ELAk salatu du Osalanek lan istripuen datuak ezkutatu dizkiola

2009tik 162.300 lanpostu galdu dira Hego Euskal Herrian; horrek azaltzen du istripu hilgarrien jaitsiera, sindikatuaren ustezPrebentzio erakundeek 42 hildako zenbatu zituzten Hegoaldean; ELAk, berriz, 55

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2014ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak datuak «ezkutatzeko» hartutako erabakia «politikoa» dela dio ELAk. Orain arte lan istripuei buruzko datuak bidaltzen zizkion erakundeak sindikatuari, baina joan den urteko datuekin ez dute modu berean jokatu. Berdin gertatu zaie Nafarroako Osasun Publiko eta Laboralaren Institutuarekin ere; Osalanen jarrera da berritzailea, beraz. Horregatik, Leire Geredia Osasun arloko kideak onartu du sindikatuak «zailtasun handiak» izan dituztela ezbeharren inguruan urtero egiten duen txostena lantzeko garaian. «Batez ere istripu ez traumatiko eta in-itinere arlokoei dagokienez». Hori dela eta, «benetan gertatzen diren» ezbeharren tasa ezagutzeko bi erakundeen webguneetara jo behar izan dute.

Osalanek laneko ezbeharren inguruko datuak garaian lortzeko sindikatuari jarritako «traben» arrazoia zein izan daitekeen ondorioztatu du Adolfo Muñoz idazkari nagusiak: «Zenbait heriotza kasu laneko istripu gisa ez izendatzeagatik azalpenak ematea saihestu nahi dute». Izan ere, sindikatuak argitaratutako txostenaren arabera, azken urteetako joera berretsi egin da: Osalan eta Nafarroako Osasun Publiko eta Laboralaren Institutuek ELAk baino hildako gutxiago zenbatu dituzte. Muñozen ustez, Osalani txosten horiek ez zaizkio gustatzen, «garbi geratzen delako erakunde ofizialetatik kanpo bestelako zenbaketa batzuk badirela».

Joan den urteko laneko ezbeharren inguruko txostenak ere joera horri eutsi dio. Sindikatuak emandako datuak Osalan eta Nafarroako Osasun Publiko eta Laboralaren institutuek emandakoekin kontrajarriak baitira. ELAren arabera, Hegoaldean beharrean zeuden 55 langile hil ziren, eta 42 prebentzio erakundeen ustez.

Hildako gutxiago

Bien aldeek emandako hildakoen zerrenden artean ezberdintasunak egon arren, joera bat berretsi dute: azken urteetan lanaren eraginez langile gutxiago hil direla. Gerediaren ustez, horrek ez du prebentzio politikekin zerikusirik. «Berriro azpimarratuko dugu jaitsiera horren arrazoia krisiaren ondoriozko jarduera ekonomikoaren uzkurdura dela, eta ez arlo horretan ezartzen diren politikak». Eta datuekin arrazoitu du bere jarrera: Hegoaldean 162.300 lanpostu galdu dira 2009 urteaz geroztik, eta joan den urtean, 18.400. Lan istripuetan hildako langileak jaitsiera horren lekuko direla uste du. 2010ean 80 kasu zenbatu zituen sindikatuak.

Lan gaixotasunen arloan, erregistroak gora egin dute EAEn eta Nafarroan. Osalanek 2.779 agiri erregistratu zituen iaz —2012an, 2.706—, eta Nafarroan, bestetik, 1.517 —2012an, 1.322—. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoerari erreparatu dio, ordea, sindikatuak. Izan ere, bertan gaixo agiririk jaso ez duten kasu gehiago erregistratu ziren iaz. «Enpresetan gero eta jende gehiagok uko egiten dio gaixo agiria hartzeari, lanpostua galtzeko beldurrez», Gerediaren esanetan

Datu horiek guztiak eskuan, Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak eskaera zuzena egin die Hegoaldeko erakunde guztiei: eraikuntza publikoan lan hitzarmenak bete ditzatela. «Gobernuek patronalaren mezua eurena bihurtu dute, malgutasuna eta eraginkortasuna eskatuz». Eta horrek langileen osasunari zuzenean eragiten diela berretsi du.

Astelehenean, mobilizazioa

Aldarrikapen hori eramango du ELAk datorren astelehenean Bilbora, Lan Istripuen aurkako Nazioarteko egunean. Egun horren bueltan, berriz, Osalanek prebentzio politiketan sakontzeko aprobetxatuko du. Produktu kimikoekin lotutako zenbait jarduera aurreikusten ditu, prebentzioa sustatu eta agente kimikoen kalitatea neurtzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.