Draghik baikortasuna apaldu du: «Kimuak oso-oso berde daude»

Banku zentraleko buruak ziurtatu du interes tasak gehiago jaisteko aukera ez dutela baztertu suspertzea oso ahula delakoAurten ekonomia %0,4 jaitsiko da, aurretik zioen baino bi hamarren gutxiago

Iker Aranburu.
2013ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Atzeraldi teknikoaren amaierarekin mezu triunfalistak zabaltzeko tentaldia dutenei oharra egin die Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidenteak. Egoerak hobera egin duela aitortu arren, eurogunearen arazo nagusiak —langabezia handia, maileguen eskasia, barne eskari ahula...— ez direla desagertu ohartarazi die. Kimu berdeen metafora higatua berriro erabilita, «oso-oso berde» daudela esan die gobernuei.

Herenegun, Eurostatek baieztatu zuen urteko bigarren hiruhilekoan euroguneko barne produktu gordina %0,3 igo zela, Alemaniaren eta Frantziaren bultzadari esker batik bat. Datu hori eta ekonomia biziberritzen ari diren beste batzuk baliatu dituzte hainbat gobernuk mezu baikorrak zabaltzeko eta krisiaren amaiera iragartzeko. Horiei guztiak apaldu nahi izan zituen atzo Draghik, EBZren kontseiluaren bileraren amaierako prentsaurrekoan: «Oso-oso zuhurra naiz ni suspertzearekin. Ezin naiz bat etorri baikor daudenekin».

Onartu egin du Draghik gauzek hobera egin dutela, eta abuztuko konfiantzaren indizeak bide hori sendotuko den zantzuak ematen dituela. Baina garrantzi pixka bat kendu dio bigarren hiruhilekoaren datuari, negu gogorraren ondoren eguraldiaren hobetzeak zenbait jardueraren suspertzearen ondorio delakoan. Draghiren arabera, ekonomiak «oso erritmo motelean» baizik ez du gora egingo. Datuetan, orain uste du aurten euroguneko BPGa %0,4 jaitsiko dela (%0,6 esan zuen ekainean) eta %1 igoko dela 2014an (%1,1 zioen lehen). Zabalduen dauden usteen kontrara, igoera hori barne eskariarengatik izango dela dio Draghik, eta ez esportazioengatik. Barne eskari horri eusten dioten faktoreetako bat diru merkea dela esan du, eta, horregatik, berretsi egin du uztailean esandakoa: «EBZren interes tasak oraingo mailan edo maila txikiagoan izango dira garai luze baterako».

Banku zentraleko kontseiluko kide batzuek interes tasak %0,5etik behera jaisteko eskatu dutela aitortu du Draghik. «Ekonomia ahulegi dago interes tasak gehiago jaisteko eztabaida itxi ahal izateko», gaineratu du. Edonola ere, oso zaila dirudi halako erabakirik hartzea ekonomia zertxobait bada ere hazten ari den une batean.

Inflazioa, berriro behera

Tasak igoko lituzkeen faktore bakarra inflazioa da, baina kontrolpean ikusten du orain Draghik. Ekain eta uztailean %1,6ra igo ondoren, berriro%1,3ra jaitsi zen abuztuan. Siriako egoerak petrolioa garestitu dezakeela onartuta ere, EBZk uste du epe erdian edo luzean inflazioak ez lukeela arazorik eragin beharko.

Finantzaren egoerari dagokionez, aurrerapausoak ikusi ditu Draghik. Batetik, LTRO operazioen bidez bankuei hiru urterako eman zitzaizkien mailegu merke horietakoak itzultzen ari dira finantza erakundeak, diru merkatuetan tentsioak baretzen ari diren seinale, eta diru horren behar gutxiago duten seinale. Bestetik, «finantza merkatuaren zatikatzean gutxitze bat» ikusi du EBZk, hau da, maileguen interes errealen arteko aldea gutxitzen ari dela iparraldeko eta hegoaldeko herrialdeen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.