Frantziaren operazio militarra «behar beste» luzatuko da Malin

Frantziako armadak Konna berreskuratu du, eta pilotu bat hil da erasoan; Ecowaseko tropak batuko zaizkie bihartik aurrera

Ansar Dinek mendekua iragarri du, eta Hollandek «alerta terrorista» mailaz igo du

Jon Fernandez -

2013ko urtarrilak 13
Lehen helburua bete du: Frantziako armadak lortu du tuaregak Konnatik bota eta hiria Maliko Estatuarentzat berreskuratzea. Atzo, Jean-Yves Le Drian Defentsa ministroak adierazi zuen erasoaldi gogorra izan dela eta armadak gizon bat galdu duela bertan: Damien Boiteux Frantziako armadako pilotua hil zuten ostiralean Konnako erasoaldian —beste bandoan ehundik gora hil dira, Maliren arabera—. Bamakoko kaleetan ere Frantziako ehunka militar daude hiriburua eta Frantziako 6.000 inguru herritarrak «babesteko». Parisek iragarri du, gainera, luzerako joan direla Malira, «behar beste denbora» hartuko duela esku hartze militarrak. Mujao Afrika Mendebaldeko Batasunaren eta Jihadaren mugimenduarekin batera tuaregen Azawad lurraldea kontrolatzen duen Ansar Dine talde islamistak mehatxu zuzena egin dio Parisi, Maliri emandako babesa ordainaraziko diola esanez.

Jean-Marc Ayrault Frantziako lehen ministroaren esanetan, «beharrezkoa zen esku hartze militarra, mehatxu terrorista geldiarazteko». Mehatxua, gainera, ez zaie soilik Maliri edo Afrikari egin, Ayraulten ustez, baita Frantziari eta Europari ere. Serbal izenez bataiatu dute operazio militarra, desertuetan bizi den serbal katu basatiaren izena erabilita.

Frantziak argi laga du Alemaniaren, Erresuma Batuaren, Espainiaren eta Italiaren «babes osoa» duela, eta baita NBEren Segurtasun Kontseiluarena ere. AEBek, berriz, azaldu dute François Hollanderen gobernuarekin «harreman estuan» daudela. David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak, areago, esku hartze militarra «hauteskundeak eginda eta gobernu zibil bat osatuta amaituko litzatekeen prozesu politiko batekin sendotzeko» ebazpenak eskatu dizkio NBEren Segurtasun Kontseiluari.

Bihartik aurrera Maliko armadak Frantziako tropen laguntza ez eze Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Elkartearen tropen laguntza ere izango du. «Jihadistek okupatutako Maliren iparraldea berreskuratu behar da», nabarmendu zuen atzo Ali Culibaly Boli Kostako Integrazio ministroak. Boli Kostak du Ecowasen txandakako agintea, eta erakundeak hilak zeramatzan Malira 3.300 soldadu inguru bidaltzeko zain, Bamakoren armadarekin Azawadez jabetzeko.

Sanda Ould Boumama Ansar Dine talde islamistako bozeramaileak erantzun du ez dutela hiltzeko beldurrik: «Erresistentzian jarraituko dugu, geure burua defendatzen. Prest gaude gudu zelaian hiltzeko». Horrez gain, ohartarazi du Frantziari esku hartzea ez zaiola «doan» aterako, eta «mundu arabiarreko edozein lekutan dauden Frantziako herritarren kontrako erasoak» iragarri ditu. «Eta ez soilik bahitu frantziarren kontra». Hollandek, badaezpada, Vigipirate «plan antiterroristaren» alerta maila berehala igotzeko agindu du.

Aljeria, Tunisia eta Libia, urduri

Bitartean, larrialdi egoeran dago Mali. Dioncounda Traore Maliko presidenteak nabarmendu du «gerran» daudela, eta herritar bakoitza «aberriaren soldadu» bihurtu behar dela orain. Traorek bertan behera laga du datorren astean Parisen Hollanderekin egitekoa zuen bilera.

Maliko gatazka iazko martxoan lehertu zen. Hainbat soldaduk estatu kolpea eman zuten, eta nahasmendua aprobetxatuz, tuaregak iparraldeko Azawad lurraldearen kontrolaz jabetu ziren. MNLA Azawad Askatzeko Mugimendu Nazionalak independentzia aldarrikatu zuen apirilean, baina Ansar Dine eta Mujao taldeek gain hartu diote azken hileotan. Bitartean, kolpea eman zuen junta militarrak jarraitzen du boterean Malin. Frantziaren kolonia izana da Mali, eta baliabide aberatsez betetako 850.000 kilometro koadro hartzen ditu Azawadek —Frantziak 675.417 kilometro koadroko azalera du—. Batez ere Parisek ustiatu izan ditu hango uranio erreserbak, energia nuklearra elikatzeko

Parisen esku hartzearen ostean, Maliko krisiarekin «guztiz arduratuta» daudela adierazi dute Aljeriak, Tunisiak eta Libiak. Aljeriak, hain justu, muga egiten du Azawadekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna