxea -

2013ko urtarrilak 3
Eredu bat baino gehiago da, eskola barruko kontu bat baino gehiago. «Katalanismoaren bizkarrezurra. Hori ukitu dute». Mina eta ezinegona eragin du Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroaren asmoak Katalunian. Haserre mintzo da Muriel Casals ere, Omnium Culturaleko presidentea. Hezkuntzan bakarrik ez, gizarte osoan oro har eragin baitu samina murgiltze eredua auzitan jarri izanak. Mezu argia zabaldu dute alderdi politikoek eta kalera atera diren milaka herritarrek: ona da katalanezko murgiltze eredua, eta, Madrilek besterik esaten badu ere, eutsi egingo diote horri. Intsumisiora jotzeko asmoa dute.

Erreformarako proiektuan azken unean sartu zuen murgiltzearen aurkako araua Wert ministroak, aurrez autonomia erkidegoetako kontseilariei ezer jakinarazi gabe. Bi puntu ditu nagusiak. Bat: bermatu egin behar da gurasoek seme-alaben irakats-hizkuntza aukeratzeko duten eskubidea; baita gaztelaniaz ikasi ahal izatea ere. Bi: erkidegoren batek ez badu hori betetzen, gurasoek ikastetxe pribatu batera igorri ahalko dituzte ikasleak, eta faktura erakunde publikoei igorri. Era horretara legea beteko dela erantzun du Wertek gaiaz galdetuta; izatez, katalanezko murgiltze eredu orokortuaren kontrako epaiak askotan eman dituzte azken urteetan.

Sortu den polemikarekin ez du zerikusirik, ordea, benetako egoerak. Hasteko: ez dago ia batere eskaririk murgiltze eredukoa ez denik. «Erabat txikia da gaztelaniazko irakaskuntza eskatzen dutenen kopurua», nabarmendu du Casalsek. Aurten: umeak eskolan hasi dituzte 50.000 familiak Katalunian, eta haietatik hamabik soilik eskatu diote Generalitateari umeak gaztelaniaz eskolatzeko. Wert: «Ez naiz eztabaida horretan sartuko. Kopurua ez da arazoa. Eskubideez eta askatasunez ari gara». Murgiltzearen aurkako elkarteek diote 2.000 direla aurkakoak; 1,3 milioi ikasletik,%0,15.

Emaitzak ere hartzen dituzte murgiltzearen aurkako argudio gisa. Datuak desitxuratzea egotzi izan diote Generalitateari, ikasleen emaitzak puztu egiten dituela, edo, areago, salatu izan dute ikasle onenak bidaltzen dituela nazioarteko probetara. Balio bezate Espainiako Hezkuntza Ministerioaren beraren datuek. Gaztelania: Espainiako batez bestekoa, 500 puntu; Kataluniakoa, 502. Eta ez da izango alor guztietan Kataluniako ikasleak hobeak direlako. Bistan da Hezkuntza Ministerioaren ebaluazio horretan bertan. Matematika: Espainian, 500; Katalunian, 487. Gizarte ezagutza: Espainian, 500; Katalunian, 494.

Alderdiak, bat eginda

Egoera zein den ikusita, urtez urte handitu da murgiltze ereduaren babesa. «Gehiengo oso-oso zabala dago eredu horren alde, bai alderdi politikoetan eta bai gizartean». Azken asteetan sortu den zurrunbiloa ikusi besterik ez dago: protesta oso jendetsuak izan dira, eta PPk eta Ciutadansek ez beste alderdi guztiek adierazpen bat egin dute ereduaren alde. Hezkuntzako eragileak ere batu dira.

Katalana eta katalanezko irakaskuntza «kohesiorako tresna» baitira Katalunian, Casalsek nabarmendu duenez. Etorkinen adibidea jarri du: «Atzerritarrek ikusi dute katalanak balio duela gizarteratzeko. Nahi dute euren seme-alabak gainerako ikasleekin batera joatea ikastetxera. Eskola indargarriak jartzen dizkiete, eta berehala integratzen dira».

Ulertezin zaio PPren jarrera. «Zaila da interpretatzen: Katalana lehen mailakoa ez izatea nahiko du, edo zarata atera Katalunian estatua eraikitzen hasi garela ikusita». Madrilek bat edo beste egin, berenean segituko dute. «Guk geure legea daukagu, eta funtzionatzen du. Eutsiko diogu».

Bihar: Euskal Herriko datuak eta Espainiakoak aurrez aurre.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna