Memoria bai, justiziarik ez

Sabra eta Xatilako errefuxiatu palestinarren sarraskiaz gero 30 urte igaro arren, errudunen kontra neurririk ez dute hartu oraindik

Libanoko falangista kristauek 2.000 bat lagun hil zituzten Israelgo armadaren laguntzaz

Ane Irazabal -

2012ko irailak 16
Ahmad Dawalik 17 urte zituen arreba, koinatua eta loba hil zizkiotenean. Orain bezala, Xatilan bizi zen, eta mundu osoa jo zuen sarraskiaren lekuko zuzena da. «Lagun batek deitu zidan kanpalekutik at zegoen mendixka batean zigarroak erretzera joateko. Israelgo tankeak ikusi genituen iristen». Beirut ondoko Sabra eta Xatila kanpalekuetan duela 30 urte pairatu zuten sarraskia gogoratuko dute gaur: inork hartu ez duen erantzukizuna eskatuko dute beste behin.

Bi guneen erdian dagoen mausoleoan bisitarien eta kazetarien presentzia handia da egunotan. Dawalik uste du urtemuga gogoratzea beharrezkoa dela, baina gogaituta sumatzen zaio hedabideen arretarekin: «Urtero gure existentzia eta erresistentzia aldarrikatzen ditugu, baina azkenaldian badirudi istorioa ez dela gurea; zentzu emozionala kendu diote».

Inguruan, gazte talde batek Palestinako hainbat alderditako banderak altxatzen ditu, hitzaldi inprobisatuak antolatzen dituen bitartean sarraskia gogora ekartzeko. Beste gairik ez da inguruan.

Gerra krimena

Ezer berririk ezin kontatu 1982ko irailaren 16an gertatu zenaren inguruan. Falangista kristau libanoarrek, Israelgo armadaren laguntzaz, bi guneei eraso, eta 2.000 hildako inguru utzi zituzten. Bi egunez, Libanoko Iraila izenez ezagutzen den sarraskirik odoltsuena pairatu zuen gerra zibilak.

Aditu gehienek mendeku gisa definitu dute triskantza. Baxir Gemayel Libanoko presidente kristau eta Israelen aliatua bonba-auto baten eraso batean hil izanak metxa piztu zuela esaten dute. Palestinarren eta siriarren aldeko taldeei egotzi zieten hilketa. «Libanoko gerra zibil luzean, mendeku baten mendekuaren ondorio izan zen guztia», nabarmendu du Rabih Salah ekintzaile palestinarrak.

Baina Israelen erantzukizuna ez du inork ezkutatzen. Ariel Sharon defentsa ministroaren gidaritzapean, armada israeldarrak Beirut mendebaldea okupatua zuen une hartan, eta miliziano falangisten ezkutu gisa jokatu zuen. «Kanpalekuak inguratu, eta sarrera guztiak blokeatu zituzten», adierazi du Dawalik. Ondorioz, mila miliziano falangista sartu ziren kanpalekuetan, eta 40 ordu iraun zuen sarraskia egin. Tartean, Israelek botatako argiztapen bengalek egun argiz mantendu zuten eremua —triskantzaren sinbolo bilakatu dira bengala horiek—. Sartaleku bilakatu ziren Sabra eta Xatila.

Sarraskiaren ostean guneetara sartzea lortu zuen Robert Fisk kazetari ezagunak; honela gogoratu du ikusi ahal izan zuena: «Gerraren gorrotoa zela-eta milaka pertsona hil ziren herrialde honetan. Baina Sabran eta Xatilan defendatzeko aukerarik gabe erori ziren biktimak. Masa hilketa bat izan zen, ezbehar bat —zeinen erraz erabiltzen dugun ezbehar hitza Libanon—, gupidarik gabeko gerra krimen bat». NBE Nazio Batuen Erakundeak hala berretsi zuen.

Biktimen kopurua ez da inoiz zehaztu. «Emakumeak, gizonezkoak, haurrak eta agureak. Ez zuten inolako bereizketarik egin», nabarmendu du Salahek. Israelek 800 hildako izan zirela adierazi zuen, baina Gurutze Gorriak 2.000 biktimatik gora zenbatu zituen. Torturak, bortxaketak eta ebaketak ez dira inoiz agertu estatistiketan. Desagertuak ez dituzte lurperatu.

Halere, palestinarrez gain libanoarrak eta siriarrak ere hil zituzten triskantzan. Trihab auzoan —kanpalekuetatik gertu dago— libanoar xiiten kontrako erasoa egin zuten falangistek. Um Khaderri bi seme hil zizkioten. «Kristaua ez zen edozeinen aurkako mendekua izan zen, aurrean topaturiko edonor akabatu zuten», adierazi du, begiak itxita.

Justizia aldarrikatuz

Nolanahi ere, unerik zailena, Dawaliren iritziz, sarraskiaren ostean berriz ere hastea izan zen: «Erasoak guneen %70 suntsitu zuen, eta berreraikuntza gogorra zein mingarria izan zen. Biktimen familiok, gainera, senitartekoak lurperatu eta justizia egin gabe aurrera jarraitu behar izan genuen».

Justizia egiteko beharra da, hain zuzen, urtemugan biktimen familiek eta bizirik ateratakoek etengabe errepikatzen duten ideia. «Ezin dugu gertatutakoa atzean utzi; gure erantzukizuna da justizia egin arte belaunaldi berriei historiari buruz hitz egitea», esan du Dawalik.

Izan ere, sarraskiaren erantzule politiko zein fisikoak ez dira inoiz epaitu. Haatik, Ariel Sharon eta Elie Hobeika —2002an eraildako Gemayelen ondorengoa— epaitzeko saioak ate atzera bota ziren. 2001ean biktimen 28 familiak gizateriaren kontrako krimenak leporatu zizkioten Sharoni Belgikako justizian. Halere, bi urteren ondoren, atzera bota zuten kasua. «Israelen zigorgabetasun unibertsala apurtu behar dugu. Nazioarteko komunitateak gerra krimenak babesteari utzi behar dio», nabarmendu du Dawalik.

Palestinarrek, ordea, Libano barruan jasaten duten baztertzea borrokatu behar dute lehenago. Marjinazio legal, ekonomiko eta sozialak Libanoko gizartetik at mantendu ditu hamarkada luzez. Errefuxiatu palestinarrek Libanon sufritzen duten ostrazismoa ezin da konparatu beste herrialdeetan duten trataerarekin. Egoera hori agerikoagoa da 1982an PAE Palestina Askatzeko Erakundea Libanotik kanporatu zutenetik. «Herrialde honek segurtasun kasu baten legez tratatzen gaitu», salatu du Salahek.

Sabran eta Xatilan urtero gogoratzen dute sarraskia. Denboraz amnesia eta zigorgabetasuna edo memoria eta justizia gailenduko diren palestinarrek ez dute zalantzarik: memoria bizirik eduki behar da. Dawalik argi dauka: «Batek bakarrik gogoratzen badu ere, zigorgabetasuna amaitzeko eta justizia egiteko aukerak bizirik iraungo du».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna