Kieveko Independentziaren plazan sartu da Ukrainako Polizia

Muturreko taldeek liskarrak berriro piztu ondoren hamahiru lagun hil dira; gobernuak protestekin indarrez bukatzea erabaki du

Oposizioak konstituzioaren erreforma eta hauteskundeak aitzinatzea exijitu du orain
Suziriak eta leherketak ikusi zituzten atzo iluntzean Kieveko Independentziaren plazan.
Suziriak eta leherketak ikusi zituzten atzo iluntzean Kieveko Independentziaren plazan. IGOR KOVALENKO / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko otsailak 19

Ia hiru hilabeteren ondoren, akitu da Ukrainako Gobernuaren pazientzia. Poliziaren istiluen aurkako Berkut unitate bereziak atzo iluntzean sartu ziren Kieveko Independentziaren plazan, oposizioko jarraitzaileak bidaltzeko asmoz. Erabaki hori ekarri zuen txinparta goizean piztu zen, parlamentuaren inguruan hasitako istiluekin, eta azken egunetako zenbait neurrik distentsiorako irekitako tartea ezerezean gelditu zen. Iturri ofizialen arabera, gutxienez hamahiru lagun hil ziren atzo, azaroan krisia lehertu zenetik hildako guztien bikoitza. Edizio hau ixterakoan, Independentziaren plazako borrokak ez zeuden bukatuta, eta Viktor Janukovitx presidenteak oposizioko hiru alderdi nagusietako buruzagiekin larrialdiko bilera bat egitekoa zuen.

Konstituzioaren erreforma eztabaidatzekoak ziren atzo goizean parlamentuan, oposizioak 2004ko konstituzioa ezarri nahi baitu berriz. Saioa hasi aitzinetik piztu ziren liskarrak Kieven. Bezperatik, oposizioko alderdien babesarekin Euromaidaneko mugimenduak (Independentziaren plazako kanpalekuari deitzen diote hala) 2004ko konstituzioaren aldeko manifestazio batera deitu zuen. Poliziaren lerroek babesten zuten parlamentua inguruko karriketan, eta manifestariek gehiago hurbildu nahi izan zutenean piztu ziren liskarrak. Eskuin muturreko taldeak Poliziarekin buruz buru borrokan hasi ziren, eta hortik aitzinera egoera okertu baino ez zen egin.

Talde horiek berriz ere eraikin ofizialak hartzera zuzendu ziren. Eguerdi aldera Kieveko udaletxea berriz ere hartzen saiatu ziren, eta lortu ez bazuten ere, sute bat piztu zuten han. Eraso larriena, ordea, agintean dagoen Eskualdeen Alderdiaren egoitzak pairatu zuen. Eskuin muturreko taldeek su eman zioten, eta gutxienez lagun bat hil zen kea arnasteagatik, Poliziaren arabera. «Jendea leihotik saltoka ari zen», adierazi zuen Poliziak ohar batean. Karrikaz karrika hedatu ziren borrokak, eta orduak aitzinera joan ahala Independentziaren plazara hurbilduz joan zen Polizia.

Kieven sartzea, mugatuta

Liskarrak gero eta larriagoak bihurtu ziren, eta bi aldeek suzko armak erabili zituzten. Atzo Kievetik hedatutako irudi eta bideo batean baino gehiagotan ikus zitezkeen zibilak eskopetekin eta pistolekin tiroka, eta poliziak errifleekin liskarren guneak apuntatzen. Iturri ofizialen arabera, denera hamahiru lagun hil ziren: zazpi zibil eta sei polizia. Hiru zibil bala zauriengatik hil ziren, baina Poliziaren bozeramaileak ez zuen zehaztu zeinek tiro egin zien. Polizia guztiak hil zituzten tiroz, Interfax agentziak Barne Ministerioko iturriak aipatuz jakinarazi zuenez. Iturri berberaren arabera, bertze 39 polizia zauritu zituzten balekin. Kieveko osasun zerbitzuen arabera, gutxienez 185 lagun artatu zituzten atzo, eta horietako 89 ospitaleratu. Liskarren ondorioz, Kieveko metroa ixtea erabaki zuen hori kudeatzen duen administrazioak, eta Ukrainako Gobernuak, berriz, gauerditik aitzinera hiriburura sartzeko asmoa duen trafikoa «mugatu» eginen zuela iragarri zuen, «borroken gogortzearen aurka neurriak hartzeko».

Eguerdia igarota, Segurtasun Zerbitzuak eta Barne Ministerioak ohar bateratu bat atera zuten, oposizioko jarraitzaile guztiei ultimatum bat emateko: «18:00etarako gehiegikeriak bukatu ezean, ordena berrezartzera behartuak izanen gara, legeak ematen dizkigun baliabide guztiekin». Ordu horietan, istiluetan parte hartu zuten ultra gehienak Independentziaren plazara erretiratu ziren, eta Poliziaren unitateak enparantza inguratzen hasi ziren. 18:00ak igaro ziren, baina poliziek plazako barrikaden parean segitu zuten. Iragarritakoa baino bi ordu geroago bete zuten ultimatuma. Eta orduan bai, borroka lehertu zen.

