Erreferendum bat baino gehiago

Parte hartzea uste baino apalagoa izan da Egiptoko konstituzio berriari buruzko galdeketan, militarren kalterakoAl-Sisi jeneralaren karrera politikoa bultzatzeko proba izan da erreferenduma

Ane irazabal
Kairo
2014ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
«Amaitu dira tontakeriak. Egiptok lider indartsu bat behar du: gizartea batzeko eta erabaki ekonomiko zailak hartzeko gai izango den presidente bat», adierazi du Mushira deituriko emakume batek Kairo erdiguneko bozkaleku batean. Abdel Fata Al-Sisi Defentsa ministroari ez dio aipurik egin emakumeak, baina hari buruz ari da. «Garrantzitsua iruditzen zait baietz esatea; izan ere, militarrei erakutsi behar diegu haiekin gaudela eta bide orria babesten dugula», erantsi du, atzamarreko tinta gorria erakutsiz.

Mushirak ezin hobeki islatzen du egun azken bi egunetan Egiptoko bozkalekuetan nagusi izan den gogo aldartea. Herritar gehienek ez dute nahi beste krisi politikorik, eta konstituzio berria egonkortasunaren sinbolotzat jo dute. «Hiru urte daramatzagu zeharo geldirik. Noski, ez dugu nahi beste diktadura militarrik, baina are arriskutsuagoa iruditzen zait Anaia Musulmanek ezarri nahi izan zuten erregimen islamista», adierazi du Suha Abdel Manar abokatuak.

Hala, konstituzioaren nondik norakoak bigarren mailan geratu dira erreferendumean. «Ez da araudi perfektu bat, baina ez daukagu beste aukerarik: hori edo kaosa», uste du Yosmi Blafez epaileak. Militarrek bultzaturiko Gurekin edo gure aurka kanpainak eragina izan du egiptoarrengan. Kairo zabaleko bozkalekuetan ideia berak errepikatu dira. «Ez dut konstituzioa irakurri, baina Al-Sisirengan sinesten dut. Ziur naiz egiptoar guztiok ordezkatzen gaituela», erantsi du Osman Rashid izeneko agureak, jeneralaren alde Nasr Hiriaren eremuan egindako elkarretaratze batean. Botoa ematera joatea konstituzioari baietz esatearen sinonimo bilakatu da. Araudi berriaren kontra daudenek ez bozkatzea erabaki dute.

Inoiz baino gehiago, aurrera begiratzeko nahia erakutsi dute egiptoarrek herri galdeketan. «Baietz bozkatuko dut, turismoa itzul dadin nahi dudalako», iritzi dio Yosmi deituriko gizonezko batek. Anaia Musulmanenganako gorrotoa ere ez da salbu geratu. «Garaipen eguna da gaurkoa. Terroristak [anaiartea] mapa politikotik kanpo utzi ditugu, eta orain gure herria berreraikitzeko garaia da», uste du Aleya Abdel Ghayyar izeneko emakumeak. Zalantzarik gabe, herritarren nekeari probetxu atera diote agintariek, eta «etorkizunaren konstituzio» gisa aurkeztu dute araudi berria.

Ilara luze askorik ez

Edonola ere, parte hartzea ez da izan uste zen bezain handia. Hany Mahmud Administrazio eta Garapenerako ministroak atzo emandako datuen arabera, asteartean %28 ingurukoa izan zen herritarren partaidetza. Berrogei bozkalekutan egindako kalkulu batean oinarritu da ministroa, eta, datu ofiziala ez den arren, bat egiten du bozkalekuetako epaileek emandako batez bestekoekin. Parte hartzea gorabehera handikoa izan da erreferendumean, eta ilara luzeak ez dira nagusitu bozkalekuetan. Asteartean jende andana animatu zen botoa ematera, baina asteazkenean hautesle baino segurtasun indar gehiago ikusi ahal izan ziren, oro har.

Parte hartze txikia ez da albiste on bat militarrentzat. Horregatik, behin-behineko gobernuak bozkatzera joateko azken deia egin zuen atzo. «Joan denok batera botoa ematera. Egiptoko gizarteak erakutsi behar du ez duela beldur izateko arrazoirik», esan zuen Adli Mansur presidenteak, baiezkoa eman ondotik. Parte hartze handia izatea ezinbestekoa da Egiptoko armadarentzat, baina, batez ere, Abdel Fata Al-Sisi jeneralarentzat. Izan ere, estatu kolpea bultzatu zuen Defentsa ministroak bere karrera politikoaren abiapuntutzat jo du erreferenduma. «Egiptoko herriaren nahia» entzungo zuela esan zuen iragan astean, eta presidentetzarako bozetara aurkezteko benetako bultzada eman diezaiokete emaitzek. Funtsean, partaidetza masiboak zilegitasuna emango lioke militarrek hezurmamituriko bide orriari.

«2012ko erreferendumean izandako partaidetza aise gaindituko dugu», uste du Sheam izeneko ekintzaile nasseristak. Mohamed Mursiren agintaldian egindako herri galdeketak %35eko parte hartzea izan zuen, eta %63,8rekin onartu zen. Datu horiek gainditzeko gai izango diren ikustea da orain gakoa.

Liskarrak eta atxiloketak

Erreferendumean ezarritako muturreko segurtasun neurriek ez dute lortu protestak geratzea. Islamistek indar erakustaldia egin nahi izan dute beste behin, militarrek ezarritako bide orria ez dutela errespetatzen aldarrikatzeko. Halere, Kairon ezin izan dituzte manifestazioak aurrera eraman. Egiptoko hiriburuaren erdigunea militarren alde daudenen gotorleku bilakatu da estatu kolpetik. Anaia Musulmanek ezkutuan eta iritzia emateko aukerarik gabe igaro dute erreferenduma.

Araudi berriaren aurkako protestek, ordea, indar handiagoa izan dute Kairo kanpoaldean eta nekazaritza eremuetan. Mohamed Ibrahim Barne ministroaren arabera, bostehun gaztetik gora atxilotu dituzte erreferendumak iraun duen bi egunetan. «Bozkalekuei erasotzeko saioa egiten duenari munizio errealarekin erantzungo diogu», nabarmendu zuen Ibrahimek asteartean.

Hala, herri galdeketaren lehen egunean bederatzi lagun hil ziren; gehienak, Anaia Musulmanen jarraitzaileen eta segurtasun indarren artean izandako liskarretan. Baina, protesten gainetik, bonba bidezko erasoen beldurra zabaldu da egiptoarren artean. Kairoko Embaba auzoan jarritako lehergailu batekin hasi zenerreferenduma, eta bertako herritarrek aho batez erantzun zioten erasoari. «Botoa emango dugu; ez gara etxean geratuko», zioen auzo horretako bizilagun batek.

Edonola ere, islamistak ez dira izan atxilotutako ekintzaile bakarrak. Herri galdeketa hasi baino lehenago, Egiptoko Alderdi Sendoko zazpi kide atxilotu zituzten ezezkoaren aldeko pankartak banatzen ari zirelako. Denei epaiketa militar bat eror dakieke. Fiskalaren aburuz, «ekintzaileek konstituzioa errefusatzeko probokaziozko ekintzak egin dituzte, eta horrek segurtasun indarren kontrako haserrea eragin lezake». Erreferendumean, baiezkoa izan da aukera bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.