Anaia Musulmanak talde terrorista izendatu ditu Egiptoko Gobernuak

Hasiera batean, Kairok Anaia Musulmanei egotzi zien Mansurako Segurtasun Zuzendaritzaren aurkako erasoaren erruaSegurtasun indarrek zainduko dituzte unibertsitateak eta islamisten topalekuak

Mikel Rodriguez - Samara Velte
2013ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Anaia Musulmanak «talde eta erakunde terrorista» izendatu ditu ofizialki Egiptoko Gobernuak; hemendik aurrera, terrorismoaren aurkako legeetara joko du taldearekin harremana daukan edonor zigortzeko. Egiptoko Ministroen Kontseiluak aho batez hartu zuen atzo arratsaldean erabakia, eta hura jakinarazibezain pronto hasi ziren neurria indarrean jartzen: ordu gutxiren buruan 60 islamista baino gehiago atxilotu zituen Poliziak Egiptoko hainbat hiritan, istiluak eragitea eta indarkeria bultzatzea egotzita.

Hain zuzen ere, antzeko akusazioengatik daude preso Anaia Musulmanetako goi kargudun gehienak. Mohamed Mursi presidente ohia uztailean boteretik kendu zutenetik, anaiartearen aurkako jazarpena handitzen joan da de facto-ko gobernuaren agindupean: azken urteotan ez da sekula erabat legezko izan, baina joan diren hilabeteetan geroz eta gehiago kriminalizatu dute haren jarduna. Mursik berak ofizialki uko egin zion Anaia Musulmanetan militatzeari 2012ko hauteskundeak irabazi zituenean, eta Askatasuna eta Justizia alderdi islamistarekin heldu zen gobernura. Azken hilabeteotan, ordea, hura ere debekatu dute, eta erakundeko kargudun nagusiak atxilotu dituzte bata bestearen atzetik. Azkena, herenegun bertan: Hixam Qandil, Mursiren garaian lehen ministro izandakoa. Atzoko sarekadan Gomaa Amin Mustafa Anaia Musulmanen buruzagi eta Askatasuna eta Justiziako diputatu ohiaren semea eraman zuten atxilo; Egiptoko berri agentzien arabera, Torako espetxera eraman dituzte biak. Han daude preso azken hilotan atxilotutako islamista gehienak; haietako 450 gose greban daude.

Mursiren gobernuari estatu kolpea eman ziotenetik, islamistek protesta jendetsuak antolatu dituzte Egipto osoan; hasieran meskitetan pilatzen zituzten jarraitzaileak, eta gero unibertsitateetan. Orain, armadak eta Poliziak kontrolatuko dituzte eraikin publikoak, eta gobernuak segurtasun indarrak igorriko ditu unibertsitateetara. Terrorismoaren aurkako legediak Anaia Musulmanetako kide den edozein pertsona zigortzea ahalbidetzen dio Kairori, baita taldeak antolatutako ekintzetan parte hartu, haiek finantzatu edo haien berri ematen duen edonor ere.

Atentatua Niloren deltan

Egiptoko Zigor Kodeko 86. artikuluan oinarrituta onartu dute Anaia Musulmanak erakunde terrorista izendatzea; Estatuari eraso egiten dioten taldeen aurkako zigorrak zehazten ditu lege horrek. Herenegun, atentatu larri batek astindu zuen Niloren delta: ekintzaile suizida batek Mansura hiriko Segurtasunerako Zuzendaritzaren atarian eztandarazi zuen gorputzera lotuta zeraman lehergailua. Gutxienez hamahiru pertsona hil ziren. Anaia Musulmanek berehala gaitzetsi zuten erasoa, baina gobernuak haiek jo zituen errudun. Handik ordu gutxira, Ansar Beit al-Maqdis talde islamistak hartu zuen bere gain atentatuaren ardura: «Musulmanen odola isurtzen duen gobernu apostataren» aurkako erasoa izan behar zuela azaldu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.