Behingoz «tranpak» bazter uzteko exijitu dio Euskalerria Irratiak UPNri

Mikel Bujandak azaldu du Auzitegi Gorenaren sententziak berretsi dituela UPNk lizentzien banaketan egin «irregulartasunak»«Izan daitezkeen erantzukizun politikoak eta judizialak» argitzeko eskatu du irratiak

Euskalerria Irratiko kide Juan Kruz Lakasta, Mikel Bujanda eta Reyes Ilintxeta. JAGOBA MANTEROLA  / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2014ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Aski dela. Horixe erran diote Euskalerria Irratiko kideek Nafarroako Gobernuari, Espainiako Auzitegi Gorenak 1998. urteko lizentzien banaketa bertan behera utzi eta gero. Argi eta garbi mintzatu dira irratiko kideak, eta mezu zehatza zabaldu nahi izan diete UPNko agintariei: «Tranpak bazter uzteko garaia da. Irregulartasunak eta ilegaltasunak egiteari utz diezaiola exijitzen diogu Nafarroako Gobernuari», erran zuen atzo Mikel Bujanda zuzendariak. Agerraldia egin zuen Juan Kruz Lakasta koordinatzailearekin eta Reyes Ilintxeta esatariarekin batera.

1998. urtetik orain arte gertatu dena «hamabost urteko lapurreta» izan dela erantsi zuen Bujandak. «Hamabost urtez, sistematikoki ukatu digute lizentzia, beti irregulartasunen bidez», salatu zuen Euskalerria Irratiko zuzendariak.

Egoera horrek Euskalerria Irratiari eragindako «kalteak» nabarmendu zituzten euskarazko hedabideko kideek. Ez hori bakarrik. «Iruñerriko euskaldunen hizkuntza eskubideak ere urratu egin dituzte», erran zuen Mikel Bujandak.

Irratiko koordinatzaile Juan Kruz Lakastak gaineratu zuen hedabide hori ez dela UPNren politikaren ondorioak jasan behar izan dituen bakarra. «Benetako segregazionismo linguistikoa gauzatzen ari da Nafarroako Gobernua, eta ez bakarrik gure irratiarekin». Gobernuak EITB Nafarroan zabaltzeko jarri dituen oztopoak aipatu zituen Lakastak egoera horren adibide, bertzeak bertze.

Egoera «oso larria» dela argi utzi zuten Euskalerria Irratiko kideek, atzoko agerraldian. «Gobernuak behin baino gehiagotan egin ditu irregulartasunak», salatu zuen Bujandak. Gogoratu zuen epaileek hirutan erran dietela UPNko agintariei gaizki jokatu dutela. Lehenbiziko bi sententziak Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak plazaratu zituen gobernuaren aurka. Lehendabizikoa 2005ean, eta bertan behera utzi zuen 1998ko lizentzien banaketako bigarren fasea. Errepikatu egin zuten fase hori 2006. urtean, baina auzitegi horrek atzera bota zuen, berriz ere, 2009. urtean.

Bujandak gogoratu zuen 1998ko lehiaketaren lehen zatiko balorazioaren arabera Euskalerria Irratia zela lehen postuan, 45 punturekin. Lehiaketa hartako kontratazio mahaiak zehaztutako zortzi ataletatik lau baino ez zituen baloratu. Bertze laurak baloratu gabe utzi zituen, baina nabarmendu zuen, hala ere, parte hartzen zutenen artean «berdintasun erabatekoa» bazegoela.

Irratiko kideek nabarmendu zuten Espainiako Auzitegi Gorenaren sententziak berretsi duela 1998. urteko lehiaketako lehen fasea dagoela indarrean —hau da, Euskalerria Irratia irabazten ari dena—, eta bigarrena berriz egin beharko dutela. Gobernuak epaia bete dezala eskatu zuten irratiko kideek: «Burutu dezala, behingoz, eta azpikeriarik gabe, 1998. urteko lizentzien banaketa», eskatu zuen Mikel Bujandak.

«Kalte nabarmenak»

Lehiaketaren bigarren fasea berriz egiteko eskatu du Euskalerria Irratiak. Baina hori ez dela nahikoa argi utzi zuten atzo hedabide horretako arduradunek. 1998. urtetik izan diren «irregulartasunak» nabarmendu, eta «erantzukizun politikoak argitzeko» exijitu zuen Juan Kruz Lakastak. «Izan daitezkeen erantzukizun judizialak» argitzeko ere eskatu zuen.

«Eragin dituzten kalteak nabarmenak dira; hamabost urtez baimenik ez izateak kalte ekonomikoak eragin dizkigu guri; eta kontuan izan behar dugu, baita ere, Iruñerriko euskaldunei egin zaien kaltea», azaldu zuen Lakastak, eta UPNko gobernuek «kontuak eman» beharko dituztela gaineratu zuen.

Iazko irrati lizentzien banaketan ere «irregulartasunak» izan zirela nabarmendu nahi izan zuen Bujandak. COPE eta SER irrati kateek irabazi zituzten baimenak. Haren aurkako helegitea ere aurkeztu du Euskalerria Irratiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.