Frantziak islamisten aurkako esku hartze militarra hasi du Azawaden

Frantziako tropak Malikoei elkartu zaizkie tuaregen lurraldearen hegoaldeko Konne hiria berreskuratzeko kontraerasoan

Parisek NBEren Segurtasun Kontseiluaren ebazpenik gabe hasi du esku hartzea

Mikel Rodriguez -

2013ko urtarrilak 12
Azken hilabeteetan bidea ireki ondotik, hasi da nazioarteko esku hartze militarra tuaregen Azawad lurraldean. «Frantziako armadako indarrek Malikoei lagundu diete gaur arratsaldean [atzo] elementu terroristen aurka», jakinarazi zuen François Hollande Frantziako presidenteak, Parisko Eliseo jauregitik. Operazioak «behar adina denbora» ere iraunen duela adierazi zuen Hollandek, eta erabakia justifikatu zuen erranez «Maliko zibilak» eta herrialde horretan dauden Frantziako 6.000 herritarrak babesteko hartu dutela. Dioncounda Traore Maliko presidentearekin hitzartutako erabakia izan da. Hain zuzen, nazioarteko esku hartzea hastearekin bat, Traorek larrialdi egoera ezarri du Malin.

Ansar Dine eta Mujao Afrika Mendebaldeko Batasunaren eta Jihadaren Mugimendua talde islamistek herenegun Konne hiria hartu ondoren etorri da Frantziaren esku hartzea. Konne Azawadeko hegoaldeko muturrean dago, Maliko Mopti hiritik 60 kilometrora. Islamistek Mopti hartuko balute, Bamakotik 600 kilometro baino gutxiagora kokatuko lirateke. Berri agentziek zabaldu dutenez, Frantziako tropekin batera Nigerkoek, Nigeriakoek eta Senegalgoek parte hartu dute erasoaldiaren hasieran.

Atzoko gertaeren kronologiak nahasmena sortu du, hala ere. Arratsaldean Frantziako tropek erasoaldia hasi zutela berretsi aitzinetik, goizean bertze agerraldi bat egin zuen Hollandek. Bertan, Malin esku hartzeko prest zeudela jakinarazi zuen, baina betiere NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluaren babespean. Hollandek lehenbiziko agerraldi hori egin baino ordu batzuk lehenago mintzatu zen Segurtasun Kontseilua. Premiazko bilera bat egin zuen Parisen eskariz, hain zuzen. NBEren organo gorenak nazioarteari eskatu zion Maliko Gobernua laguntzeko, eta Segurtasun Kontseiluak berak iragan hilean baimendutako Afrikako herrialdeen misioa «lehenbailehen» hedatzeko.

Egun osoan, berri agentziek, Maliko armadaren iturriak aipatuta, argitaratu zuten jada Frantziako eta Alemaniako soldaduak Sevareko aireportuan zeudela, Moptitik gertu, eta hegazkin militarrekin parte hartzen ari zirela Konna berreskuratzeko erasoaldian. Alemaniako Gobernuak, baina, ukatu egin zuen bere soldaduak operazioren batean parte hartzen ari zirela.

Fabiusen azalpenak

Iluntzean, Laurent Fabius Frantziako Atzerri ministroak argitu zuen Parisen jarrera. «Talde terrorista eta kriminalak herrialde aliatu baten existentzia bera arriskuan paratzen ari direnean, zilegitasun politiko nabarmena dago», erran zuen operazioa justifikatzeko. «Eta eztabaida juridikotan hasiz gero, Maliko Gobernuak egindako eskaria daukagu, eta Nazio Batuen ebazpen guztiak». Beraz, Fabiusek onartu zuen Frantziak ez duela esku hartze militarra abiarazi NBEren Segurtasun Kontseiluaren ebazpen jakin baten eskari edo baimenarekin.

Hala ere, Frantziako Atzerri ministroak erran du Segurtasun Kontseiluko herrialdeekin, Europako herrialde «gehienekin», Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Elkartearekin eta Afrikako Batasunarekin «kontsultatu» dutela gatazkan sartzeko erabakia azken bi egunetan. «Erabaki larria da, baina beharrezkoa Mali terroristen esku gera ez dadin». Fabiusek adierazi du «terroristek» Azawadetik hegoalderantz erasoaldia hasteko «nazioarteko erabakiek hartzen direnetik aplikatzen diren arte dauzkaten epeak baliatu» dituztela; hau da, Segurtasun Kontseiluak Ecowasi eta Afrikako Batasunari baimendutako misioa oraindik ezarri ez denez, Frantziak esku hartu behar izan duela Malik lurralde gehiago ez galtzeko.

Hollande presidenteak, berriz, «elkartasun eta erantzukizun exijentzia» aipatu ditu. «Maliren existentzia bera mehatxatzen duen eraso nabarmen baten aitzinean gaude». Frantziaren erabakiari babesa agertu dion lehenbizikotariko herrialde bat Erresuma Batua izan da, William Hague Atzerri ministroaren mezu baten bidez.

Traore Maliko presidentea asteazkenean Hollanderekin biltzekoa da Parisen. Efe agentziak Maliko iturri militarrak aipatuta argitaratu duenez, Amadou Haya Sanogo junta militarreko burua borroka frontera joan da, Moptitik 70 kilometrora. Sanogok berak zuzendu zuen joan den martxoaren 22an Amadou Toumani Toure presidentea boteretik kendu zuen estatu kolpea. Praktikan, junta militarrak du boterea Malin, iragan hilean Cheick Modibo Diarra lehen ministroaren dimisioarekin erakutsi bezala —Sanogoren soldaduek atxilotu ondoren utzi zuen kargua—.

Aljeriaren mesfidantza

Frantziak inplikazio berezia hartu du Azawadeko auzian. Maliren eta haren mugan dauden herrialde guztiak kolonia izan zituen, eta iraganeko eragina berreskuratu nahi du. Gainera, Azawadek baliabide aberatsak ditu: petrolioa, gasa, uranioa, urrea...

Mendebaldeak bultzatutako esku hartzearekin Aljeria agertu da mesfidati, gehienbat NATOren operazioak Libian utzitako egoera ezegonkorraren ondoren. Akordio politiko baten aldeko adierazpenak egin dituzte Aljeriako agintariek. Horregatik, Django Sissoko Maliko lehen ministroa Aljerrera joan da asteburu honetan, Aljeriako Gobernua ere esku hartzearekin bat egin dezan konbentzitzeko. Aljeriak hego-mendebaldean egiten du muga Azawadekin.

MNLA Azawad Askatzeko Mugimendu Nazionalak iazko apirilean aldarrikatu zuen independentzia, baina azken hilabeteetan Ansar Dine eta Mujao talde islamistek gain hartu diote.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna