Banca Civicak eta Caixabankek gaur onartuko dute bat egitea

Fusioarekin, Espainiako finantza sistemako erakunderik handiena bihurtuko da Caixabank, 14 milioitik gora bezerorekinBanca Civica desagertu egingo da; CANek Caixabanken kapitalaren %1 izango du

2012ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Caixabankeko eta Banca Civicako akziodunek gaur onartuko dute bi erakundeen bat egitea, propio horretarako antolatu dituzten ezohiko batzarretan. Operazioa onartzeak Banca Civicaren desagertzea ekarriko du, eta orain arte hura osatu duten lau aurrezki kutxak —Nafarroako Kutxa (%16,1), Cajasol (%16), CajaCanarias (%11,3) eta Caja Burgos (%11,3) — Caixabankeko akziodun bihurtuko dira. Nafarroako Kutxak (CAN) kapitalaren %1 izango du, hutsaren hurrena.

Izan ere, Banca Civica irentsita, Espainiako finantza sistemako erakunderik handiena bihurtuko da Caixabank, Santanderren eta BBVAren aurretik: 342.000 milioi euroren aktiboak izango ditu, burtsan 16.000 milioi eurotik gorako kapitalizazioa izango du, 14 milioitik gora bezero, 6.590 bulegoko sarea eta 32.715 langile. Aktiboetan merkatuaren %10,5 kontrolatuko du, gizabanakoentzako produktuetan %15 eta bulegoetan %16,2. Bat egitea gauzatu ostean, Caixabank liderra izango Nafarroan eta bigarren erakundea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Caixaren bankuak 979 miloi euro pagatuko ditu Banca Civicaren truke. Beste modu batera esanda, akzioko 1,97 euro edo Caixabankeko bost akzioko Banca Civicaren zortzi, dirutan konpentsazio osagarririk gabe. Huskeria bat da, iazko uztailean, burtsan kotizatzen hasi zenean, %27 gehiago balio baitzuen.

Gauza bertsua gertatu zaio Nafarroako Kutxari ere. 2009ko irailean, beste hiru aurrezki kutxarekin bat egin eta Banca Civica sortzeko prozesuaren atarian, 1.300 milioi euroren kapitala aitortzen zioten kontu liburuek. Iazko uztailean, Banca Civicak burtsara jauzi egin zuenean, 216 milioi euro balio zituen erakunde nafarrak. Urtebete geroago, erraldoi katalanak 157 milioi euro besterik ez ditu ordainduko haren truke.

Caixabankek ez du laguntza publikoen beharrik izango Banca Civica irensteko.

Berregituratzea, abian

Gaur Caixabankeko eta Banca Civicako akziodunei dagokie operazioa babestea. Baina langileek, behintzat Banca Civicakoek, duela hilabete pasatxo egin zuten urrats hori, CCOO eta UGT sindikatuetako haien ordezkariek sinatu zituzten bi akordiorekin. Bat egitea babesteko akordioa zen bata eta lan arlokoa zen bestea.

Itxura denez, fusioa gauzatu ostean, Banca Civicako 1.500 langile kaleratuko ditu Caixabankek. Batetik, erretiro aurreratuak sustatuko ditu, gutxienez sei urtez lan egin duten eta 1957 eta 1958 artean jaioak diren langileen artean. Azken bi urteetan 1.100 langilek hartu dute erretiro aurreratua Banca Civican, eta datozen hilabeteetan beste horrenbestek hartzea nahi dute; Nafarroako Kutxan ehun langile ingururi eragin diezaieke horrek. Bestetik, borondatezko kaleratzeen aukera jarriko du mahai gainean. Uztailaren 15a baino lehen alde egiten dutenek lan egindako urte bakoitzeko 45 eguneko kalte-ordaina jasoko dute, eta geroago alde egiten dutenek, 35 egunekoa. Urtebeterako borondatezko kontratu eteteak ere ezarri nahi ditu erakunde katalanak.

Lan arloko neurri horiekin guztiekin, 1.200 lanpostu inguru kendu nahi ditu Caixabankek. Helburua lortzen ez badu, behartutako kontratu eteteetara joko du, alegia, zuzeneko kaleratzeetara.

Sindikatuetako ordezkariek zuzendaritzakoekin sinatutako akordio horiekin, Banca Civicako eta Caixabankeko langileen lan baldintzak parekatzeko prozesua ere abiatu zuten. Baldintzak hobetzen diren kasuan, bost urteko epea ezarri zuten.

Akordioek ez dute zehazten zenbat bulego itxiko dituzten, baina LABen esanetan, Nafarroako Kutxako egoitza nagusiko zerbitzu gehienak kendu egingo dituzte, eta langile batzuk lantokiz aldatzera behartuko dituzte, horietatik gehienak Kataluniara. Zenbait adituk diote egituraren %10 eta %15 murriztu beharko duela Caixabankek.

Erakundeak berak esan duen bakarra da Banca Civica erosteak 1.100 milioi euroko berregituratzeko kostuak eragingo dizkiola —zergak kanpo utzita—. 2014tik aurrera, berriz, sinergiei esker urtean 540 milioi euro aurreztea espero du.

Adicae banku erabiltzaileen elkarteko ordezkariak Caixabankeko eta Banca Civicako akziodunen batzarretan izango dira gaur, erakunde horietako akziodun txikien interesak defendatzeko. Batzarrak hasi baino ordu erdi lehenago elkarretaratzeak egingo dituzte lehentasunezko parte hartzeen auzian eta burtsaratzeetan erakundeek egindako kudeaketa salatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.