Kontrairaultzaren mezenasa

Matxinaden eragina mugatzeko asmoz, Saudi Arabiak Jordaniari diru laguntza eman dio, eta GCC erakundera hurbildu du

Saudi Arabiak Irani egotzi dio Persiako Golkoko herrialdeetan protestak sustatzea
Saudi Arabiako tropak Bahrainen sartzen, martxoan.
Saudi Arabiako tropak Bahrainen sartzen, martxoan. WWW.CAMPAIGNIRAN.ORG

Mikel Rodriguez -

2011ko abuztuak 7
Jordaniako Atzerri ministro Nasser Jude Bahrainen eta Qatarren izan berri da, hango monarkien ordezkariekin biltzeko. Saudi Arabiara joatekoa ere bada, Jordania GCC Golkoko Lankidetzarako Kontseiluan integratzeko negoziazioekin hasteko. Sei herrialdek osatzen dute erakunde hori: Saudi Arabiak, Qatarrek, Arabiar Emirerri Batuek, Kuwaitek, Bahrainek eta Omanek. Denek bi ezaugarri nagusi dituzte: monarkia sunitak daude agintean, eta petrolioa dute aberastasun iturri nagusiena. Jordanian ere monarkia sunita dago agintean, baina ez da Persiako Golkoko herrialdea, eta baliabide naturalen aldetik GCCko herrialdeetatik urruti dago. Horregatik, Jordania talde esklusibo horretan sartzeko asmoen gibelean matxinaden eragina dagoela uste dute arabiar herrialdeetako hainbat hedabidek. Izan ere, GCCk, eta batez ere hango herrialde nagusi Saudi Arabiak, errebolten eragina kontrolatu nahi dute kosta ahala kosta, monarkien estatus pribilegiatua mantendu ahal izateko.

Teoria hori zenbait gertakarik indartzen dute. 1980ko hamarkada erdialdean, adibidez, Jordaniako Hussein erregeak GCCko kide izateko eskaria egin zuen, bertzeak bertze, kanpo zorrari aurre egiteko laguntza behar zuelako. Izan ere, armada modernizatzeko milaka milioi dolar gastatu zituen. Kontseiluko herrialdeek, ordea, ez zioten eskaera onartu.

Bi hamarkada geroago, ordea, GCCk iritziz aldatu duela dirudi. Iragan udaberrian hasi ziren Jordania erakundera batzeko lehen kontaktuak. Ordurako, Egipton eta Tunisian Hosni Mubarak eta Zine el Abidine ben Ali kanporatu zituzten, eta Bahraingo monarkia egoera larrian zegoen. «Jordaniak GCCren behar larria du bere arazo ekonomikoei aurre egiteko, eta GCCk Jordaniak segurtasun arloan eta arlo militarrean duen esperientzia nahi du». Labib Kamhaui Jordaniako analistak adierazitakoa da lehen harremanen berri izan zenean. «GCCko herrialderen batean zerbait gertatzen bada, Bahrainen bezala, Jordaniak ezinen du esku hartu GCCko kidea ez delako».

Ordutik honat, GCCren eta Jordaniaren arteko harremana azkartu egin da. Joan den hilaren bukaeran Jordaniako agintariek baieztatu zutenez, 1.000 milioi euroko laguntza helarazi zien Saudi Arabiak. Defizit publikoari aurre egiteko erabiliko zuela adierazi zuen Jordaniak. Izan ere egoera ekonomikoak eta aldaketa politikorako nahiak bultzatuta milaka lagunek manifestazioak egin dituzte urte hasieratik, gainerako herrialde arabiarretako eredua jarraiki. Egoera ez da Tunisiaren edo Egiptoren larritasunera ailegatu, baina monarkiari egoera zaila sortzeko nahikoa izan da. Erreformak agindu arren, protestak ez dira eten. Gauza bat da Mubarak edo Ben Ali estutasunetan egotea, baina GCCri ez zaio komeni bere esparru geografikotik hurbil dagoen monarkia bat kinka larrian egotea.

