Lilura gutxiko burtsaratzea

Lehen minutuetan %10eko igoera izan dute sare sozialaren akzioek, baina berehala baretu da sukarra; hasitako prezioan bukatu duMerkatuak 78.000 milioi eurotan balioetsi du konpainia, espero baino gutxiagoan

2012ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Facebook burtsako enpresa da atzo arratsaldeaz geroztik. Marck Zuckerberg sortzaile eta presidenteak Euskal Herrian 17:30ak pasatxo zirenean jo zuen irteerako kanpaina. Wall Streeteko Nasdaq indizean kotizatzen du harrezkero, FB ikurrarekin.

Hasiera indartsua izan zuen. Aparra bailitzan abiatu zen konpainiaren balioa. Hiruzpalau minututan 42 dolarretik gora (33 euro inguru) balio zuen haren akzio bakoitzak, iragarritako 38 dolarren oso gainetik (%10 gehiago). Iragarpenik handizaleenak beteko eta gaindituko zituela zirudien. Baina ez, ez zen hala izan, akzioen balioa segituan hasi zelako beherantz. Irekieratik ordu laurdenera, atzera berriz 38 dolar balio zuen titulu bakoitzak, hasieran bezalaxe, hortaz.

Zenbaki horiek kontuan, inbertsiogileek 100.000 milioi dolar baino gehiagoko balioa eman zioten konpainiari (78.000 milioi euro inguru). Eta ez da gutxi. Baina ez zituen usaindu ere egin batzuek iragarritako 120.000 milioi dolarrak. Espero baino lilura gutxiagoko burtsaratzea izan zela esan liteke, beraz.

Baina lilurarik gutxien izan zuena Nasdaq balio teknologikoetan espezializatutako burtsak bera izan zen, ez baitzen gai izan Facebooken kotizazioa iragarritako orduan ematen hasteko. Ordu-erdiko atzerapenez eskaini zien informazio hori inbertsiogileei, urteko burtsaratzea erabat desitxuratuz.

Bigarren burtsaratze handiena

Kontuak kontu, dagoeneko burtsan da sare sozialik erabilien. Eta atzo kapitalaren %15 jarri zuen salgai, 421 milioi akzio. Hilabete barru beste 63,19 milioi akzio merkaturatzeko aukera izango dute lan horretarako kontratu dituen erakundeek. Gisa horretara, 18.400 milioi dolar bilduko ditu konpainiak. Aurreikuspenak betetzera, bigarren burtsaratzerik handiena izango da Facebookena, 2008ko martxoan Visak egin zuenaren atzetik. Kreditu txartelen etxeak 19.650 milioi dolar poltsikoratzea lortu zuen.

Facebooken balioak 2008ko apirilean ekin zion etenik gabe hazteari, jabeetako batzuk beren akzioak saltzen hasi zirenean. Orduan, titulu bakoitza 3,5 milioi eurotan salerosten zuten bigarren mailako merkatuan; gaur, berriz, %1200 gehiago balio dute. Krisiaren ondorioz 2009an izan zuen beheralditxoa aise gainditu du konpainiak. Baina orain erakutsi egin beharko du benetan horrenbeste balio duela.

Epe motzera suntsiezina dirudi Facebookek. Baina dena ez dago argi, sare sozialena fenomeno berria izaki, galdera eta zalantza asko sortzen dituelako haren negozio ereduak. Garbi dagoena da bizirik irauteko publizitatea erakartzen jarraitu beharko duela, aurtengo lehen hiruhilekoan handik lortu baititu diru sarreren %82. Han jarritako iragarkiek kontsumitzaileengan duten eraginaren inguruan, ordea, iritzi kontrajarriak daude. General Motorsek, esaterako, sare sozial horretan publizitaterik gehiago ez jartzea erabaki du aste honetan bertan, inolako eraginik ez duelako. Aldiz, sektore bereko Ford Motor taldeak guztiz bestela pentsatzen du.

Negozio ereduaren bideragarritasunaren inguruan antzerako galderak egiten zituzten adituek 2004ko udan ere, Googlek burtsara jauzi egin zuenean —hark hamar aldiz akzio gehiago jarri zituen salgai—. Inork ez du zalantzan jartzen Facebook beste garai eta mota bateko enpresa dela, baina nolabaiteko beldurra eragiten du inbertsiogileek esleitu dioten balio izugarriak. Izan ere, haien arabera, Disneyk baino lau aldiz gehiago balio du, Caterpillarrek baino bi aldiz gehiago eta HPk eta Dellek batera baino gehiago. Ikaragarri, beraz.

Beste adibide batzuk

LinkedIn-ek Wall Streeteko NYSE indizean debuta egin eta urtebetera iritsi da Facebooken burtsaratzea. Hasiera hartan, profesionalentzako sare sozial estatubatuarrak zeukan kapitalaren halako bi balio zutela ebatzi zuten inbertsiogileek. Eta urtebetera, orain arteko ibilbidearen balioespen baikorra egiteko moduan dago. Irteerako unean 45 dolar balio zituen haren akzio bakoitzak; iragan asteartean, berriz, 113,3 balio zituen. Gorabehera handiko urtea izan du, hala ere. Galeretan inoiz sartu ez den arren, akzioaren balioa 56 dolarreraino jaitsita ibili baita zenbait alditan.

Groupon deskontu txartelen ataria izan daiteke kontuan hartzeko beste adibide bat. Iragan urteko urrian hasi zen Nasdaq indizean kotizatzen, akzioko 20 dolarreko salneurriarekin. Zazpi hilabetera erdia balio dute, lehen egunetan ukitutako 31,14 dolarreko gehiengo muga hartatik oso urrun. Itxura denez, haren negozio ereduak ez die nahi adinako ziurtasunik ematen inbertsiogileei. Gainera, kontabilitate arazoak izan ditu.

Nasdaqen kotizatzen hasteko eskaera egiterakoan, Zuckerbergek adierazi zuen plataforma ez zuela dirua irabazteko helburuarekin sortu, zerbitzuak sortzeko dirua egiteko baizik. Baina argi dago geroz eta diru gehiago behar duela hazten jarraitzeko, eta Facebookek MySpace bezala bukatuko ez duela ziurtatzeko. Orain arte sareko 28 plataforma bereganatu ditu Zuckerbergen konpainian. Azkena, Instagram.

Ikusteke dago diru sarrerak oraingo martxan hazten jarraitzeko gai izango den —2010 eta 2011 artean %46,8—, edo gutxienez hazkunde maila adierazgarri bati eusteko gai den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.