Urtebetean enplegu bulegoetara beste 28.700 Iangabe batu dira

Hego Euskal Herrian 221.027 langabe izatera heldu dira abenduan, hilabete horretan langabezia jaitsi egin bada ereSindikatuek beharrezkotzat jotzen dute murrizketak alboratzea eta politika aldatzea

Maite Alustiza.
2013ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Azken urteotako langabezia daturik txarrenarekin hasi zen 2012. urtea, 200.000 langaberen langa pasatuta, etaurtea amaitzerako are luzeagoak egin dira enplegu bulegoetako ilarak: 221.027 lagun daude izena emanda Lanbiden eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuan, urtarrilean baino 15.000 gehiago eta 2011ko abenduan baino 28.687 gehiago. Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoak atzo plazaratutako datuen arabera, abenduan azaroan baino 1.891 langabe gutxiago zenbatu dituzte Hegoaldean; hala ere, jaitsiera hori ez da inondik inora nahikoa izan urte osoko gorakada zuzentzeko.

Lurraldeka, urteko azken hilabetean Nafarroan soilik gehitu dira langabeak; asko ez, ordea: azaroan baino 95 lagun gehiago batu dira enplegu bulegoetara. Bizkaian jaitsi da gehien langabe kopurua azarotik abendura —1.174 lagun gutxiago—, baina, aldi berean, urtebetean langabe gehien izan duen lurraldea da: 94.811 lagun daude lanik gabe Bizkaian, 2011ko abenduan baino ia 13.000 gehiago (%15,7). Gipuzkoan 47.688 langabe daude guztira, duela urtebete baino 6.558 gehiago (%15,9); Nafarroan 51.944 dira abenduan enplegu zerbitzuetan izena emana zutenak —%10,6 gehiago—. Araban igo da gehien langabe kopurua urtebetean: 26.584 lagun dira —%18,8 gehiago—.

Hego Euskal Herria aintzat hartuz gero, gehiago dira lanik ez duten gizonezkoak emakumezkoak baino: guztira 110.869 gizon, emakumeak baino 700 gehiago. Lurraldeka, ordea, Araban eta Gipuzkoan gehiago dira lanik gabe dauden emakumeak —13.402 Araban eta 24.613Gipuzkoan—.

Sektoreei erreparatuz gero, oraindik ere zerbitzuetan dago langabe gehien; dena den, abenduan sektore horretan besteetan baino gehiago jaitsi da langabezia: 136.254 langabe ziren abenduan, aurreko hilean baino 2.741 gutxiago. Enplegurik gabekoen artean, %3 gutxitu da langabeen kopurua urteko azken hilabetean, eta %0,1 nekazaritzan. Gizarte Segurantzara afiliatuta daudenenak 1,1 milioi lagun dira Hegoaldean, 2011ko abenduan baino 45.820 gutxiago.

Sindikatuen kezka

Abenduko datuak urte osokoak baino hobeak izan arren, sindikatuak urtebete atzera begira jarri dira. LABek ohar baten bidez azaldu du abenduko emaitzek ez luketela «ilusio faltsurik» piztu behar, eta gogorarazi du orain arte egin den politika «porrota» besterik ez dela izan krisitik ateratzeko ahaleginetan. «Botere ekonomikoaren erasoei» aurre egiteko indarrak batzea ezinbesteko dela iritzi dio. Langabeziari aurre egiteko bestelako eredu bat sortzearen alde agertu da.

ELAren arabera, murrizketa politikak ez aldatzeak ekarri du langabezia handitzea: «Ezartzen ari diren politikak langabezia, babes sozialik eza eta pobrezia areagotzen ari dira, eta, era berean, lana dutenen baldintzak kaskartzen». Sindikatuak uste du «arazorik nagusiena» langabezia den arren arduradun politikoak ez direla «inolaz ere» horretaz arduratzen.

LABek bezala, Euskadiko CCOOk ere uste du abenduko datua «fikziozkoa» dela, eta beharrezkotzat jo du politika aldatzea. Langabeekin ez ezik, inolako diru sarrerarik jasotzen ez dutenekin ere kezkatuta agertu da sindikatua. UGT-Euskadik ekonomiaren eta enpleguaren alde egingo duten politikak eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.