Konkista oroimenean

1512-2012 Nafarroa Bizirik mugimenduak ekainaren 16rako egin nahi duen ibilaldiarekin bat egiteko eskatu du
1512-2012 Nafarroa Bizirik mugimenduak atzo Iruñean emandako prentsaurrekoa.
1512-2012 Nafarroa Bizirik mugimenduak atzo Iruñean emandako prentsaurrekoa. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Joxerra Senar -

2012ko otsailak 4
2012a urte sinbolikoa izango da Nafarroan. Erreinuaren konkistaren bosgarren mendeurrena beteko da aurten, eta efemeride esanguratsu hori gogoan, 1512-2012 Nafarroa Bizirik mugimenduak atxikimenduak biltzen jarraitzen du. Nafarroaren bilakaera goitik behera aldatu zuen konkistaren gaineko bertsio ofizialaren aurrean, Patxi Abasolo mugimenduko eledunak garrantzitsutzat jo du memoria historikoa berreskuratzea. «Ia bostehun urte joan dira, baina Nafarroa bizirik dago, eta gaurkotasun osoz, eskaera egiten dugu duela denbora gehiegi kendu ziguten nafar naziotasun hori berreskuratu eta etorkizun askea izateko».

Mendeurren hori gogoan, mugimenduak ekainaren 16rako Euskal Herriko Ibilaldi Nazionala antolatu du, eta pertsona, talde, elkarte, alderdi eta erakunde oro deialdi horrekin bat egitera deitu du. Hiru urteotan egindako lanaren argazkia irudikatu nahi izan zuen atzo Iruñean 1512-2012 Nafarroa Bizirik mugimenduak, eta orain arte babesa agertu dieten udal eta elkarteetako batzuekin batera prentsaurrekoa eman zuen. Eguraldi txarra dela medio, hainbat lagun ezin izan ziren Iruñera joan, baina prentsaurrekoan Abasolok nabarmendu zuen orain arte «milaka lagunek» eman diotela babesa eta ehundik gora udalek atxikimendua.

«Mugimendu bakarra baina aniztuna». Halaxe definitu du mugimendua Abasolok. Haren ustez, beste hainbat alorretan elkarlanean aritzea zail izango lukeen jendeak bat egin du mugimenduarekin, eta indar hori guztia bideratzeko funtsezkotzat jo du konkistari begira hitzartu berri duten agiria. Historiaren interpretazio ofiziala gaitzesten dute batik bat: «Nafarroa Espainiara libreki bildu zela dioen faltsukeriaren kontra, 2012an Espainia Nafarroa Garaia konkistatzen hasi zela 500 urte beteko direla gogora ekarri nahi dugu».

Herri batzordeak

Agiriaz gain, Euskal Herriko hainbat herri eta auzotan taldeak sortu dira mendeurren horri begira hitzaldiak, antzezlanak, erakusketak eta bestelakoak antolatzeko. Talde horiei guztiei gomendioak eman eta lan hori guztia koordinatzeko asmoz, 1512-2012 Nafarroa Bizirik mugimenduak onartu du berriki batzordeak osatzea. Datozen aste eta hilabeteetan konkistaren inguruko ekitaldi andana iragarriko dira.

Ekitaldi nagusia ekainaren 16ko ibilaldi nazionala izango da. Gainera, uztailaren 25ean, Albako dukearen armada Iruñean sartu zeneko bosgarren mendeurrenean, nafar bandera dolu xingola batekin jartzera deitu dituzte herritarrak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna