LOMCE aurten ezin dela ezarri dio Urkulluk, baina bidea ez du argitu

Egutegia betetzeko baldintzarik ez dagoela berretsi du Jaurlaritzak; erreformari kontra egiteko prest agertu da, betiere legea betezNafarroan erreforma ezarriko duela ziurtatu du Iribasek, baina «moldaketak» egingo ditu

Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Urkullu lehendakariak Donostiako Peñaflorida institutu eraberritua bisitatu zuten atzo. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Oihan Vitoria.
Donostia
2014ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
«Ez dago inolako baldintzarik legea onartu eta aplikatzeko. Gabeziak ditu edukian, ezartzeko moduan eta zehazturiko epeetan. Ez gaude batere ados». LOMCE legeari buruz irmo mintzatu zen atzo Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroarekin bildu ondorengo biharamunean, Donostiako Peñaflorida ikastetxeko eraikin berritua ezagutzen egon zen Uriarterekin batera.

LOMCE irailean derrigor ezarri beharko dela ohartarazi du Wertek. Alabaina, epeak estuak direla eta aplikatzeko astirik ez dagoela uste du lehendakariak: «Nahiz eta lege bat izan, egutegian ezinezkoa da hurrengo ikasturterako indarrean jartzea. Ez du baldintza nahikorik, eta, irailean, behintzat, ezingo da ezarri».

Hori dela eta, erreformari kontra egiteko prest dago Eusko Jaurlaritzako burua. «LOMCE legea adostasunik gabe jaio da; PPren babesa baino ez du. Presaz eta inprobisazioz inposatu nahi digute legea, baina aurre egingo diogu». Urkulluk ziurtatu du euskal hezkuntza eredu propioarekin ahaleginduko dela LOMCEri aurre egiten. Nolanahi ere, ikusteke dago nola egingo duen. Herenegun Cristina Uriarte sailburuak berak adierazi zuenez, LOMCE legedia urratu gabe saihesteko asmoa du Eusko Jaurlaritzak. Hori berretsi du Urkulluk. Oraindik, baina, ez du argitu zehatz-mehatz PPk onartu duen erreforma ez ezartzeko zer bide hartu behar duen. Intsumiso egiteko eskatu diote Jaurlaritzari hainbat eragilek, baina hark erantzun du ez duela joko intsumisiora.

Urkulluren hitzetan, Eusko Jaurlaritzak «tinko» eutsiko dio euskal hezkuntza ereduaren defentsari, betiere adostasunetan oinarrituta: «Ez dugu onartuko inprobisazioa gure irakaskuntzaren kalitatearen kalterako izatea». Izan ere, haren aburuz, euskal ereduak adostasuna du funts nagusi, ez inposaketa. «Hezkuntza komunitatearekin batera landutakoa da. Konpromiso sendoa eta irmoa daukagu kalitatezko hezkuntza bermatzeko, gainontzeko ereduen aldean».

Gaur egun indarrean dagoen ereduaren alde lanean jarraituko dutela jakinarazi du. Urkulluren arabera, Jaurlaritzaren apustua argia da: «LOMCEk aurrean izango gaitu euskal hezkuntza ereduaren defentsan». Hezkuntza komunitateak era aktiboan parte hartuko duen ereduari eutsiko diola hitzeman du. «Hezkuntzaren bitartez, herritarrei kalitatezko zerbitzu bat ematea nahi dugu. 30 urtez hezkuntza hitzarmena horretan aritu da». Jaurlaritzak dio duela hilabete askotatik salatzen dihardutela «inposaketak» eta herritarren mesederako ez diren erabakien aurka joko dutela.

Iribasentzat eragozpenik ez

Eusko Jaurlaritzako helburuen kontrara, Nafarroako Hezkuntza kontseilari Jose Iribasek ziurtatu du Nafarroan baietz, aplikatuko dutela LOMCE. «Gustatuko zaigu asko, gutxi edo ezer ez, baina bete egin behar dugu, gorteetan onartua delako». Geroa Baik kezkaz hartu du UPNren gobernuak legea ez gaitzestea eta zortzi hilabetean ezartzearen alde egotea.

Halere, egokitzapenak egingo dituela iragarri du Iribasek, egun Nafarroan dagoen hezkuntza proiektura katigatuta joan dadin. «Ahalegin handia egingo dugu Nafarroako hezkuntza puntako egiten duten ezaugarriei eusteko eta hobetzeko aukerak jartzeko», nabarmendu du.

Ez du zehaztu zein neurri hartuko dituen moldaketak egiteko, Urkulluren ildotik. Nekez aritu beharko dute, LOMCE legea onartuta, Espainiako Gobernuak ezarriko baititu eduki nagusiak aurrerantzean. Beraz, orain arte baino aukera murritzagoa izango dute autonomia erkidegoek egokitzapenetarako. Jose Iribasek ere erreforma aplikatzeko epeak estuak direla dio, baina ez du aparteko eragozpenik ikusten heldu den irailean martxan jartzeko.

2.000 milioi euroko inbertsioa

Wertekin Madrilen eginiko bileraz baikor agertu da Nafarroako Hezkuntza kontseilaria. Aitortu du «pixka bat kezkatuta» joan zela, kontu batzuk aldatzeko premia zegoela iritzita. Dena den, helburu «garrantzitsuak» lortu dituztela goraipatu du. Iribasen esanetan, Espainiako Hezkuntza Ministerioak konpromisoa hartu du datozen urteetan 2.000 milioi euroko inbertsioa egiteko, «LOMCEren ezarpena errazte aldera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.