Ipar Korea «gerra egoeran» Seulekin

Piongiangek jakinarazi du hemendik aurrera Iparraren eta Hegoaren arteko auzi guztiei gerra mugimenduekin erantzungo dielaMehatxua gerra erretorikaren parte dela pentsatu arren, alertan daude inguruan

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2013ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Tentsio dinamika larrian daude Korean, baina, hitzezko mehatxuez harago, egoera lehertzeko larritasuna zenbatekoa den ez dago jakiterik, nahiz eta ez dirudien gerrara bideragarria, adituen ustez. Ipar Koreak asteak daramatza, ordea, gerraren atariko adierazpenak egiten, ia egunero, eta oraingoan urrats bat egin du esanez Hego Korearekin «gerra egoeran» dagoela.

Honela azaldu dute Koreako Langileen Alderdiak eta Gobernuak atzoko egunaz sinatutako komunikatuan: «Une honetatik, Ipar-Hego harremanak gerra egoeran sartu dira, eta Iparraren eta Hegoaren artean sortzen diren auzi guztiei egoera horren araberako erantzuna emango zaie».Piongiangek ere bukatutzat jo du «ez gerrarik ez bakerik ez dagoen Koreako penintsularen egoera». Baina hori esanda dauka, eta ez da berria ere, Koreako gerraz geroztik (1950-1953) geratu den egoera baita; bake itun bat ezin izan zuten egin, eta armistizioan amaitu zen: teknikoki gerra egoeran daude, Ipar Korea alde batean, eta Hego Korea eta AEBak bestean. Azken aldi hau seigarrena da armistizioa bukatutzat jotzen duela Ipar Koreak. Hala ere,badaezpadako alerta jarria dago inguruan.

Atzo goizaldera larrialdi bilera bat egin zuen King Jong-un buruzagiak armadako jeneralekin, eta, erabaki zuenez, «egoera ikusita garaia da AEBetako inperialistekin zorrak kitatzeko». Jarraian, Piongiangek misil unitateak Hego Korean eta Pazifikoan AEBek dauzkaten baseei begira jartzeko agindua eman zion armadari, jaurti aurretiko posizioan. Bezperan B2 bonba hegazkin estatubatuarrek Hego Korean egindako hegaldien erantzuna izan da.

Kaesong industrialdea

Ipar Koreak neurri horiek hartu eta gutxira Kaesong industrialdea ixteko mehatxua egin zuen, bi herrialdeek partekatzen duten proiektu bakarra. Ipar Korearen lurraldean dago, mugatik kilometro gutxira, eta 123 enpresa hegokorear daude han.

Ipar Korean den eskulan merkea baliatzen du Hegoak, eta ordainean, Ipar Koreak diru sarrera garrantzitsuak eskuratzen ditu. Nahiz eta krisiak etengabekoak izaten diren Ipar eta Hego koreen artean, Kaesong ez dute itxi ireki zutenetik, 2002tik. Atzo ere, larunbat arrunt bat izan zuten, Hego Koreako Batasun Ministerioak azaldu zuenez.

Mehatxu berriaren gogortasunaz ohartu da Seul, hala ere, mugimendu bereziak sumatu baitituIpar Koreako tropetan, eta estrategia politikoaren parte direla uste arren, «probokazioari» erantzuteko plana mahai gainean dutela agertu du Defentsa Ministerioak. Gerrak lehertzea Kim Jong-unen erregimenarentzat suizidioa litzatekeela uste arren, liskarrak izan litezkeela uste dute, eta arriskutsuak. AEBei presio egin nahi die negoziatzera eseri eta akordioren bat lor dezaten, Kim Jong-un buruzagi berriak herritarrak bereganatzeko jokoa egiteaz gainera.

Jendetzak parte hartu zuen herenegun Piongiangen ordu eta erdiko manifestazioan, haien artean armadako kide askok, gobernuak armetara egindako deialdia babesten dutela erakusteko asmoz. Asteon gerraontzi txikiak maniobrak egiten aritu dira Hego Korearekiko mugatik gertu, Seulgo Defentsa Ministerioaren arabera, eta egin ditzaketen mugimendu guztiak zaintzen ari dira ordutik.

Ipar Koreak otsailean egindako proba nuklearraren ondoren Nazio Batuen Erakundeak martxoaren 8an ezarritako zigorren ondorioa dira mehatxuok. Hego Koreak eta Japoniak elkar hartuta jo zuten NBEra zigor eske, 2006ko eta 2009ko proben ondoren egin zuten bezala. Ekimena AEBekin koordinatu zuten; izan ere, hiru horiek baitira Ipar Korearen etsai historikoak. Oraingoz, egoerak ez dirudi mahai batean konponduko direnik.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.