Inpugnazio batek EAJ-PP-PSEren esku utzi du Kutxaren zuzendaritza

Xabier Iturbek zuzenean hautatu du eragile sozialen ordezkaria, eta horrek saihestu du EH Bilduk gehiengoa izatea kontseiluanEH Bilduk inpugnatu egingo du erabaki hori, eta Permachek mafiarekin lotu du jazotakoa

Xabier Iturbe (erdian) Kutxaren Batzarraren bileraren, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Xabier Martin - Jon Fernandez
Donostia
2012ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Zapatuan Kutxak eragile sozialen hautagaitza (Kontseiluaren ordezkariaren) adin epea ez betetzeagatik baliogabetu ez balu, EH Bilduk Kutxako zuzendaritza lortuko zuen atzo. Baina ez da horrela izan. Inpugnazioaren ostean, espero zitekeena gertatu da. EH Bilduk ez du lortu Kutxako buruzagitza, eta, ondorioz, Kutxabankeko administrazio kontseilutik kanpo geratuko da seguruenik. Gipuzkoan EAJ-PP-PSE koalizioa gailendu zaio, CCOO eta Pixkanaka sindikatuek haien alde egin dutelako, eta eragile sozialen ordezkaria aldatu eta DYAko Javier Baraze izendatu zuelako Xabier Iturbek —Kutxako giza baliabideetako arduradun ohia da Baraze—, nahiz eta ordezkorik ez eduki Kontseiluak ordezko izateari uko egin eta gero. Kutxaren lehendakariorde PSE-EEko Jose Miguel Martin Herrera aukeratu dute, eta idazkari Iñigo Barandiaran, EAJkoa.

Hala ere, parez pare geratu ziren indarrak batzarkideek bozkatutako administrazio kontseiluan, eta zazpiko berdinketa baten ostean (Baraze bera abstenitu egin zen), bigarren bozketan, hautatu zuten Iturbe lehendakari. Mahaiko presidentea ordezkari zaharrena izatea erabakigarria izan zen. Jacinto Hernandez 69 urteko sozialistak —70 urte da muga kontseilari izateko; eragile sozialen zerrendako ordezkoak adin hori gainditzen zuelako baliogabetu zuen Kutxak hautagaitza— hautsi zuen berdinketa EAJ-PP-PSEren alde kalitatezko botoa erabilita. EH Bilduren arabera, estatutuek ez dute jasotzen adinduenaren kalitatezko botorik; PSE-EEren esanetan, berriz, EAEko Kutxen Legean jasota dago.

EH Bilduk lehendik ohartarazitako «iruzurra» salatu zuen. Joseba Permach Gipuzkoako Diputazioaren Kutxarako ordezkariak gogor kritikatu zituen gainontzeko alderdiek izandako «jarrera eta planteamendu mafiosoak». Jesus Mari Larrazabalek EH Bilduk batzarra inpugnatuko duela iragarri zuen. Zapatuan Kutxak egindako baliogabetzea ere epaitegietan dago dagoeneko.

«Gaur eta hemen, beharrezkoa da eztabaida politikoa amaitzea», erantzun zuen Iturbek bozketa amaitu bezain laster. «Norbaitek eztabaida politikoarekin jarraitu nahi badu edo Kutxa borroka politikorako jokaleku egokia dela uste badu, erakundeari eta gipuzkoar guztiei kalte egiten ari da», gaineratu zuen.

Hiru kutxetako administrazio kontseiluak hautatu zituzten atzo, eta Gipuzkoan zegoen ikusmin handiena, parez pare zeudelako EH Bildu (eragile sozialena gehituta) eta EAJ-PP-PSE koalizioa, sindikatuak alde zituelako: zazpina ordezkari hamabost kideko kontseiluan. Txanpon batek erabaki behar zuen hamabosgarrena. EH Bilduren alde izan bazen ere, baliogabetzeak eta azken izendapenak erabaki zuten azken emaitza: EH Bilduk zazpi, EAJk hiru, PSEk bi eta CCOOk, Pixkanakak eta DYAk bana.

Giroa bero egon zen Kutxako Batzarraren bozketan, eta baita kanpoan ere. Permachek gogor kritikatu zuen gertatutakoa bozketaren ostean: «Erabat lotsagarria izan da». Pertsona eta alderdi batzuk boterean eta eserlekuetan jarraitzearen truke «edozer egiteko gai» direla salatu zuen.

CCOOren botoa

Zeresana emango du CCOOk azkenean EAJ-PP-PSEren alde bozkatu izanak. Atzoko batzarrean bertan, ikusi ahal izan zen Stop Kaleratzeak elkartearen oihuetan; izan ere PPren kontrako greba orokorrera deitu eta kaleratzeen aurka eginda ere, haren aldeko zerrenda babestu du. EH Bilduk «politika neoliberaletan sakontzeko helburua duen EAJ-PP-PSEren hautagaitzari» botorik ez emateko eskatu zion bozketaren aurretik. Sindikatuak, ordea, EH Bilduren alde egiteko «bi oztopo gaindiezin» dituela azaldu du. Batetik, «Kutxabankeko integrazio ituna salatzeko mehatxua, Kutxa fusiotik aterako lukeena»; bestetik, Euskal Herriko lan itunerako esparrua proposatzea. Hala ere, atzo EAJ-PP-PSEren alde bozkatuta ere, haien kutxa eredutik urrun dagoela berretsi du. Kutxak Kutxabankera bidaliko dituen lau ordezkariek kutxaren batzarreko aniztasuna irudikatzea eskatu du.

Datozen egunetan erabakiko dute hiru kutxetako administrazio kontseiluek Kutxabankeko kontseilura zein ordezkari bidali. Atzoko bozketaren ondoren, Kutxari dagozkion lau ordezkariak EAJ-PP-PSEren zerrendakoak izango dira, azken orduko ezusterik ez badago.

EAJko eta PSE-EEko agintariek ez dute adierazpenik egin, baina Antonio Basagoiti EAEko PPren presidenteak bai. «Logikotzat» jo du EH Bilduri Kutxabanken sartzen ez lagatzea: «Kutxabankek ondo funtzionatzea eta bezeroak izatea nahi badugu ezin dute bertan egon Batasunakoek. Beharbada Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko presidenteak ez du ulertuko, berak onartu zituelako Bilduren zerrendak eta berak legeztatu duelako Sortu, baina nik ulertzen dut».

Nolanahi ere, ez da oraingoa EH Bildu Kutxabanketik kanpo lagatzeko emandako lehen pausoa. EAJren eta PPren arteko akordio bati esker iaz Kutxabankeko administrazio kontseilutik kanpo laga ituzten Bildu eta PSE. Oraingoan, ordea, EAJrekin eta PPrekin bat egin du PSEk.

EAJ Kutxabanken gidari

Gipuzkoan edozer gertatuta ere, argi zegoen EAJk segiko duela Kutxabank gidatzen. Hamabost ordezkarik osatzen dute Kutxabankeko administrazio kontseilua, eta BBK-k bederatzi eserleku ditu, Kutxak lau eta Vitalek bi. EAJk arazo barik kontrolatzen du BBK, eta PPrekin partekatzen du Vitalen gaineko kontrola.

BBKn karguan jarraituko du Mario Fernandezek. Vitalen Fernando Arangiz popularra izendatu dute lehendakari, EAJren eta PPren arteko itun bati esker. Carlos Zapatero ordezkatuko du Arangizek, azken urteotan PSE-EEren eta EAJren arteko akorido bati esker gobernatu baitu Zapaterok Vital.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.