Krisiaren erruz euren geroa arriskuan ikusten dute Arabako enpresen erdiek

SEA patronalak ohartarazi du «gelditu» egin dela azken hilabeteotan izandako hobekuntza arina

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2011ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Aurrera begira ekonomiaren egoerak okerrera egingo duela uste dute Arabako enpresa gehienek. Gainera, krisiaren erruz euren etorkizuna zalantzan dagoela ziurtatu dute herrialdeko enpresen erdiek. SEA patronalak atzo aurkeztu zuen industriaren barometroa, eta inkestaren emaitzek agerian utzi dute aurreikuspenak zeharo ilundu direla.

Juan Ugarte Arabako Enpresaburuen Elkarteko idazkariak inkestaren aurkezpenean ohartarazi zuen «gelditu» egin dela urteko lehen sei hilabeteetan herrialdeko ekonomiak izan zuen hobekuntza arina. Apurka jarduerak gora egiteko joera hartuko duela uste du, baina susperraldiaren bidea «luzea eta penagarria» izango dela ziurtatu zuen. Edozein modutan, egoera «oso kezkagarritzat» jo zuen Ugartek, eta berehalako neurriak eskatu zituen.

Barometroa herrialdeko 300 enpresak baino gehiagok erantzun dituzten galderekin osatu dute. Enpresaren geroa zalantzan ikusten dute %48k. Iritzi hori dutenak gero eta gehiago izateak kezkatzen du SEA: martxoan, %42 ziren, eta iazko urrian, %36.

Datozen hilabeteotan merkatua atzeraldian sartzea espero dute enpresen %45ek, eta beste heren batek merkatua geldirik geratuko dela uste du. Susperraldiren bat aurreikusi dutenak %22 baino ez dira.

Ekonomia moteltzeak ez diemaila berean eragin sektore guztiei. «Eraikuntza eta horri lotutako gremioak —zurgintza eta instalatzaile elektrikoak— oso ahul daude», Ugarteren hitzetan. Gutxi gorabehera, enpresen erdiei fakturazioa txikitu diete, baina eraikuntzakoen kasuan %88k gutxiago fakturatu dute, aurreko urtearekin alderatuz. Eraikuntzako hamar enpresatik bederatzi arriskuan daudela uste dute.

Patronala enpleguaren datuei irakurketa baikorra ematen saiatu da. Guztira, inkestari erantzun diotenen %63k egungo enplegu mailari eustea espero dute. Inbertsioak egiten jarraituko dute %60k, halaber. «Horrek agerian uzten du enpresen konpromisoa egiazkoa dela, arazoak arazo», argudiatu zuen Ugartek. Enpresaburuen lehentasuna «ahalik eta lanpostu gehienei eustea» da, haren irudiko.

Kobratzeko arazoak

Espainiako ekonomiaren ahulezia da enpresa gehienentzat faktorerik kezkagarriena. Hala ere, indarra hartzen ari da bezeroek zor dutena kobratzeko zailtasuna. Urriko barometroan enpresen %58k garaiz kobratzeko arazoak dituztela esan zuten. Nazioarteko ekonomiari buruzko ardura handitu da azken hilabeteotan, euroguneko krisiari jarraituz.

Atakatik ateratzeko eskaera zehatzak egin zituen Ugartek. Alderdi politikoei adostasunak bilatzeko lan egiteko eskatu zien, ikuspuntu desberdinak alde batera utzita. «Ezin gara hauteskunde kanpaina etenik gabeko batean egon betiko».

Horren haritik, administrazio publikoetako ordezkariak ekonomia arloko eragileekin esertzera gonbidatu zituen, egoerari buruzko «gogoeta sakona» egiteko. Dagoeneko, foru aldundiko eta Gasteizko Udaleko buruzagiekin bildu dira. Egiturazko erreformak ere ezinbestekotzat jo ditu SEAk, batez ere zerga sisteman. «Enpresei laguntzen dien zerga sistema behar dugu», patronaleko idazkariaren ustez.

Langileei eta sindikatuei dagokienez, Ugartek adierazi zuen enpresek lehiakortasun gehiago lor dezaten lagundu behar dutela. Enpresaz enpresa lantokietako barne malgutasuna areagotzeko neurriak eskatu zituen. Mercedes-Benzeko langileek zuzendaritzarekin hitzartutako akordioa «eredugarria» iruditzen zaio, eta, laster, herrialdeko industriarik handienetan bigarrenak, Michelinek, itun kolektiboa berritzea espero du.

Herrialdeko negoziazio kolektiboa berriro martxan jarri behar dela uste du, azken urteotan ia erabat geldituta egon ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.