Corrugadosen 60 kaleratze baliorik gabe utzi ditu justiziak

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak langileen alde egin du, eta ebatzi du enpresak ez duela «fede onez» jokatu kontsulta faseanGamesan gaur jakingo da kaleratzeak gutxitzeko akordioa lortzen duten

Maite Alustiza.
2012ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Itxaropenerako ateak zabaldu zitzaizkien atzo Euskal Herriko hainbat enpresatako langileei; zirrikitu bat, besterik ez bada ere: aldeko ebazpenak, akordiorako oinarriak eta hilabeteetako gatazkak amaitzeko adostasunak. Beste batzuek, ordea, lanpostuen aldeko borroka luzea dute oraindik.

Corrugados Azpeitia

Auzitegia, langileen alde

Justiziak arrazoia eman die Corrugados Azpeitia enpresako langileei. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliorik gabe utzi du 60 behargin kalera botatzeko erregulazioa. Ebatzi du konpainiak ez zuela «fede onez» jokatu erregulazioaren kontsulta fasean, eta «malgutasunik gabe» aritu zela kaleratze kopurua zehazterakoan. Horrela, ELAk eta LABek dosierra baliogabe uzteko egindako eskariaren alde egin du.

Enpresa batzordeak begi onez hartu du erabakia, eta haren arabera, epaiak argi erakusten du lan harremanek negoziazioan oinarritu behar dutela, eta ez «inposizioan». Urriaren 16an izan zen epaiketa. Egun horretan bertan negoziatzen aritu ziren zuzendaritza eta sindikatuak, baina orduan ere ez zen akordiorik egon. Ordurako, denbora zeramaten langileek greba mugagabean, ekainaren 15etik, hain justu.

Auzitegi berak arrazoia eman zien urrian Celsa Atlanticeko langileei: enpresak Araban dituen bi lantegiak ixteko eta 358 langile botatzeko erregulazio eskaera baliogabea dela erabaki zuen.

Gamesa

Kaleratzeak, gutxitzear

Kaleratzeak saihestea ez dute lortu oraingoz Gamesako langileek, baina bai horiek gutxitzeko akordiorako oinarria. Enpresak 480 lagun botatzeko dosierra aurkeztu zuen azaroaren 13an, eta atzo sindikatuekin adostutakoaren arabera, 330 izango dira. Horrek Nafarroan eta Bizkaian ere eragina izango du: behin-behineko kopuruen arabera, Nafarroan botatzekoak ziren 283 beharginetatik 204 kaleratzea da asmoa, eta Zamudion 30 langile gutxiago utziko lituzkete kalean —hasiera batean, 85 ziren—.

Gaur akordiorako oinarriarengaineko erreferenduma egingo dute Gamesako 2.700 langileren artean. Gehiengoak babesten badu, gaur bertan da sinatuko dute hitzarmena, sindikatuek jakinarazi dutenez. Akordiorako oinarri hori CCOO, UGT eta CIGek babestu dute; ELAk, aldiz, ez. Hitzarmena gauzatzen bada, Gamesatik at geratzen direnek 33 eguneko kalte-ordainak jasoko dituzte lan egindako urte bakoitzeko. 2013an soldata izoztea ere biltzen du akordiorako oinarriak.

Formica

Akordioa kalte-ordainetan

Formicako langileek ez dute azkenean auzitegira joko. Zuzendaritzak egindako azken proposamena onartu dute, kaleratzeengatiko kalte-ordainen inguruan, eta eskaintzaren ordainetan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusian jarritako salaketa bertan behera uzteko eskatu die enpresak. Galdakaoko (Bizkaia) beharginei urteko 50 eguneko kalte-ordaina eskaini die, gehienez 36 hilabetez. Gainera, lantokian denbora gutxien daramatenentzat 25.000 euroko gutxieneko bermea ezarri du. Ia hiru hilabete eman dituzte itxialdian. Fletcher Building multinazionalak, Formicaren jabeak, 169 langile kaleratzeko erregulazio dosierra aurkeztu zuen irailaren 10ean, eta sindikatuek diote dagoeneko 130 bota dituztela.

Guardian

Adostasunik gabe

Espedientea negoziatzeko laugarren bilera akordiorik gabe amaitu da Laudioko (Araba) Guardian lantegian. Urriaren 23tik greba mugagabean dira, lantegian egin nahi dituzten 139 kaleratzeen kontra.

LABek atzo eskatu zuen zuzendaritzaren proposamenak baztertu eta erregulazioa bertan behera uzteko. Salatu du enpresak bidegabeko kaleratzeengatik ari dela kalte-ordainak eskaintzen, eta horrek erakusten duela ez dagoela arrazoirik langileak botatzeko, euren nahia hori dela, besterik ez. Erretiro aurreratuez ere ez dute hitz egin nahi, LABen arabera: «Ahalik eta merkeena bota nahi dute jendea».

TRW

Kaleratzeak, kostuen menpe

TRW enpresak abisua eman du:bi urtean kostuak %30 jaisten ez badira, 353 langile bota beharko dituzte Iruñeko Landaben industrialdean —guztira, 695 dira—. Hurrengo urtean, 138 kontratu etengo lituzke, eta beste215 2014an. Asteartetik lan itun kolektiboa negoziatzen ari dira zuzendaritza eta langileen ordezkariak; azkena 2010ean hitzartu zuten.

TS Fundiciones

Ixteko «arriskua»

Zestoako (Gipuzkoa) TS Fundiciones lantokiaren bideragarritasuna «arriskuan» dago. Hala dio zuzendaritzak, eta uste du krisia eta langileen arteko desadostasunak direla horren erantzule. Enpresak, bien bitartean, lantaldea «egokitzeko» asmoekin jarraitzen du: «Soilik 120 langileko taldeari eutsi ahalko genioke; bestela, planta ez litzateke lehiakorra». Zortzi hilabeteren ondoren, enpresa batzordeak eta biek ez dute akordiorik lortu, TS Fundicionesek gogorarazi duenez.

Foronda

Itxialdia, gaurtik

Itxialdi mugagabea hasiko dute gaur Forondako beharginek. Berriro aireportua eguneko 24 ordutan martxan egon dadin nahi dute, eta beren ustetan, aireportuko arduradunek ez dute horretarako «inolako asmorik». Aenan onartu den dosierrak jasotzen du Arabako aireportuan 120 langiletik 94 kaleratuko dituztela, hau da, %78.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.