Aurreratzeko martxa jarrita

Eusko Legebiltzarrak ostiralean bertan onar dezake 2013ko aparteko ordainsariak urtarrilera eta uztailera aurreratzeaGabonetako pagari dagozkion 208 milioi euroak enplegua bultzatzeko erabiliko dituzte

Jaurlaritzak Gabonetako paga ez duela ordainduko salatzeko protesta bat, Bilbon. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
2012ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Bigarren tramite eguna izango da gaur 2013ko aparteko sariak aurreratu ahal izateko. Astelehenean Eusko Jaurlaritzak lege proiektua onartu ondoren, gaur Eusko Legebiltzarreko Mahaira eta Bozeramaileen Batzordera helduko da. Gero, osoko bilkurak eztabaidatu eta onartu beharko du. Urtea amaitu aurretik jakingo dute 67.000 langile publikok urtarril hasieran ordaina jasoko ote duten.

Gobernu kontseiluak herenegun onartutakoaren arabera, langile finkoek nahiz aldi baterakoek urtarrilaren eta uztailaren lehenengo egunetan jasoko dituzte hurrengo urteko aparteko ordainsariak. Jaurlaritzak lege proiektua onartu ondoren, Josu Erkoreka gobernuko bozeramaileak zehaztu zuen artikulu bakar bat duela legeak, eta tramiteak «behar bezala» badoaz ostiralean bertan onartuko dela. Hala ez bada, hilaren 31rako deituko dute osoko bilkurara.

Lansaria pagatzeko hautatutako bidea atzerako bueltarik gabea izatea espero du Jaurlaritzak. Erkorekaren arabera, lege proiektuak Espainiako Gobernuaren erabakiak errespetatzen ditu, baita eskuduntzen esparrua ere. Iñigo Urkulluren gobernuak, ordea, ezer ezarri aurretik legebiltzarraren babesa beharko du nahitaez. Langile publikoen soldatak aurrekontuek araututako gaia dira, eta horiek lege direnez, legebiltzarraren onespena behar du.

Patxi Lopezen gobernuak bete egin zuen Gabonetako ordainketa eteteko Espainiako Auzitegi Konstituzionalak emandako agindua, eta debeku horren aurkako helegitea jarriko zuela iragarri arren, erabakia agintari berriei dagokie. Jaurlaritzak bere esku ditu orain Eguberrietako lansariari dagozkion 208 milioi euroak. Diru horrekin enplegu planak «indartu» eta oinarrizko zerbitzu publikoak «finkatu» nahi ditu —hezkuntza, osasuna eta gizarte zerbitzuak, besteak beste—.

Uztaileko eta abenduko ordainsariak urtarrilera eta uztailera aurreratuta,2013ko abenduan zer gertatuko den ikusteko dago. Oraingoz, ordea, Urkulluren gobernuak ez du haratago begiratu. «Orduan ikusiko dugu», azaldu du Erkorekak.

Aukera bat baino gehiago

Hego Euskal Herriko administrazioek euren esku dituzten tresnak baliatu behar izan dituzte Espainiako Gobernuaren trabei izkin egiteko. Gipuzkoako Foru Aldundiak «ordainketa osagarriaren» formula erabili du, eta dagoeneko egin die ordainketa 1.900 langile publikori, abenduko aparteko lansaria ordezkatzeko. Bizkaiak eta Nafarroak ere 2013ko lansariak urtarrilean eta ekainean pagatzea erabaki dute azkenean. Arabako Aldundiak, aldiz, Espainiako Gobernuak esandakoari men egin, eta ordainketarik ez egitea erabaki du. Horrela, soldata%7 jaitsi die langile publikoei —hori da aparteko lansariari dagokiona—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.