120 metro lubaki: 36ko gerra biluzian

Lasarte-Oriako Islada Ezkutatuak taldeak gudako aztarna ugari aurkitu ditu Zubietako mendietako gainean, zinez garrantzitsuak

Ikertzen jarraitu ahala aurkikuntza gehiago egin daitezkeela azaldu dute taldeko kideek
Islada Ezkutatuak taldeko partaideek aztarnak aurkeztu zituzten atzo egindako agerraldian.
Islada Ezkutatuak taldeko partaideek aztarnak aurkeztu zituzten atzo egindako agerraldian. ANDONI CANELLADA /ARP

Arantxa Iraola -

2014ko martxoak 22
120 metro lubaki aurkitu dituzte. Zubietako mendietako gainean, Donostiako lurretan. Sastraka arteko inguru bat soildu, eta hantxe agertu da: 36ko gerran iraulitako lurra, lubaki bihurtutako mendia. Gerra giroko aztarna ugari atzeman dituzte: mauser fusileko bala zorroak, pistolakoak, bonba zatiak... Eguneroko bizitzako aztarnak ere bai: gerrikoen belarriak, koilare bat, eta sardina kontserba ontzien aztarnak. Tartean, kezka eragiteko moduko aurkikuntza bat: lehertu gabeko granada bat zegoen aztarnen artean, eta ostegunean leherrarazi egin zuten Ertzaintzako lehergailu teknikariek. Oraindik ere antzeko lehergailu gehiago egon daitezkeela ohartarazi zuten atzo Islada Ezkutatuak taldeko kideek. Horregatik, ez zuten aztarnategia non dagoen zehaztu. «Ez dugu inor arriskuan jartzerik nahi». Lasarte-Orian (Gipuzkoa) orain bi urte memoria historikoaren gaia jorratzeko eratutako herritar talde bat dira, eta aztarnategia beraiek aurkitu dute. Atzo arratsaldean agerraldi bat egin zuten Lasarte-Oriako udaletxean, aurkikuntzari buruz mintzatzeko. Gerrak lagatako aztarna zaharren aurrean pozik mintzatu zen, taldearen izenean, Mailu Arruti: «Ezusteko handia izan da».

Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre, Lasarte-Oriako alkate Pablo Barrio eta Zubietako Herri Batzarreko alkate Fernando Iturralde alboan izan zituzten. Eskerrak eman zizkieten, denek, egindako lanagatik Islada Ezkutatuak taldeko partaideei, eta hemendik aurrerako biderako laguntza erabatekoa eskaini zieten. Denek memoria historikoa oso gai garrantzitsua dela ohartarazi zuten, eta horretan diharduten herri ekimenak guztiz txalotzekoak direla. «Zubietako mendietako inguru horietan, esate baterako, askotan ibilia naiz ni, eta inoiz ez zitzaidan burutik igaro ere egin han horrelakorik izan zenik», adierazi zuen Iturraldek. «Zuen lanari esker, beste begirada batekin begiratuko ditut orain».

Ikerketa handia egiteko

Izan ere, egin duten aurkikuntzarekin argi geratu da Zubietako mendietan 36ko gerrak gogor jo zuela. Bazuten susmoa, hainbat lekukotasunen bitartez, eta horregatik hasi ziren inguru hori ikertzen. Eta ziztu bizian ari dira aurkikuntzak egiten. Espero baino handiagoak. «Ezuste handia lubakia izan da. 120 metro aurkitu ditugu hiru hilabetean, ez da txantxa», azaldu zuen elkarteko kide Jose Agustin Muguruzak. «Horrek esan nahi du jende asko egon zela hor sartuta, hor bizitzen». Nolanahi ere, gerran leku zehatz horrek izan zuen garrantzia zein izan zen argitzeko oraindik asko ikertu behar dutela onartu zuen. «Zentzu bat eman behar diogu orain aurkikuntzari», esan zuen. «Ahoz, liburuetan, hemeroteketan eta artxibategietan jasotakoarekin erkatu beharko dugu gero hemen aurkitutakoa». Horretarako, larunbatero aztarnategian jarraituko dute, sastrakak kentzen, aztarna gehiago bilatzen. Eta elkarte barruan abian dituzten beste hainbat ikerketa lerrotan ere sakontzen segituko dute: esaterako, 36ko gerrako azken lekukoak elkarrizketatzen ari dira, eta haien testigantzak jaso zituztenen adierazpenak biltzen. Lan handia dute aurrean, baina talde bizia dira: gogotsua.

Aurkitu dituzten gerra aztarnak borrokako zein fakziorenak diren ez dakite oraindik seguru. Baina susmoak badituzte. Eta aurki argituz joatea espero dute. «Gipuzkoan gerra izan zen hasi berritan, eta orduan oraindik ere nahiko argi zegoen alde bakoitzak zein material erabiltzen zuen», azaldu du Muguruzak. Herdoildutako iraganari begira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna