Guardianen lanera itzuliko dira, aldi baterako dosierra onartuta

Ia bi hilabetez greban egon ondoren, kaleratzerik gabeko erregulazio espedientea onartu dute Laudioko plantako langileekCorrugadosen, negoziatzeko deia egin diote zuzendaritzari, «inposiziorik» gabe

Guardianeko langileek azaroan egindako protesta bat. JUANAN RUIZ / ARP.
Maite Alustiza.
2012ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Gero eta gehiago dira erregulazio espedienteak aurkezten dituzten enpresak. Horiek saihesteko edo, gutxienez, eragin txikiena izateko ahaleginetan dihardute hainbat enpresatako langileek. Zuzendaritzarekin akordiorik lortu ezean grebak eta mobilizazioak iragartzen dituzte askok, lan gatazkari irtenbidea emateko baliagarriak izango direlakoan.

Guardian

Akordioa, eta lanera

Ia bi hilabete eman dituzte greban Guardianeko langileek, baina iritsi da berriro lantegia martxan jartzeko garaia. Zuzendaritzak ostegunean egindako proposamena onartu zuten atzo; horren arabera, hasieran iragarritako 139 kaleratzeen ordez aldi baterako erregulazio dosierra ezarriko zaie Laudioko 650 langileei. Irtenbidea adostu ostean, gaur dira lanera itzultzekoak.

Akordioaren arabera, urtean 45 egunetan eragingo dio erregulazioak langile bakoitzari. Horrez gain, itun kolektibo bat ere proposatu du Guardianek. 2015era arte egongo da indarrean, eta urteko 33 eguneko kalte-ordaina zehazten du, besteak beste.

Sindikatu guztien babesa jaso du enpresaren eskaintzak, eta Aitor Garriga ELAko ordezkariak adierazi du langileen eta sindikatuen «lorpena» izan dela akordioa. Mobilizazioa lan gatazkei aurre egiteko bideetako bat dela nabarmendu du.

Corrugados Azpeitia

Irtenbidea: negoziazioa

«Garaipen txiki bat» izan da Azpeitiko Corrugados lantegiko langileentzat EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak aste honetan emandako epaia. Horren bidez, Justiziak arrazoia eman die, eta baliorik gabe utzi ditu 60 beharginen kaleratzeak. Epaia begi onez hartu badute ere, argi daukate gatazka oraindik ez dela konpondu, eta bideragarritasun plan bat eskatu dute: «Akordiorik gabe, ez dago irtenbiderik».

Enpresako atarian agerraldi bat egin zuen atzo langile batzordeak, auzitegiaren ebazpena baloratzeko. Negoziatzeko deia egin zioten zuzendaritzari, orain arte egin ez duen bezala: «Enpresak ez zuen negoziatu nahi, inposatu baizik». Corrugadosek asteartera arte izango du auzitegiaren erabakiari helegitea jartzeko; bien bitartean, langileek batzarrak egiten jarraituko dute.

Cementos Lemona

Mobilizazio gehiago

Cementos Lemonan ziur daude «borrokak» irtenbidea emango diola gatazkari. Abenduaren 5etik greba mugagabean daude, eta aurrerantzean ere mobilizazioekin jarraitzeko asmoa dutela agertu zuten atzo. 34 langile kalean uzteko dosierra aplikatu du enpresak; hasiak dira horietako batzuen kontratuak eteten. Langileek salatu dute kaleratzeak burofax bitartez egiten ari direla, «inolako irizpiderik gabe».

IMP

Greba «xantaiaren» kontra

Zuzendaritzaren «xantaiari» aurre egin nahi diote UrnietakoIMP enpresan, Gipuzkoan: greba mugagabea hasi, eta mobilizazio gehiago egingo dituzte. ISN taldeak, IMPren jabeak, 34 langileak botatzeko erregulazioa aurkeztu zien abenduaren 4an; asteazkenean, berriz, bi aukera jarri zituen mahai gainean: edo lantegia ixteaedo 2013an ehun egunez erregulazioa ezartzea, soldatak %20 jaistea eta sei lagun kaleratzea. LABek iragarri duenez, astelehenean eta asteartean elkarretaratzeak egingo dituzte IMPren aurrean.

Pelzer

Lantalde osoaren alde

Tafallako (Nafarroa) Pelzer del Norteko langileek ezezkoa eman diote zuzendaritzaren azken eskaintzari. Asteartean erregulazioaren kontsulta faseko bilera izan zuten bi aldeek, eta atzo langileen ordezkariek salatu zuten Pelzerrek ez duela argi uzten lantalde osoa mantenduko duela. Langile batzordeak uste du ez dagoela kaleratzeak egiteko arrazoirik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.