Abidjango borrokek hondamendia eragiteko arriskuaz ohartarazi dute

Duekoue hirian gatazka etnikoen ondorioz egun bakar batean gutxienez 800 pertsona hil direla jakinarazi du Gurutze GorriakGbagboren aldeko indarrak uste baino indartsuago ari dira erantzuten erasoei

2011ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Laurent Gbagbo azken astinduak ematen ari da Boli Kostan. Uste baino erresistentzia gogorragoa egin die, ordea, Alassane Ouattararen indarrei, iragan azaroko hauteskundeetan garaile atera zen hautagaiaren aldekoei. Abidjan hirian borroka odoltsuak izan ziren atzo. Herrialdean lan egiten duten gobernuz kanpoko erakundeek ohartarazi dute erasoek hondamendia eragiteko arriskua dagoela.

Abidjan hartuz gero Gbagboren eta Ouattararen arteko hilabeteetako borrokari amaiera emango zaiola uste dute oposizioko kideek. Izan ere, herrialde ia guztia hauteskundeetako garailearen esku dago jada. Horrexegatik, Abidjangoa gatazkaren azken kapitulua dela uste dute. Hiria hartzea, ordea, uste baino zailagoa ari zaio suertatzen oposizioari.

Ouattararen gobernuak ordena eta segurtasuna ahalik eta azkarren berrezarriko dituela iragarri du. Izan ere, harrapakatzeak eta ekintza bandalikoak gailendu dira hiri osoan, ostegunean bi aldeen arteko erasoak hasi zirenetik. Ouattararen gobernuak segurtasuna bermatzeko behar beste neurri hartu ez dituela onartu du, baina Gbagboren miliziei bota die lapurreten eta erasoen errua.

Presidentearen egoitzan, presidentearen jauregian eta telebista publikoaren egoitzan izan dira borrokarik latzenak. Ouattararen aldekoek iragarri dute presidentearen egoitzaren kontrola hartu dutela borroka gogorren ostean; Cocody auzoan dago egoitza. Orain, presidentearen jauregian eta Agbango kuartelean erresistentzia indarrak garaitzea da haien helburua. Azken horretan, hain zuzen ere, Gbagboren aldeko polizien eta militarren goi karguak gotortu dira. Gbagbo, berriz, presidentearen jauregian dagoela uste dute, sendiarekin batera.

Telebista kate publikoaren egoitza berriz hartzea lortu duteGbagboren indarrek. Eta hori erabili dute soldaduak mugiarazteko mezua zabaltzeko.

Bestalde, Abidjango 1.400 herritar Frantziako soldaduek hirian duten base militarrean bilatu dute babesa. Horien heren bat frantsesak dira. Hain justu, kanpotarrak arpilatze eta erasoen jomuga bilakatu dira. 1.100 soldadu frantsesek herrikideak bizi diren auzoak patruilatzen dihardute ostegunaz geroztik.

800 hildako Duekouen

Iragan asteartean Duekoue hirian gutxienez 800 lagun hil zirela azaldu du Gurutze Gorriak. Ouattararen eta Gbagboren jarraitzaileen arteko gatazken ondorio dira hilketak erakundearen aburuz. Gertakaria «basakeria» izan dela esan du.

Zibilen aurkako erasoak gaitzetsi ditu Gurutze Gorriak, eta kontrolpean duten eremuko herritarrak babesteko ardura duela gogorarazi die gatazkako bi aldeei. Giza Eskubideen Nazioarteko Federazioak ere «sarraskia» salatu du eta zibilen aurkako erasoak saihesteko neurriak hartzeko exijitu die Ouattarari eta Gbagbori.

Herenegun NBEk adierazi zuen gatazkak hasi zirenetik kasik beste 500 lagun hil zirela. Horrez gain, bi aldeek giza eskubideak urratu dituztela salatu zuen, eta informazioa egiaztatuz gero erantzuleek Nazioarteko Zigor Auzitegian erantzun beharko dutela azaldu zuen.

Gatazkatik ihesi

Herrialde osoan gailendu den bortizkeria egoeratik ihesi dabiltza bolikostar asko. Hainbatek Ghanako muga zeharkatu dute egunotan. Herritarrekin batera hainbat jendarmek eta soldaduk ere ihes egitea erabaki dute.

Mugan dagoen Ampaingo errefuxiatuen kanpalekuko arduradunek ohartarazi dute bolikostarren etorrera masiboa dela-eta bitartekorik gabe geratu direla. Hori horrela, baliabide gehiago eskatu dituzte; izan ere, datozen egunetan errefuxiatuen etorrera handitzea espero dute, gatazka amaitu ezean.

NBEren arabera, bi presidentegaien gatazkak milioi bat iheslari eragin ditu iragan abenduaz geroztik. Ghanako muga, berriz, 5.000 lagunek baino gehiagok zeharkatu dute.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.