Aurretik dena erabakita

Konstituzioari buruzko erreferenduma egingo dute Egipton gaur eta bihar, eta baiezkoak aise irabaziko duela espero daMuturreko segurtasun neurriak ezarri dituzte bozkaleku inguruetan

Ane irazabal
Kairo
2014ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Estatu kolpearen aldekoek baiezkoa, islamistek boikota eta oposizio laikoak ezezkoa. Bozkatzera deituak dauden 52 milioi egiptoarrek argi dute euren botoa. Gaur eta bihar egingo den konstituzioaren herri galdeketak ezusteko gutxi utziko ditu. Hala diote, behintzat, inkestek. Hiru aukeren artean baiezkoaren alde egingo omen du balantzak. Egiptoko araudi berria babesten duten indar politikoen aburuz, herritarren %70ek baino gehiagok konstituzioa onartuko dute.

Iragan azarotik baiezkoaren aldeko kanpaina bortitza egin dute agintariek, eta estatu estrategiaren ondorioak biziki nabaritu dira Egipton. Gamal Abdel Gawad Soltan, Kairoko Unibertsitate Amerikarreko irakaslea da. Haren iritziz, parte hartze handia baldin bada, baiezkoak aise irabaziko du: «2012ko konstituzioaren gaineko erreferendumean herritarren %35ek baino ez zuten bozkatu. Ziur naiz oraingoan egiptoar gehiago animatuko direla botoa ematera. Hori izango da armadaren garaipenik handiena». Oraingoz, ordea, kanpoan bizi diren egiptoarrek bakarrik bozkatu dute, eta erregistratuta daudenen artean, %10ek besterik ez dute botoa eman.

Hain zuzen, herritarren partaidetza bultzatzeko, bi egunetan egingo da erreferenduma. Herrialde osoan dauden 30.000 bozkalekuak gaur eta bihar egongo dira irekita. Herritarrek edozein egunetan eta nahi duten bozkalekuan bozkatu ahal izango dute. Agintariek ez dute ezustekorik nahi, eta, horregatik, muturreko segurtasun neurriak ezarri dituzte. Abdel Fatta Al-Sisi Defentsa ministroak «segurtasun plan berezi bat» onartu du, eta 160.000 soldadu baino gehiago atera ditu kalera.

Egungo egoerak ez du zerikusirik 2012ko abenduan egin zen herri galdeketarekin. Izan ere, epaileen sindikatuak erreferenduma boikotatu zuten orduan. Mohamed Mursiren gobernuak bi astetan banatu behar izan zuen erreferenduma, eskola haina epaile ez zeudelako. Orduan, %63,8arekin onartu zen islamistatzat bataiaturiko konstituzioa.

«Oraingo bozketan ez dago baiezkoa ez den beste aukerarik. Ezezko botoa eskatu dutenek ez dute ezer egitekorik. Ez diete eskaini haien iritzia emateko espaziorik, eta, kasu askotan, haien kontrako erasoak jasan dituzte», nabarmendu du Mustafa izeneko ekintzaile iraultzaileak. «Militarren alde edo kontra modura aurkeztu dute herri galdeketa, ez dago erdiko biderik», erantsi du. Hala, Europako Batasunak, Amerikako Estatu Batuek eta Carter Zentroak bidaliko dituzten behatzaileek ez dute lan makala izango. «Estatu kolpeari behin betiko zilegitasuna emango diote», salatu du Mustafak.

Anaia Musulmanak kalean

Hamaika talde islamista batzen dituen Estatu Kolpearen Aurkako Aliantzak boikota egingo dio erreferendumari. Iragan abendutik talde terroristen zerrendan egonagatik, Anaia Musulmanek gidatzen dute koalizio berria. «Ez gara besoak antxumatuta etxean geratuko», adierazi du anaidi islamistaren ikasle mugimenduko kide batek, segurtasunagatik izena eman nahi izan ez duenak.

Hain zuzen, unibertsitateetan egin da indartsuen boikotaren aldeko kanpaina. Anaia Musulmanen aldeko ikasleek unibertsitate campusak bilakatu dituzte haien gotorleku. Igandean ikasle bat hil zen Ain-Shamseko unibertsitatean izandako liskarretan.

Nolanahi ere, atxiloketa politikak ez du etenik. Iragan ostiralean, Mursiren aldeko 170 ekintzaile atxiki hartu zituzten Egiptoko kaleetan. Herri galdeketaren aurretik egindako azken protesta eguna izan zen islamistentzat. Erreferendumaren atarian, anaidiaren orbitan dauden taldeek indar erakustaldi bat egin nahi izan zuten, baina manifestazioak azkar geratu zituzten segurtasun indarrek.

Egiptok protesta eskubidea mugatzen duen legea onartu zuenetik, biziki gutxitu da islamisten presentzia kaleetan. «Bost urteko kartzela zigorra eror dakieke. Poliziaren errepresioaz gain, legea ere haien kontra dute», nabarmendu du Abdel Gawal Soltanek.

Hala, boikoterako deia ez da eraginkorra izango, adituen iritziz. Emad Gad izeneko analista politikoak argi dauka: «Iraultzaren espiritua galdu egin da. Egiptoar gehienek uste dute lehentasun nagusia dela egonkortasun politiko zein ekonomikoa lortzea. Askatasunaren eta demokraziaren gainetik baldin bada ere, herritarrek ez dute oztoporik jarriko».

Egutegia ezarrita

Konstituzioaren gaineko erreferenduma estatu kolpearen ondotik ezarritako bide orriaren lehen etapa da. Eta militarrek ezarritako hemezortzi hilabeteko trantsizio politikoak bere lehen proba dauka gaur. Erreferendumean baiezkoak irabazten badu, parlamenturako eta presidentetzarako bozak antolatuko dituzte behin-behineko agintariek.

Halere, konstituzio berriak Adli Mansur presidentearen esku uzten du presidentetzarako bozak parlamentukoak baino lehenago egitea, eta polemika eragin du horrek. Izan ere, Al-Sisi jenerala goratzeko kanpainaren erdian ezagutu da albistea. Hori baino lehenago, ordea, iraultzaren hirugarren urtemuga ospatuko dute egiptoarrek. Balantzea egiteko eguna da, eta, herritar askoren ustez, protesten txinparta berriz ere piztu daiteke. Hain zuzen, estatu kolpea defendatu zuten taldeek egun sinboliko hori erabiliko dute Al-Sisiri presidentetza bozetara aurkeztu dadila eskatzeko.

Defentsa ministroak, bestalde, orain arte baino argiago hitz egin du, eta Egiptoko presidente izateko aukerari heldu dio, «herritarrek hala nahi baldin badute». Jeneralak argi esan du: «Ez diot nire gizarteari bizkarra emango». Hautagai aurkeztekotan «armadaren baimenarekin» izango litzatekeela argitu du Al-Sisik.

Hala, erreferenduma proba bat izan daiteke Al-Sisirentzat, herritarren artean daukan babesa neurtzeko. «Eta, bide batez, bere karrera politikoari ekiteko. Dena bere alde dauka», adierazi du Abdel Gawad Soltanek. Mansurren arabera, Egiptoko presidente berriak «botere guztiak» izan beharko lituzke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.