Valdediosko hiltzaileen apologia

Gaur zabalduko dute, Iruñean, America 66 erregimentuari buruzko erakusketa; talde horrek 17 pertsona hil zituen Asturiasen

Hilketak izan Villaviciosa herrian biktimak gogoratuko dituzte, elkarretaratze bat eginez
Valdediosen Arantzadiko kideek egindako indusketak.
Valdediosen Arantzadiko kideek egindako indusketak. ARANTZADI

Edurne Elizondo -

2014ko maiatzak 23
«Erakusketa hau Alemanian debekatuta egonen litzateke». Victor Luis Alvarezenak dira hitzak, Asturiasko Memoria Historikoaren Elkarteko presidentearenak (Gijon, Espainia, 1945). Erakusketa Iruñean eginen dute, ordea, Nafarroako hiriburuko Ziudadelan. Espainiako armadako America 66 erregimentua omenduko dute, artearentzat erakusleiho den udalaren espazio horretako paretetan. Espainiako Defentsa Ministerioak antolatu du, 1764-2014. 250 urte Espainiaren zerbitzura izenburupean. Gaur zabalduko dute, inaugurazio ekitaldi ofizialik gabe, eta ekainaren 1era arte egonen da.

Historia beltza da Espainiako Gobernuak goraipatu nahi duen America 66 erregimentuarena. Historia bizia, gainera, indarrean baita unitate militar hori, oraindik ere. Ez dio, gainera, bere iraganari uko egin. «Erregimentu bat familia bat da, eta han zerbitzatzen dutenek oinordetzan hartzen dituzte euren arma ekintzak, beren argi-ilunekin», azaldu dute erregimentuko militarrek, prentsa ohar baten bidez, erakusketaren harira.

1937ko urrikoa arma ekintza ilunenetakoa izan zen. Hamazazpi pertsona hil zituen erregimentuak, Asturiasen (Espainia), Villaviciosa kontzejuan. Haietako hamalau erizainak ziren, eta bortxatu egin zituzten hil aurretik. 15 urteko neskato bat zegoen tartean.

1936ko gerra piztu eta gero, Oviedoko ospitale psikiatriko bateko langileek Villaviciosa kontzejuko Valdediosko monasterioan aterpe hartu zuten. Medikuak eta erizainak ziren gehienak. 1937ko urrian, egun America 66 izena duen erregimentuko kideak ailegatu ziren herrira. America 23 izena zuen lehen, eta talde hartan bat egin zuten Nafarroako brigadek eta Arapiles batailoiak. «Herrira ailegatu eta hainbat egun egon ziren han militarrak, deus gertatu gabe»; 1937ko urriaren 26an besta egin nahi izan zuten arte.

«Afaria prestarazi zieten langileei; eta besta amaituta, gau hartan, hil egin zituzten. Lekukoek erran zutenez, emakumeen arropak lurrean barreiatuta gelditu ziren. Bortxatu eta gero hil zituzten. Beren hobi bilakatu ziren zuloak eginarazi zizkieten, gainera», azaldu du Alvarezek.

2003. urtean egin zituzten gorpuak lurretik ateratzeko lanak, Arantzadiko Paco Etxeberria auzi medikuaren zuzendaritzapean. Arrasto haien atzeko historia ezagutzen ahalegindu da Victor Alvarez geroztik. «Valdediosen gertatu zena ahapeka kontatu da beti. Beldurrak isildu egin ditu herritarrak», nabarmendu du.

Errepresioa Asturiasen

Alvarezek ez du isildu nahi. Asturias gogor jo zuen 1936ko gerrak, nabarmendu duenez. «4.000 pertsona baino gehiago fusilatu zituzten, gerra kontseilua egin eta gero; eta bertze 4.000 pertsona baino gehiago desagerrarazi zituzten». Biktima horien memoria «iraindu» egiten du America 66 erregimentuari buruzko erakusketak. Horixe salatu du Alvarezek. «Erakusketa hori egiteak agerian uzten du memoria historikoaren legeak ez duela deusetarako balio; kea bertzerik ez dela», kritikatu du.

Espainiako memoriaren legea ongi ezagutzen du Alvarezek. Frankismoaren biktima baten senide da hura. Haren aitak zazpi urte egin zituen kartzelan. «Armada errepublikanoko teniente izan zen. Heriotza zigorra ezarri zioten, eta zazpi urtez egon zen mehatxu horrekin espetxean. II. Mundu Gerraren harira, ordea, aliatuen beldur, hainbat preso aske utzi zituen Francok, tartean nire aita. 1944. urtean utzi zuen kartzela».

Aita eta frankismoaren bertze biktimak inoiz baino gehiago ditu gogoan Alvarezek egunotan. Prentsaren bidez jaso zuen gaur Iruñeko Ziudadelan zabalduko duten erakusketaren berri. «America 66 erregimentuak ez du omenaldirik merezi, desohorea baizik», erran du. Milaka herritarrek egin dute bat Alvarezekin, eta eskatu dute erakusketa bertan behera uzteko, baina Espainiako Defentsa Ministerioak aurrera jarraitu du. «Hori gertatzen da frankismoaren garaiko jende bera dagoelako boterean; gauzak ez dira aldatu».

«Frankisten eta faxisten indarkeria sistematikoa izan zen. Errepublikanoek ere eragin zuten errepresioa, baina frankistena bertze modu batekoa izan zen. Jornaleroak zapaldu zituzten jauntxoen aurka altxatu ziren. Faxistek, berriz, etsaitzat jo zituzten guztiak desagerrarazi nahi izan zituzten», azaldu du Asturiasko Memoria Historikoaren Elkarteko presidenteak. Valdediosen gertatu zena da horren adibide, Alvarezen hitzetan: «Medikuak eta erizainak hil zituzten; ez ziren politikaren esparruan lanean ari ziren pertsonak. Hil ez zituztenak ere gogor zigortu zituzten. Errepresioa krudela eta sistematikoa izan zen».

America 66 erregimentua oraindik martxan dagoela erantsi du Alvarezek, eta horrek azaltzen duela, bertzeak bertze, Valdediosko hilketen eta gisakoen inguruko ikerketak egiteko zailtasun hagitz handiak izatea. «Erakundeek behin baino gehiagotan utzi dituzte hutsean gure ahaleginak. Ez dute, benetan, memoria historikoa jorratu nahi. America 66 erregimentua egungo armadako unitate bat da, eta ez dute ukitu nahi».

Asturiasko herritarren artean, ordea, Euskal Herrian bezala, zalaparta handia sortu du Espainiako armadak prestatu erakusketak. Gaur arratsalderako, elkarretaratze bat antolatu dute memoria historikoaren esparruan lanean ari diren elkarteen federazioko kideek. 1937. urteko hilketak gertatu ziren toki berean eginen dute, Valdediosen, biktimak gogoratzeko, eta omentzeko.

Biktimen senitartekoak biziki mindu ditu America 66 erregimentuari buruzko erakusketak. «Ezin dut sinetsi. Ez dago hitzik sentitzen dudana azaltzeko. Valdediosen gertatu zena gertutik bizi izan dugunon aurkako eraso bihozgabea da», erran du Antonio Piedrafitak, egunotan, Asturiasko hainbat hedabidetan. 1937ko urrian hildako hamazazpi pertsonetako bat zen haren aita.

Piedrafitaren aita America 66 erregimentuak hil zuen. Eta erregimentu horren omenez zabalduko dute gaur erakusketa, Iruñeko Ziudadelan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna