Duela urtebete baino %90 langile gehiagori eragin diete erregulazioek

Hego Euskal Herriko bi administrazioek 260 dosier onartu dituzte urtarrilean, iaz baino %54 gehiago

Donostia
2012ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Urtarrilak oso datu kezkagarria utzi du enplegu erregulazioei dagokienean. Hego Euskal Herriko bi administrazioek 260 dosier onartu dituzte hilabete bakar batean, iaz garai berean baino %54 gehiago. Are gehiago handitu da erregulazio horien eraginpean dauden langileen kopurua: %92. Iazko urtarrilean onartutako dosierrek 2.238 langileri eragin zieten; aurten onartutakoek, 4.293 langileri.

Hiru motatako erregulazioak ugaritu dira: kontratuak haustekoak —kaleratzekoak—, kontratuak aldi baterako etetekoak eta lanaldia murriztekoak. Kontratuak haustekoek 506 laguni eragin diete; etetekoek 3.568 laguni; eta lanaldia murriztekoek 219ri.

Corrugados Azpeitiakoak dira kaleratuetatik 87. Eta aurki gehiago izan litezke. Indarrean den erregulazio dosierra bukatzean, datorren ekainean, beste 60 langile kaleratuko dituela jakinarazi die zuzendaritzak; 305 langileko taldea 245 lagunera murriztu nahi duela, alegia.

Urtarrilaren bukaeran Alfonso Gallardo taldeak —Corrugados Azpeitiaren jabea— eta Eusko Jaurlaritzak egindako akordioak, baina, ez lioke enpresari horretarako aukerarik emango. Izan ere, bost milioi euroko laguntzaren truke, 2016ra arte egungo langile kopuruari eusteko konpromisoa hartu zuen taldeak. Langileak, ordea, inoiz ez dira fidatu izan enpresaren hitzarekin, eta Jaurlaritzari behin eta berriz eskatu diote bermeak exijitzeko.

Iragan udazkenean Azpeitiko lantegiko 140 langile kaleratu, eta gainontzeko 265i kontratuak aldiz batez eteteko erregulazio eskaera aurkeztu zuen Gallardo taldeak. Gipuzkoako lan ordezkaritzak, baina, ez zion eskaera onartu. Azkenean, 100 langile kaleratzearekin eta gainontzekoei lanaldia aldiz batez etetearekin konformatu behar izan du konpainiak.

Hain zuzen, duela bi aste gauzatu zituen 100 kaleratze horiek: 87 «borondatezkoak» eta gainontzekoak erretiro aurreratu bidez egindakoak. Langileek, baina,mehatxuak eta jazarpena salatu dituzte zuzendaritzaren aldetik, eta esan dute borondatezko kaleratze horiek ez direla horren borondatezkoak izan.

Orain, Alfonso Gallardok Mariano Raxoiren gobernuak onartu berri duen lan erreforma baliatuko du beste 60 langile kaleratzeko, aise frogatuko baitu bi hiruhilekoz jarraian jaitsiera izan duela irabazietan. Izan ere, enpresak galerak izan ditu azken bi urteetan: 45 milioi eurorenak 2010ean eta 30 milioi euro ingurukoak iaz —oraindik ez ditu emaitzak eman—.

Alfonso Gallardo ez da lan erreforma berria baliatuta langileak kaleratuko dituen enpresa bakarra. ELAren esanetan, Konecta BTOk dagoeneko egin du urratsa, eta 18 lagun bota ditu, haietatik 11 gaixo egonik lanera huts egiteagatik. Lan erreformako 52. artikuluak horretarako eskubidea aitortzen die enpresaburuei. Enpresak langileen ordezkariei jakinarazi dienez, alde bakarreko erabaki hori hartu du enpresa berregituratzeko arrazoi bakarrarekin.

ELAk jakinarazi duenez, lan egindako urte bakoitzeko 20 eguneko kalte-ordaina besterik ez die pagatu nahi enpresak 18 kaleratuei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.