Zazpi urteko espetxe zigorra ezarri diote Julia Timoxenkori

Botere gehiegikeria egotzi diote Ukrainako lehen ministro ohiari; epaiketaren atzean arrazoi politikoak daudela salatu du hark

Bruselak adierazi du EBren eta Ukrainaren arteko harremanetan eragina izango duela

Elixabet Epelde -

2011ko urriak 12
Epailea epaia irakurtzen hasi aurretik, Julia Timoxenko Ukrainako lehen ministro ohia akusatuen aulkitik zutitu da, eta epaiketaren atzean interes politikoak daudela salatu du gogor. «Oso ondo dakizu ez dela Rodion Kireiev epailea sententzia irakurtzen ari dena, Janukovitx presidentea baizik. Sententzia edozein dela ere, nire borroka ez da hemen amaituko», bota dio epaileari. Handik minutu gutxira, zazpi urteko espetxe zigorra ezarri dio Kireievek Timoxenkori, 2009an Errusiarekin gas horniketaren inguruko akordio bat «eskumenik gabe» sinatzeagatik. Aurkariek diote akordioa Ukrainaren kaltetan izan zela.

Timoxenkok, baina, iragarri du «bere izen ona defendatzera» Europako Giza Eskubideen Auzitegira joko duela. Erabakiak Ukrainaren askatasuna urratzen duela salatu du, gainera.

Botere gehiegikeria eta funts publikoen bidegabeko erabilpena leporatu diote lehen ministro ohiari. Eta kartzela zigorraz gain, Naftogaz estatuko gas konpainiari 140 milioi euroko kalte-ordaina eman beharko dio. Izan ere, Timoxenkok Vladimir Putin Errusiako presidentearekin sinatutako akordioaren ondorioz Ukrainak gasa garestiago ordaintzen du —Europako herrialdeek baino 200 dolar gehiago 1.000 metro kubikoko—, eta estatuko gas konpainiari dirutza hori galarazi ziola ebatzi du epaileak.

Hiru urtez kargu publikoak betetzeko debekua ere ezarri diote. Eta auzi horren xedea, hain zuzen, debeku horixe izan dela salatu du Timoxenkok. Viktor Janukovitx presidenteari datorren urteko Legebiltzarrerako bozetan lehiakidea «ezabatu» nahi izatea leporatu dio, eta «Stalinen erregimen autoritarioko purgekin» alderatu du bere aurkako epaia.

Auzitegiaren kanpoaldean Timoxenkoren jarraitzaileek «lotsa, lotsa» oihukatu dute, poliziez inguratuta. Lehen ministro ohiaren aldekoen eta kontrakoen artean liskarrak piztu dira, eta hainbat lagun atxilotu dituzte.

Nazioartea, haserre

Europan nahiz Errusian arazoak ekar dakizkioke gaurko epaiak Janukovitxi. Errusiaren aldeko jarrera irekia badu ere, Putin Timoxenkoren aliatu gisa ikusten dute askok, harekin sinatu baitzuen gas horniduraren akordioa. Hain justu, erabakiak «Errusiaren aurkako kiratsa» duela salatu du Moskuk. Akordioa Ukrainako, Errusiako eta nazioarteko legediaren arabera egin zela ere nabarmendu du Errusiak. Mendebaldeari begira aritu izan den Timoxenko aurkari politikotzat jo du Putinek, baina, era berean, adierazi du ez duela ulertzen zergatik zigortu duten.

Kievek, bitartean, Timoxenkoren sententziak EB Europako Batasunarekin herrialdeak dituen harremanak ez oztopatzeko esperantza adierazi du. Ordurako, baina, Catherine Ashton Europako Batasuneko Atzerri Politikarako goi mandatariak «etsigarritzat» jo du epaia, eta Ukrainarekin dituzten harremanetan «ondorio nabarmenak» izango dituela jakinarazi du. Thorbjorn Jagland Europako Kontseiluko idazkari nagusiak, berriz, demokrazia batean erabaki politikoak epaitzea Legebiltzarrari dagokiola salatu du, eta ez auzitegiei. Gainera, epaiketa irregularra izan dela salatu du Ashtonek.

Besteak beste, gertatutakoak abenduan sinatzekoak diren elkartze eta merkataritza askerako akordioan eragina izan dezakeela ohartarazi du Ashtonek. Hain justu, EBko kide izateko lehen urrats gisa definitu dute adituek akordio hori. AEBek ere kritikatu dute Timoxenkoren aurkako epaia.

Laranjen iraultzako mamuak

Duela zazpi urte presidentetzatik baztertu zuten Janukovitx, bozetan iruzurra egin izana leporatuta. Hura kanporatu zuen Laranjen Iraultzaren buruzagietako bat izan zen, hain justu, Timoxenko, eta, iraultzaren ondorioz, Viktor Justxenkok hartu zuen herrialdearen gidaritza.

Baina 2010eko bozetan, Janukovitx, gutxigatik bada ere, lehen ministro ohiari gailendu zitzaion. Timoxenkok ez zituen luzaroan emaitzak onartu. Porrotak, gainera koalizio laranjako kideen artean tirabirak eragin zituen. Justxenkok berak Janukovitxen alde egin zuen, azkenik. Epaiketan ere Timoxenkoren aurka deklaratu du, hain justu. Orain, bozetarako aurkari gogorrena baztertuta, Justxenkok presidentetza errepikatzeko bidea ireki duela salatu du oposizioak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna