Protesta, kaletik ikasgelara

Anaia Musulmanen gotorleku bilakatu dira Egiptoko unibertsitateak, eta liskarrean ibili dira Mursiren aldeko eta kontrako ikasleakAl-Azhar unibertsitateko istiluengatik 17 urteko espetxea ezarri diete 12 herritarri

Ane irazabal
Kairo
2013ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Al-Azhar unibertsitateko Odontologia Fakultatean bi pankarta daude: Mursi zakur bat da eta Mursik legezko presidente izaten jarraitzen du. Pankarta bakoitzaren gainean, dozena bat pintaketa egin dituzte ikasleek, eta idatzitako adierazpenek argi azaltzen dute batzuen eta besteen gogo-aldartea. «Giroa gori-gori daukagu ikasturtea hasi zenetik», azaldu du Al-Azhar unibertsitateko ikasleen sindikatuko bozeramaile Abd-Allha Abd-Elmotalebek.

Protestak baretu egin dira azken egunotan, baina ikasleak haserre daude unibertsitateko arduradunek campus barruko manifestazioak debekatu dituztelako. Ikasturtea hasi zenetik, 50 ikasle atxilotu dituzte, eta hamar irakasleri espedientea ireki diete. Unibertsitateko arduradunek jarri dituzte salaketak. Atzo, hain zuzen, hamabi egiptoarri hamazazpi urteko espetxe zigorra eta 6.900 euroko isuna ezarri zien Al-Gamaliyako zigor auzitegiak, urriko mobilizazioetan Al-Azharren istiluak eragiteagatik.

Izan ere, kofradia islamistaren kontrako legez kanporatzea Egiptoko unibertsitateetara ere iritsi da, eta erabaki judizialak anaiartearen aldeko eta kontrako taldeen arteko liskarrak eragin ditu.

Protestek Egiptoko unibertsitate gehienak astindu dituzte, eta presio gune berri bilakatu dira. Udako polizia errepresioaren ondotik, Anaia Musulmanek galdu egin dute kalean jarraitzaileak mobilizatzeko gaitasuna, baina, era berean, unibertsitateetan berrantolatzen hasi dira. Hamuda anaiartearen ikasle mugimenduko kide da: «Ikasturtea hasi zenetik, gu beldurrarazten saiatu dira, baina ez gaituzte isilduko. Indarkeriaren aurka gaude, hedabideek kontrakoa esan arren».

«Ikasturte zaila»

Al-Azharreko Odontologia Fakultatean, ikasle gehienek badakite zein den bestearen ideologia politikoa. Hala ere, ikasleen artean ez dago aparteko arazorik, Hamudaren arabera: «Unibertsitateko arduradunak dira gure kontrako adierazpen onartezinak egin dituztenak. Giroa berotu dute, eta haserrarazi egin gaituzte».

Unibertsitate kontserbadoretzat jotzen da Al-Azhar, eta bertan Anaia Musulmanena da ikasle mugimendurik handiena. Abd-Allhak ez du ezkutatzen islamisten orbitako taldeek aukeratu zutela bozeramaile. Halere, «ikasle guztien ordezkaria» dela irizten dio. Haren diskurtsoa bakegilea da oso: «Erdiko puntu bat badagoela sinesten dut, baina gero eta zailagoa da batasun batera iristea. Unibertsitatean ere handiegia da militarren alde daudenen eta Anaia Musulmanak defendatzen dituztenen arteko zatiketa».

Haatik, ikasturte hau «gogorra» izango dela uste du bozeramaileak. Egoera politiko aldakorraren ondorioz, urriaren 22ra arte ez zituzten ireki unibertsitateak, eta, orduz gero, ikasleek protestez josi dituzte fakultateak. Egoera kontrolaezina bilakatu daitekeelakoan, gobernuak eskua hartzeko mehatxua egin du. «Legez, Polizia ezin da sartu unibertsitatean; baina segurtasuna bermatzeko gai ez bagara, fakultateak aldi batez ixteko aginduko dugu», adierazi berri du Mohamed Ibrahim Barne ministroak.

Halako adierazpenek, ordea, are gehiago harrotu dituzte hautsak. Abd-Allharen arabera, «erridikulua da pentsatzea unibertsitateak hezkuntzara bakarrik muga daitezkeela, Egiptoko gizartearen adierazgarri bat baitira». Ikasleen sindikatuak uste du Mohamed Mursiren kontrako epaiketak eta Anaia Musulmanen behin betiko legez kanporatzeak eragin zuzena izango duela unibertsitateetan. Argi dauka Abd-Allhak: «Ezinezkoa da ikasleen erantzuna gelditzea, baina bozeramaile gisa administrazioari eskatu diot alde bateko zein besteko jarraitzaileen protesta baketsuak errespeta ditzala».

Imamarekin haserre

Al-Azhar unibertsitateko protestek jomugan jarri dute imam nagusia. Historikoki sunismoaren «zaindaritzat» jo den Al-Azhar erakunde entzutetsuak islama ordezkatzen du Egipton. Alta, ez dago politikatik at. Ahmed el-Tayeb imamak uztailaren 3ko estatu kolpea babestu zuen, eta, orduz gero, traidoretzat jo dute Anaia Musulmanek. Hamuda ere oso kritiko agertu da imamarekin, unibertsitateko presidentea ere badelako. Ikaslearen iritziz, estatu kolpeari zilegitasun erlijiosoa eman zion: «Mursi boteretik kentzea defendatu zuen ustezko gerra zibil bat ekiditeko, baina Rabaa al-Adawiyako sarraskian gure unibertsitateko ikasle asko hil ziren, eta imamak ez zuen ezer esan. Isildu, eta ez zuen ezer egin bidezko ikerketa bat eskatzeko».

Islamista gehienek ez diote El-Tayebi barkatzen estatu kolpea gertatu zenean Abdel Fata Al-Sisi jeneralaren ondoan agertu izana. Beste batzuek, berriz, Mubaraken erregimenarekin zuen lotura nabarmentzen dute, militarrekin lerrokatu zela adierazteko. Abd-Allharen iritziz, estatu kolpea defendatu izanagatik bere zilegitasuna galdu du, eta zaila izango zaio ospea berreskuratzea: «Imam nagusia da, baina ez ditu Al-Azharreko ikasle guztiak ordezkatzen. Islama indarkeria mota guztien kontra dago, beraz, zein da haren jarrera?», erantsi du.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.