Beste sumindu bat

Iberdrolak inbertsioak murriztuko ditu Hegoaldean eta Espainian, azken energia erreformek galera ekarri diotelakoGaroñako zentrala berriz irekitzea zaila ikusten du Ignacio Sanchez Galanek

Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidentea, atzo, Londresen, 2013ko emaitzen berri ematen. DAVID SALAS / EFE.
Iker Aranburu.
2014ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuaren energia erreforma egurtu dutenen zerrenda luzeak beste izen bat du atzoz geroztik, Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidentearena. Erreforma horrek 800 milioiko kostua ekarri zion iaz Bizkaiko argindar konpainiari, eta beste 1.300 milioirena ekarriko omen dio aurten. Erreforma hori dela-eta, Hego Euskal Herrian eta Espainian egingo dituen inbertsioak gutxituko ditu Iberdrolak, eta ziklo konbinatuko zentral batzuk itxiko ditu. Garoñako zentral nuklearra irekitzea ere zaila ikusten du Sanchez Galanek, hori egiteko baimena iristear dirudien arren.

Espainiako Gobernuaren aurkako mezua zabaltzera Londresera joan zen Sanchez Galan, han aurkeztu baitzituen — eta ez Bilbon edo Madrilen—2013ko emaitzak. Bere espainiartasunaz harro azaldu zen Salamancako enpresa buruzagia, baina Mariano Rajoyk neke handiekin bultzatu nahi duen Marca España-ren ontzia hondoratzeko moduko esaldia bota zuen: «Une honetan, espainiarrak baino gehiago, britainiarrak, estatubatuarrak edo mexikarrak gara».

Scottish Power, Energy East (AEB), Elektro (Brasil) eta beste erosketa eta inbertsioen bidez, erabateko multinazionala da gaur egun Bilbon sortutako enpresa. Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo lortzen dituirabazi mardulenak, eta beste herrialde horietan egingo ditu datozen urteotan inbertsiorik esanguratsuenak: %41 izango dira Erresuma Batuan, %17 AEBetan eta %23 Latinoamerikan. «Araudi egonkorra duten herrialdeetara joango dira inbertsiorik gehienak», argudiatu zuen Sanchez Galanek.

Guztira, 9.600 milioi izango dira 2014 eta 2016 artean, %46 zentralak edo beste azpiegiturak eraikitzera, eta %54 daudenak mantentzera. Horietatik, 1.500 milioi iritsiko dira Hego Euskal Herrira eta Espainiara (2.000 milioi azken planean). Berez, hemen, azpiegituren eskasia baino gehiago, soberakina dago. Errua, betiere Sanchez Galanen arabera, ez dute hazkunde garaian ziklo konbinatuko zentralak ireki eta ireki aritu ziren konpainia elektrikoek, «energia politikek baizik». Bere zentral batzuek dirua galtzen dutela ziurtatu zuen; eguneko hainbat ordutan itxita daude, haien beharrik ez dagoelako, eta energia berriztagarriek sarean lehentasuna dutelako. Are gehiago iaz, denboraleek eta euriteek energia eolikoaren eta hidraulikoaren ekoizpena handitu zutenean. Hortaz, «dirua galtzen badute, itxi egin beharko dira». Euskal Herrian ziklo konbinatuko hiru zentral ditu Iberdrolak, Bahia de Bizkaia eta Santurtzi (Bizkaia) eta Castejon (Nafarroa).

Beste enpresa tradizional batzuk ez bezala, Iberdrola ez da energia eolikoaren bultzadaz kexu —munduko liderren artean dago arlo horretan—, eguzki-energiak jasotako laguntzez baizik. Horiei agindutako sariak jaitsi dituzte azken bi gobernuek, eta, horien ondorioz, dagoeneko ez dira errentagarriak; plaka fotovoltaikoak jartzeko eskatu zituzten maileguak itzultzeko zailtasunak dituzte milaka herritarrek, bereziki Nafarroan.

Auzitegietarako bidean

Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroak tarifaren defizita gutxitzeko hartu dituen beste neurri batzuek bete-betean eragin diote Iberdrolari: eolikoari ere sariak txikitu dizkie, argindar sorkuntzaren gaineko zerga bat sortu du, eta kostu txikiagoak onartzen dizkio energia banatzeagatik eta garraiatzeagatik. Konpainiaren arabera, 801 milioi iaz, eta 1.310 milioi 2014an. Iberdrolak jakinarazi zuen erreformaren atal batzuk auzitara eramango dituela.

Neurri horiek guztiek ez dute eragotzi iaz 4.000 milioi euroren defizita eragitea (ustezko) kostuen eta diru sarreren artean, eta herritarrentzat argindarra garestitzea aurrerantzean ere —%70tik gora 2004tik hona—. Errua, berriro ere, gobernuei egotzi zien Sanchez Galanek, fakturaren bidez ordaintzen direlako argiarekin zerikusirik ez duten gauzak.

Espainiako Gobernuak aurki indarrean jarriko duen tarifa berria ere kritikatu zuen Sanchez Galanek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.