Golkoko 'gerra hotza'

Saudi Arabiaren diru laguntza horren truke, Jordaniak GCCrekin konpromiso zehatz bat bete beharko du. Baliabide militarrak kontseiluaren eskura paratu beharko ditu «Iranek sustatutako konspirazioen defentsan». Izan ere, Persiako Golkoak bere gerra hotz partikularra dauka bi eredu antagonikoren artean: monarkia sunita, eta errepublika xiita. Saudi Arabia da lehen ereduaren potentzia, eta Iran bigarrenarena.

Golkoko herrialdeetako protestek gainerako nazio arabiarrengandik ezaugarri bereziak izan dituzte. Xiitak herritarren kopuru garrantzitsua dira GCCko herrialde batzuetan, eta monarkia sunitek baztertuta dituzte oro har. Horregatik, protestetan pisu handia izan dute xiitek. Saudi Arabiak, baina, Irani egotzi dio matxinada horiek sustatzea.

Kasu argiena Bahraingoa da. GCCko herrialdeetan istilurik larrienak pairatu ditu. Gainera, herritar gehienak xiitak diren kontseiluko herrialde bakarra da. Monarkia sunitak egoera kontrolatu ezin zuela ikusita, GCCri laguntza eskatu zion, eta Saudi Arabiak eta Arabiar Emirerri Batuek tropak bidali zituzten iragan martxoaren 14an. Arabiar herrialdeetan protestak hasi zirenetik, erregimenaren aldeko nazioarteko esku hartze bakarra izan da. Mendebaldeak ez zuen deus erran horren kontra. AEBentzat, gainera, plaza garrantzitsua da Bahrain, bertan baitu Bortzgarren Gerra Ontzidia, Golkoko urak eta Iranen mugimendu oro zaintzeko indar militarra. Bahraingo xiitentzat Irango errepublika islamikoa eredua izan da. 1981ean, adibidez, talde batek estatu kolpe saiakera egin zuen Irango eredua ezartzeko. Horregatik, Teheranen eraginaren ustezko arrisku hori aitzakiatzat erabili du Riadek tropak Bahrainen sartzeko. The New York Times-en arabera, «Kuba xiita» bat sortzea saihestu nahi izan du. Alderaketa egokia da, Kuba AEBetatik bezain gertu baitago Bahrain Saudi Arabiatik.

Gertutasun horrek, hain zuzen, haizatu ditu Saudi Arabiaren beldurrak, Ekialdeko Probintzian, Bahraingo kosten parean, xiitak baitira gehienak. Saudi Arabia osoan %10-15 diren arren, ekialdean %75 dira. Haiek egin dituzte monarkiaren aurkako protesta gehienak. Uztailaren bukaeran AI Amnesty Internationalek salatu zuen Saudi Arabiak Terrorismoaren Aurkako Legea gogortu duela «protestak itotzeko asmoz». AIk dioenez, epaiketarik gabeko atxiloketa epea luzatu dute, abokatuek laguntzeko eskubidea murriztu, eta heriotza zigorraren erabilera gehitu. AIk salaketa egin eta egun batzuetara, Riadek protestetan atxilotutako 40 preso xiita askatu zituen.

Yemenera eta Siriara begira

«Karriketako egonkortasunaren eraginez agintariek aske utzi dituzte preso hartutako manifestariak, Bahraingo egoera lasaitu ondotik, ekialdean ere herritarren protestak baretu direlako». Zaki al Sadir kazetari eta ekintzaileak emandako azalpena da.

Errepresioa gogortu, Jordania GCCra hurbildu, eta Bahrainen kontrol militarra ezarri arren, Saudi Arabiaren buruhausteak ez dira hor bukatzen. Hegoaldean, adibidez, Yemenen arazoa du. Urteetan Ali Abdala Saleren erregimena sostengatu du, baina hark ez du orain herrialdea kontrolatzeko indarrik, eta gerra egoera nagusitu da. Errefuxiatu olde baten eraginaren beldur da Riad. Iparraldean, berriz, Siria dago. Iranen aliatua da Bashar al Assaden erregimena, baina Saudi Arabiak oraingoz ez du haren oposizioa sustatu, aternatiba ere bere interesentzat txarra izateko beldurra baitu, Saddam Hussein erortzean Iraken gertatu bezala.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna