Anaia Musulmanak talde terrorista izendatu ditu Egiptoko Gobernuak

Hasiera batean, Kairok Anaia Musulmanei egotzi zien Mansurako Segurtasun Zuzendaritzaren aurkako erasoaren errua

Segurtasun indarrek zainduko dituzte unibertsitateak eta islamisten topalekuak

Mikel Rodriguez - Samara Velte -

2013ko abenduak 26
Anaia Musulmanak «talde eta erakunde terrorista» izendatu ditu ofizialki Egiptoko Gobernuak; hemendik aurrera, terrorismoaren aurkako legeetara joko du taldearekin harremana daukan edonor zigortzeko. Egiptoko Ministroen Kontseiluak aho batez hartu zuen atzo arratsaldean erabakia, eta hura jakinarazi bezain pronto hasi ziren neurria indarrean jartzen: ordu gutxiren buruan 60 islamista baino gehiago atxilotu zituen Poliziak Egiptoko hainbat hiritan, istiluak eragitea eta indarkeria bultzatzea egotzita.

Hain zuzen ere, antzeko akusazioengatik daude preso Anaia Musulmanetako goi kargudun gehienak. Mohamed Mursi presidente ohia uztailean boteretik kendu zutenetik, anaiartearen aurkako jazarpena handitzen joan da de facto-ko gobernuaren agindupean: azken urteotan ez da sekula erabat legezko izan, baina joan diren hilabeteetan geroz eta gehiago kriminalizatu dute haren jarduna. Mursik berak ofizialki uko egin zion Anaia Musulmanetan militatzeari 2012ko hauteskundeak irabazi zituenean, eta Askatasuna eta Justizia alderdi islamistarekin heldu zen gobernura. Azken hilabeteotan, ordea, hura ere debekatu dute, eta erakundeko kargudun nagusiak atxilotu dituzte bata bestearen atzetik. Azkena, herenegun bertan: Hixam Qandil, Mursiren garaian lehen ministro izandakoa. Atzoko sarekadan Gomaa Amin Mustafa Anaia Musulmanen buruzagi eta Askatasuna eta Justiziako diputatu ohiaren semea eraman zuten atxilo; Egiptoko berri agentzien arabera, Torako espetxera eraman dituzte biak. Han daude preso azken hilotan atxilotutako islamista gehienak; haietako 450 gose greban daude.

Mursiren gobernuari estatu kolpea eman ziotenetik, islamistek protesta jendetsuak antolatu dituzte Egipto osoan; hasieran meskitetan pilatzen zituzten jarraitzaileak, eta gero unibertsitateetan. Orain, armadak eta Poliziak kontrolatuko dituzte eraikin publikoak, eta gobernuak segurtasun indarrak igorriko ditu unibertsitateetara. Terrorismoaren aurkako legediak Anaia Musulmanetako kide den edozein pertsona zigortzea ahalbidetzen dio Kairori, baita taldeak antolatutako ekintzetan parte hartu, haiek finantzatu edo haien berri ematen duen edonor ere.

Atentatua Niloren deltan

Egiptoko Zigor Kodeko 86. artikuluan oinarrituta onartu dute Anaia Musulmanak erakunde terrorista izendatzea; Estatuari eraso egiten dioten taldeen aurkako zigorrak zehazten ditu lege horrek. Herenegun, atentatu larri batek astindu zuen Niloren delta: ekintzaile suizida batek Mansura hiriko Segurtasunerako Zuzendaritzaren atarian eztandarazi zuen gorputzera lotuta zeraman lehergailua. Gutxienez hamahiru pertsona hil ziren. Anaia Musulmanek berehala gaitzetsi zuten erasoa, baina gobernuak haiek jo zituen errudun. Handik ordu gutxira, Ansar Beit al-Maqdis talde islamistak hartu zuen bere gain atentatuaren ardura: «Musulmanen odola isurtzen duen gobernu apostataren» aurkako erasoa izan behar zuela azaldu zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna