Mozketa gehiago etorriko direlako, protestara irteteko eskatu du ELAk

Erreformaren babesean enpresek beldurraren diziplina darabiltela dio, langileei «xantaia» egin eta lan baldintzak okertzekoKrisiarekin, %156 handitu da inolako diru sarrerarik ez duten langabeen kopurua

2012ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Panorama beltza marraztu zuten Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak eta Mikel Noval ekintza sindikaleko arduradunak atzo, gizartearen eta ekonomiaren egoera aztertzeko Bilbon egindako agerraldian. Esan zuten orain artekoa hasiera baino ez dela izan; indarrean direnez gain, erreforma eta murrizketa gehiago etorriko direla. Hurrengoak hilaren 30ean, Espainiako Gobernuak 2012rako aurrekontu proiektua aurkezten duenean. Horregatik, herritarrei kalera irtetetko eta protesta egiteko eskatu zieten, martxoaren 29ko greban parte hartzeko, hori delako desadostasuna adierazteko bide bakarra.

Mariano Raxoiren gobernuak egin dituen erreformak —lan merkatuarena eta negoziazio kolektiboarena— esperotakoak zirela aitortu zuen Muñozek, «gastua 35.000 milioi euro murrizteko kalte handia egin beharra dagoelako». Eta datorren urtean ere bide beretik jarraituko duela ziurtatu zuen, Espainiako defizita BPG barne produktu gordinaren %3ra mugatzeko konpromisoa hartu duelako. Baina Madrilgo gobernuaren jarrera ez ezik, Eusko Jaurlaritzarena eta Nafarroako Gobernuarena ere gogor kritikatu zuen: «Raxoik esaten badu murrizketak ezinbestekoak direla, beste guztiek eskuak garbitzen dituzte».

Gobernu guztiak norabide berean ari dela adierazi zuen, guztiek helburu bera dutela: «Finantza botere guztia enpresa handien esku lagatzea». Hortik aurrerako guztia propaganda hutsa dela iritzi dio, beren burua zuritzeko eta murrizketen erantzule gisa seinalatuak ez izateko estrategia.

Gobernuak gustura eta patronala ere bai. Lan erreformari zukua ateratzen hasi direla jakinarazi zuen Muñozen. «Erreformaren babesean, enpresek beldurraren diziplina darabilte langileei xantaia egiteko». Soldatak jaistea eta lan baldintzak okertzea onartu ezean, kalerako ateak parez pare zabaltzen dizkietela salatu zuen. Eta hori enpresa askotan gertatzen ari dela, bai erdipurdiko emaitzak dituztenetan, baita oso onak dituztenetan ere.

Edozertarako prest

Horiek horrela, patronalarekin negoziatzerik ez dagoela esan zuen Muñozek, herrialdekako lan itunak erreformaren eraginetik babesteko LAB, CCOO eta UGT sindikatuek eta Confebask patronalak egindako ahaleginari erreferentzia eginez. «Orduan ez zeukan zentzurik, eta orain ere ez».

ELAko buruzagiarentzat, patronala «markatutako kartekin» jokatzen ari zen, negoziazio mahaia «amu» gisa zerabilen, bazekielako Madrilek nahi zuen guztia emango ziola erreformarekin. «Eta halaxe izan da. Zertara joango gara mahai horretara, txoriez eta landareez hitz egitera?».

Greba orokorraren ostean ere ELAk jarrera berari eutsiko diola ziurtatu zuen, eta ez dela patronalarekin lan itunak blindatzeaz negoziatzera eseriko.

Egoerak okerrera egingo du

Agerraldiaren zatirik handiena lan erreformaz hitz egiteko baliatu zuten arren, hartu zuten egungo egoeraren inguruko azterketa egiteko tartea ere. Lehenaz gain, egoerak okerrera egingo duela adierazi zuen Mikel Noval sindikatuko ekintza sindikaleko arduradunak. Ate-joka den atzeraldia dela eta, panorama orokor beltza marraztu zuen, «eta hemen are beltzagoa» izango dela ohartarazi, «dauden langabezia tasa altua eta babesgabetasunagatik».

Izan ere, Hego Euskal Herrian %15eko muga gainditu du langabezia tasak —%15,2koa da—,2008ko abuztutik langabeen kopurua %50 baino gehiago handitu delako. Kopuruak hazten jarraituko duela aurreratu zuen, Europako leku gehienetan baino martxa bizkorragoan, gainera, erregulazioak ezartzeko erraztasunengatik besteak beste. 2009az geroztik nabarmen jaitsi da dosierren eta haiek eragindako langileen kopurua, baina orain administrazioaren baimenik behar ez denez, ELAk gorakada espero du.

Eman zuen beste datu kezkagarriagorik: prestaziorik jasotzen ez duten langabeena. Krisia uste baino gehiago luzatzen ari denez eta lanpostu berririk sortzen ez denez, handitzen ari da iraupen luzeko langabeen kopurua. Krisia hasi aurretik —2008ko abuztuan—, 106.463 langabe zeuden Hego Euskal Herrian, eta horietatik heren bat inguru ziren inolako prestaziorik jasotzen ez zutenak 33.536 lagun. Aurtengo urtarrilean, berriz, 206.450 langabe zeuden, eta hamarretik lauk ez zuten inolako diru sarrerarik, 86.090 lagunek, hain zuzen, 2008ko udan baino %156k gehiagok. 44.800 langabeek —langabeen %21,7— diru sarrek bermatzeko errenta edo bestelako laguntzaren bat jasotzen zuten, eta 75.560k —langabeen %36,6— langabezia saria.

Sortzen diren lanpostu gehienak aldi baterakoak direla ere nabarmendu zuen Novalek. Iaz egindako kontratuen %93,8 behin-behinekoak izan ziren. Krisiarekin, kontratu kopurua murriztu egin da, baina aldi baterakotasuna handitu.

Eta egoerak okerrera egingo duela baieztatu zuen Novalek, hala dioela Nazio Batuen Erakundeak 2011ko merkataritzari eta garapenari buruzko txostenean, hala dioela Lanaren Nazioarteko Erakundeak eta hala dioela Nazioarteko Diru Funtsak ere, «neurritasun politikek hondamendira garamatzatela». Alternatibak badaudela ziurtatu zuen ELAko arduradunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.