PSCko Bermeen Batzordeak alderdiko karguak kendu dizkie disidenteei aldi batez

Alderdiko boto diziplina haustea egotzita, behin-behineko zigorra jaso dute Geli, Elena eta Ventura parlamentariekPSCko zuzendaritza gaur da biltzekoa, alderditik kanporatzeko edo ez erabakitzeko

Samara Velte.
2014ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
PSC Kataluniako Alderdi Sozialistako Bermeen Batzordeak alderdiko organo nagusietatik at utzi ditu behin-behinean Joan Ignasi Elena, Marina Geli eta Nuria Ventura diputatuak. Joan den asteko bozketan boto diziplina haustea leporatuta, alderdiko zuzendaritzan eta Batzorde Nazionalean zeuzkaten karguak aldi baterako kentzea erabaki du, baina ez ditu alderditik kanporatu. PSCren zuzendaritzak gaur erabakiko du horri buruz.

Espainiako Gobernuari erreferendumak antolatzeko eskumena eskatzea erabaki zuen Kataluniako Parlamentuak joan den ostegunean. Bozketan, aldeko botoa eman zuten Elenak, Gelik eta Venturak, PSCko zuzendaritzak —Madrilgo PSOErekin adostuta— erabat debekatu zien arren; boto diziplina hautsiz gero, alderditik kanporatzeko mehatxua ere egin zien Pere Navarro idazkari nagusiak. Erreferendumaren alde bozkatuta, bi arau haustea egotzi diete: talde parlamentariotik aldentzea, eta PSOEren Kontseilu Nazionalarekin adostutakoa ez betetzea.

Esteve Terrades PSCren antolakuntza idazkariak eta Maurici Lucena talde parlamentarioko buruak atzo eguerdian egin zioten auzia aztertzeko eskaera ofiziala Bermeen Batzordeari, eta haren esku utzi zuen Elena, Geli eta Ventura zigortzeko erabakia. PSCren bost federaziotako zortzi kidek osatzen dute batzordea, eta haren lana alderdiko araudia eta kode etikoa betetzen direla ziurtatzea da. Atzo bertan, Fabian Mohedano zuzendaritza batzordeko kidea ere alderdiko organo nagusietatik at utzi zuen aldi baterako, ERCren ekitaldi batean parte hartzeagatik.

Zuzendaritzaren arabera, hiru diputatu disidenteek alderdiaren kode etikoa hautsi dute: arauak dioenez, erabaki politikoak taldearen barruko eztabaidatik sortu behar dira, eta behin hartuta, kide guztiek bete behar dituzte. Parlamentuko bozketaren aurretik, hainbat ordezkarik boto independentea emateko aukera eskatu zioten Navarrori, baina hark ukatu egin zien. Horregatik, Angel Ros Lleidako alkateak bere diputatu akta uztea erabaki zuen. Bozketaren ondoren, diziplina hautsi zuten hirurei gauza bera egiteko eskatu zieten, eta herenegun gauerdira arteko epea eman zieten akta itzultzeko.

Alderditik kanporatukobalituzte, PSCk hiru ordezkari galduko lituzke parlamentuan, eta laugarren indarra litzateke, Kataluniako PPren atzetik. Disidenteek, ordea, parlamentuan duten eserlekuari eustea erabaki dute. «PSCk ordezkatzen ez duen sektore sozialista bat ordezkatzen dugu», esan du Gelik: «Gu kanporatzea sektore hori kanporatzea litzateke». Elenaren arabera, diputatuek «jokabide erdeinagarria, legez kanpokoa edo moral publikoaren aurkakoa» erakusten dutenetan gerta daiteke kanporatzea. Bermeen Batzordearen erabakiari helegitea jarriko diola iragarri zuen atzo iluntzean: «Batzordearen aurrean iritzia ematea gustatuko litzaidake».

Bartzelonako primarioak

PSCren barruko zatiketak alderdiko maila guztietan eragin du. Bartzelonako alkategaia aukeratzeko lehia hasi zen atzo: sei hautagai aurkeztu dira primarioetara; tartean, gutxienez, sektore kritikoko hiru. Jordi Marti PSCren udal taldeko presidenteak iragarri du bere hautagaitza bertan behera utziko duela alderdiak inor kanporatzen badu: «Ezinezkoa da ideia eta proiektuekin borrokatzea zuzendaritzaren begirada mehatxagarria gainean daukazunean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.