Mundu osoan milioika lagunek jarraitu ahal izan zuten zuzenean telebistan eta Interneteko streaming-en bidez plazaren hustea. Poliziak ezkutuekin babeserako formazioak osatuta egin zuen aitzinera Europa plazako eta Institutskaja karrikako sarreretatik, bidea irekitzeko ibilgailu blindatuekin eta ur txorrotadekin lagunduta. Barrikadak babesten zeuden ultrek hilabeteotan pilatutako arsenal osoarekin erantzun zieten —molotov koktelak, suziriak, harriak...—, eta suak, keak eta leherketen zaratek hartu zuten Independentziaren plaza. AFP agentziaren arabera, 25.000 lagun zeuden Polizia sartu zen unean. Bozgorailuak erabilita, enparantzatik alde egiteko eskatu zien Poliziak han bildutakoei. Euromaidaneko antolatzaileek megafonia ere etengabe eduki zuten martxan. Istiluek irauten zuten bitartean Ukrainako ereserkia eta abesti abertzaleak jarri zituzten, eta Russia Today telebista katearen arabera, «armatuta» zeuden lagunei Poliziari «eusteko» eskatu zieten hizlariek, bertzeak bertze.

Azaroaren bukaeran hasi zen gobernuaren eta oposizioaren arteko krisia, eta Independentziaren plazan indarrez sartu izanak mugarri bat ezarriko du. Oposizioaren ekintzen erdigunea izan da enparantza, karrikan lortutako boterearen sinboloa. Euromaidan izena paratu zioten EB Europako Batasunera hurbiltzearen aldekoak zirelako protesten sustatzaileak —maidan-ek plaza erran nahi du ukrainieraz—. Gatazkaren egoera blokeatuta zegoen, baina azken egunetan bazirudien distentsiorako tarte bat ireki zela: protestetan eta istiluetan atxilotutakoei ezarritako amnistia legea indarrean paratu zen herenegun, oposizioko taldeek Kieveko udaletxea eta bertze zenbait eraikin ofizial okupatzeari utzi zioten, eta gobernuaren eta parlamentuko oposizioko alderdien artean negoziaziorako zenbait bide irekita zeuden. Egun bakarrean, ordea, egoera zeharo okertu da. Oposizioko taldeek matxinada biziberritu dute 2004ko konstituzioa ezartzea eta hauteskundeak aitzinatzea aldarritzat hartuta. Ukrainako Gobernua EB Europako Batasunarekin negoziatzen ari zen elkartze akordioa bertan behera uzteak sortu zuen oposizioaren erreakzioa, baina orain hori bigarren mailako aldarrikapentzat utzi dute. Janukovitxen amore emateek ere —Mikola Azarov lehen ministrotzat zuen gobernuaren dimisioa, protestak gogorrago zigortzeko legeak bertan behera uztea...— ez dute oposizioa ase. Gainera, nahiz eta Janukovitxek negoziatu beharrekoa parlamentuko oposizioko kideekin negoziatzen duen, karrikan eskuin muturreko talde anitz indartu dira, eta haiek dira Poliziari eutsi edo eraso egiten dion, eta eraikin ofizialak okupatzen dituen abangoardia. Euromaidanen denak nahasita agertu dira, baina guztiek agenda bera duten ez dago argi.

AEBen mehatxu zuzena

Interes geopolitikoek xaxatutako gatazka izan da Ukrainakoa, eta nazioartetik Independentziaren plazako operazioari emanen zaion erantzunak garrantzia erabakigarria izanen du. Mendebaldetik, mehatxu argia egin diote AEBek Janukovitxi: «Hemendik aitzinera, AEBek Janukovitx eginen dute Ukrainan gerta daitekeen edozeren erantzule», adierazi dio Geoffrey R. Pyatt AEBek Kieven duten enbaxadoreak Zerkalo Nedeli egunkariari. Frank Walter Steinmeier Alemaniako Atzerri ministroak, berriz, adierazi du «zigor pertsonalak» ezartzeko aukera indartuko dutela.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Donostiako Ramontxu Berri tabernan egondako 683 laguni egin ziete proba, atzo ©Gorka Rubio / Foku

Hego Euskal Herrian, 492 positibo

Berria

Pertsona bat hil da Nafarroan, uztailaren 15etik lehena. Uztailaren 27tik abuztuaren 3ra Galdakaoko Muguru tabernan izan ziren 420 laguni PCR proba egingo diete, eta Donostian PCR-ak egiten jarraituko dute Ramontxu Berriko bezeroei.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, iragan astelehenean, Gasteizen ©Jaizki Fontaneda / Foku

«Erantzukizunerako» deia egin du Iñigo Urkulluk

Joxerra Senar

Sare sozialetan zabaldutako ohar batean, Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak ohartarazi du «denen artean ahal den guztia» egin behar dela lehen olatuan bizitako egoera dramatikora ez itzultzeko.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Eragile guztiekin biltzeko eskatu dio oposizioak Eusko Jaurlaritzari

Olatz Esteban Ezkati

538 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, iragan astean halako bi. Ospitaleratzeak ere bikoiztu egin dira egun batean: 103 pertsona daude erietxean.

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna