Gaur Bilbora joateko deia egin dute, «blokeoa gainditzeko»

Epaiketa politikoak salatzeko helburuz, manifestazioa 17:30ean abiatuko da Jesusen Bihotza plazatik

Edurne Begiristain -

2013ko urriak 26
Estatuaren «blokeoa gainditzeko», gaur Bilboko kaleak milaka eta milaka lagunekin betetzera deitu dute herriko tabernetako eta gazte mugimenduaren kontrako sumarioetako auzipetuek. Konponbidearen alde, eskubide guztiak, libre, epaiketa politikorik ez lelopean, 17:30ean abiatuko da manifestazioa Jesusen Bihotza plazatik. Epaiketa politikoen aurka «herri gisa erantzuteko» garaia dela adierazi dute.

Badira bi aste Espainiako Auzitegi Nazionalean 74 euskal herritar epaitzeari ekin ziotenetik: 40 lagun Segi gazte erakundeko kide izatea egotzita eta beste 34 herriko tabernen bidez ETA finantzatzea leporatuta. Horiez gainera, 110 herriko taberna ere epaitzen ari dira, haien ardura zibila argitzeko. Auzi horietako hainbat lagunek agerraldia egin zuten atzo Donostian, eta epaiketa politikoak salatzeko asmoz gaur egingo den manifestaziora joateko deia egin zuten. 35/02 eta 26/11 sumarioetan auziperatuta daudenen izenean, Karmelo Landak, Maialen Elduak eta Euken Villasantek hartu zuten hitza.

Madrilen egiten ari diren epaiketak jarduera politikoaren aurkako «erasoa» direla gaitzetsi zuen Karmelo Landak. «Espainiako Estatua deseroso dago Euskal Herrian irekitzen ari den aro berria dela eta», adierazi zuen. Landaren ustez, estatua oker dago uste badu errepresioaren bidez aldaketa eragotziko duela: «Errepresioak gure herriaren jarduera eten beharrean, indartu egiten du».

Haren iritziz, makroepaiketa horien izaera «biluzten» ari da, eta agerian geratzen ari da ez dela soilik ezker abertzalearen eta estatuaren arteko «lehia» bat. «Hau Euskal Herriaren kontrako erasoa da. Gure bidez Euskal Herria epaitu eta zigortu nahi dute». Hala, gaurko mobilizazioaren garrantzia azpimarratu zuen, eta estatuaren «erasoei» arrazoi juridiko eta politikoa eskuratuz erantzutera deitu zuen: «Pertsona libreak herri librean izan nahi dugulako».

Maialen Elduaren arabera, egunotan Auzitegi Nazionalean egiten ari diren bi epaiketetan jarduera politikoa zigortu eta oztopatu nahi dute. «Politikaren kontrako erasoak dira, beraz». Bi aste hauetan hori nabarmen geratu dela uste du, akusazioetan eta bereziki auzipetuek egindako adierazpenetan. Gazteek egindako tortura testigantzak eta salaketak aipatu zituen: «Milaka eta milaka euskal herritarrek urteetan jasandako tortura eta tratu txarren gordintasuna sentitu ahal izan dugu gazte hauen ahotan».

Hain justu ere, gazteen aurkako epaiketan gazteek azaleratutako tortura salaketak gogoan izan zituen Villasantek ere. Poliziek deklaratzen zuten bitartean gazteak aretoan ez egotea onartu zuen epaimahaiak, eta horrek erakusten du, haren iritziz, auzitegiak badakiela epaitzen ari diren 30 gazte torturatu egin zituztela. «Hala ere, torturatzaileek hitza hartu dute, gezurra esan dute atxilotuei emandako tratuaz eta gazte mugimenduaren kriminalizazioaz». Epaitegia ondorio horietara iritsi bada instrukzio guztia baliogabetu behar lukeela gaineratu zuen Villasantek. «Hori da euskal herritarren gehiengo zabalak desio duena, hori da jendarteak behar duena, eta hori da gure herrian irekitako aro berriak eskatzen duena». Oraindik, baina, lan asko dagoela egiteko azpimarratu zuen: «Gogor bultzatu behar dugu tortura desager dadin eta iraganari lotutako ekinbideak amai daitezen, gerra egoera betikotzea dutelako xede». Horretarako, elkartasunak konpromiso bilakatu behar duela azaldu zuen Villasantek.

ELAren atxikimendua

Gaurko manifestazioarekin bat egiten duela jakinarazi du ELA sindikatuak. Deialdiari atxikimendua agertu dio sindikatuak, eta dei egin die afiliatu eta militanteei mobilizazioan parte har dezaten. Madrilen egiten ari diren «epaiketa politikoak» zein «instrukzio judizial arbitrarioen» ondorio izan diren guztiak bertan behera uzteko eskatu du ELAk. Halaber, azpimarratu du gaurko manifestazioaren xedea «askatasun politikoak eta pluralismoa urratu dituzten erasoak» salatzea dela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna