Kutxabank sortzeko akordioa hautsitzat jo dute Garitanok eta Izagirrek

Zerbitzu juridikoei eskatu diete bideak bila ditzatela «gipuzkoarren ondasunaren» pribatizazioa geratzeko

Garitano eta Izagirre, atzo, Donostian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Miren Garate.
Donostia
2014ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Kutxabanken sorrerari baiezkoa emateko Mario Fernandezen taldeak ezker abertzalearekin lortutako akordioa «errotik hautsita» dago. Horrela uste dute talde horretako ordezkari instituzional nagusiek, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Karlos Izagirre Donostiako alkateak. Ez dira, gainera, nornahi: Gipuzkoako Aldundiak eta Donostiako Udalak sortu baitzutenKutxabanken hiru osagaietako bat: Kutxa, alegia.

Hala aurkeztu zuten beren burua atzo, Gipuzkoako Aldundiaren egoitzan egindako agerraldian; «Kutxako erakunde sortzaileen izenean» ari zirela esan zuten. Gogorarazi zuten Kutxabank sortzeko akordioak hiru oinarri zituela eta hiru kutxetako batzarrek babestu zutela akordioa. Puntuak hauek ziren: gizarte ekintza mantentzea edo igotzea; langileek aukera izatea euren lan harremanak zein esparrutan negoziatu erabakitzeko (Euskal Herrian edo Espainian); eta banku berria «inola ere» ez pribatizatzea. Izagirreren esanetan, «ulergaitza eta harrigarria» da gertatzen ari dena, erakunde berriak hartutako konpromiso bakar bat ere ez baitu bete.

Obra sozialari dagokionez, zenbait jarduera esku pribatuetan uzteko «mugimenduak» daudela salatu zuen Donostiako alkateak, eta Onkologikoa jarri zuen adibidetzat. Instituzioekin partekatutako proiektuetako konpromisoak ere ez dituela bete gehitu zuen: «Tabakaleran, Inbiomeden, Kursaalean...». Erakundeek eskatutakoa ere ez duela bete gaineratu du, hipoteketan oraindik ere IRPH indizea aplikatzen baitu, etxeen desjabetzeak mantendu baititu eta herritarrak «kreditu lehortean» baitaude. Azaldu zuen langileek ez dutela izan erabaki esparrua aukeratzerik ere.

Pribatizazioa geratzen saiatuko dira Garitano eta Izagirre. Aldundiaren eta udalaren zerbitzu juridikoei eskatu diete aztertzeko zein aukera dauden «gipuzkoarrena den ondasuna pribatizatzea eragozteko». Garitanoren arabera, «desjabetzea» geratzeko «betebehar moral eta politikoa» dute. Bilera eskatu diote Xabier Iturbe Kutxako presidenteari, pribatizazio planak azaltzeko. Gipuzkoako gainerako alkateekin ere jarriko dira harremanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.