Baionako etxe okupatua bi hilabeteren buruan husteko agindua eman du auzitegiak

Baionako auzitegiak atzo ezagutarazi zuen epaia, baina etxea okupatu dutenek diote hor egonen direla

Etxe okupatuko biztanleak atzo, Baionako auzitegi aitzinean. J. ETXEBARRIA.
Joanes Etxebarria.
Baiona
2013ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Ekainaren 26an egin zen auziaren epaia jakin zen atzo. Baionako Plantoun auzoko etxe okupatuan biztanleak badirela uxer batek notifikatu ondotik —ez dute zehaztu noiz eginen duen—, bi hilabeteko epea izanen da kanporaketa aitzin. Etxe okupatuko biztanleek jakinarazi dute ez dutela joateko asmorik.

Maiatz bukaeran sartu ziren etxea okupatzera; geroztik, okupatzaileek HSA (Habitat Sud Atlantique) etxebizitza sozialen promotorearekin ez dute harreman zuzenik ukan. Auzian, HSA etxeko jabeak 48 ordutan kanporatzeko eta han iragan egun bakoitzeko isun bat ordainarazteko galdetu zuen, baina epaiak ez ditu galde horiek onartu. Kanporaketarena, bai, bi hilabeteko epearekin.

Epaia ezagutu berririk, Hartzea Lopez Aranak irmoki erantzun zuen: «Guk segituko dugu hemen bizitzen, epe hori pasatuta ere». Hasieratik akordio bat lortu nahi dute jabearekin, haien egoera erregularizatzeko, eta horretan ere saiatzen segituko dute «herriko etxearen bitartekaritzarekin». Baina bi hilabeteren buruan ez balego aterabiderik, «guk argi dugu etortzen badira herri harresi bat muntatu behar dela, eta kanporaketa ekidin», esan zuen atzo Lopez Aranak.

Baionako auzitegi aitzinean, Carine Courtiade etxeko biztanleak oroitarazi zuen jabeari gutunak bidali dizkiotela behin baino gehiagotan. «Baina erantzunik gabe gelditu gara. Bi aldiz ikusi ditugu HSAko langileak, poliziarekin joan ziren bi aldietan, intimidazioan. Ez dugu kausitzen haiekin mintzatzea egoera honi aterabide bat bilatzeko». Egoera argitzeko Baionako Herriko Etxeak bitartekaritza lanak eginen zituelakoan, etxe okupatukoak bi hautetsirekin bildu ziren berritan, baina horrek ere ez du deus ekarri orain arte.

Auzoko biztanleen sostengua

Maiatzean, etxea okupatzera sartu zirenean, Plantouneko hamar familik berehala haien sostengua erakutsi zieten gutun baten bidez. Atzo beste sostengu gutun bat aurkeztu zuten hemeretzi familiaren sinadurarekin. «Orotara, 30 bat familia dira, beraz bi herenek sinatu dute», esan du Lopez Aranak. HSA egiturari zuzendu gutun horretan, Plantouneko biztanleek «kanporaketa ez burutzeko eta elkarrizketa eramateko» eskatu dute.

Sinatzaileek ere badute jabearekin haien arazoa. Plantouneko etxe guztiak HSAk saldu zizkien etxebizitza sozial gisara, eta, eraikuntza arazo anitz agertu baitziren, hautsi eta berreraiki beharko dira. Prozedura luzea egiten ari zaiela oroitarazi dute okupazioaren aldeko gutunean: «Eskertuko genizueke gure bizi ingurumena hobetzea zuen lehentasunetan ezartzea, 26. zenbakiko okupatzaileekin ukan duzuen ber erreakzio lasterrarekin». Bi arazo badira ere, Plantouneko beste biztanleak ere auzietan dira promotore berberarekin.

Etxebizitza hutsak

Plantouneko biztanleak eta okupazioan bizi direnak elkartzen dituena, Hartzea Lopez Aranaren arabera, «etxebizitza duinaren eskubidea denentzat» leloa da. Haren ustez, auzoko biztanleen sostengu gutunak «nolabait erakusten du hemen normalki bizi garela». Eta hemengo biztanleek, nahiz eta maileguak pagatu etxe berdinentzat, «ulertu dutela badela etxebizitza huts anitz Ipar Euskal Herrian eta jendeak behar duela teilatu bat bizitzeko». Okupatu duten etxea, Plantouneko beste batzuk bezala, hutsa zen eta ezin saldu edo alokatua, eraikuntza arazoen ondorioz.

Baionako auzitegiak deliberatu duen bi hilabeteko epea baliatuko dute orain segida prestatzeko. Atzo zabaldua zuten haien deialdia, «kanporaketa martxan izanen delarik jendea antolatzeko eta sostenguak biderkatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.