Ardura guztiak kendu eta diputatu soil gisa utzi ditu PSCk Elena, Geli eta Ventura

Espainiako Kongresuko Mahaiak ontzat jo du Kataluniak galdeketaren eskumenak eskatuz egin zuen lege proposamena

Xabin Makazaga.
2014ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Ez dituzte kanporatu, oraingoz. Joan Ignasi Elena, Marina Geli eta Nuria Venturari diputatu gisa zituzten ardura guztiak kendu dizkie Kataluniako Sozialisten Alderdiko legebiltzar taldearen zuzendaritzak, baina PSCko diputatu izaten jarraitzen dute. Kataluniako Parlamentuan alderdiko diziplina hautsi eta Madrili erreferenduma antolatzeko eskumena eskatzearen alde bozkatu zuten hiru diputatu kritikoei ganberako batzordeetan zuten ordezkaritza erauzi egin diete, eta osoko bilkuretan botoa ematera mugatu dute haien jarduna.

Elena kultura batzordeko bozeramailea zen; Geli, osasun batzordekoa; eta Ventura, haurtzarokoa. Formalki PSCren legebiltzarkide taldean jarraituko dute, baina, alderdiko zuzendaritzaren konfiantza galduta, Kataluniako Parlamentuan PSC ordezkatzeari utziko diote, behin-behinean.

Bezperan PSCko Bermeen Batzordeak alderdiko zuzendaritza organoetatik kanporatu zituen hiru diputatu kritikoak —baitaFabian Mohedano ere, ERCren mitin batean parte hartu zuelako—, baina ez dute baztertzen alderditik kanporatzea ere. Hala egitea erabakiko balu Bermeen Batzordeak, jarraian PSCren legebiltzarkide taldetik ere botako lituzkete.

Hiru diputatuek Pere Navarro alderdiko idazkariaren eskaera baztertu eta ganberako eserlekua uzteari uko egin diotenez, Talde Mistora joan beharko lukete, eta PPk aurrea hartuko lioke PSCri Kataluniako Parlamentuko hirugarren indar gisa.

Ekainean edo irailean

Espainiako Kongresuko Mahaiak oniritzia eman zion atzo erreferendumak egiteko eskumena Generalitatearen esku uzteko eskatuz Kataluniako Parlamentuak bideratutako lege proposamenari. Azaroaren 9rako deitua dute independentziari buruzko herri galdeketa Katalunian, eta ekainean edo irailean eztabaidatu behar luke Espainiako Kongresuak eskumena eman edo ez, konstituzioaren 150.2 artikulua aintzat hartuta. Izan ere, hilean autonomia erkidegoetako lege proposamen bat eztabaidatzen dute, eta aurretiaz beste bost eskari eginak daude. Baina litekeena da bakarren bat bertan behera uztea eskatzaileek.

Erreferendumerako eguna oso hurbil izango litzateke, nolanahi ere. «Beranduegi litzateke; lehenago izatea espero dugu», esan zuen atzo ICVko ordezkari Joan Coscubielak. Eta epeak azkartzeko, CiU, ERC eta ICVren talde parlamentarioak beste lege proposamen bat ari dira prestatzen, edukiz Kataluniako Parlamentuak onartu zuenaren berdina, haiek duten sarbidea baliatuta bideratzeko. Aste honetan bertan aurkeztu asmo dute lege proposamena.

CiUri dagokio talde parlamentario horien artean aurreneko kupoa, eta martxorako behartu lezakete eztabaida. Ezezkoa emango diote Madrilen diputatuen %85ek baina erreferendumerako bidean beste urrats bat egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.