Siriako armadaren posizioei eraso egin die Israelek, lurretik eta airetik

Golango gainetan soldadu israeldarrek jasandako atentatu baten erantzuletzat jo du Tel Avivek Al-Assad

Israelgo armadaren tankeak, atzo, Golango gainetan patruilan. ATEF SAFADI / EFE.
Xabin Makazaga.
2014ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Duela hiru urte Baxar al-Assaden kontrako altxamendua hasi zenetik, Siria eta Israelgo armaden arteko liskarrik larriena gertatu da Golango ainetan. Astelehenean soldadu israeldarren patruila batek jasandako atentatu bat aitzakiatzat hartuta —leherketa batean lau militar zauritu ziren—, Siriako armadaren posizioei lurretik eta airetik egin zien eraso Israelek, asteartea eta asteazken goizaldea bitartean. Siriako armadak jakinarazi du soldadu bat hil dela, eta beste zazpi zauritu.

Lurreko artilleriarekin Sahita herri inguruari eta 1.023 muinoari egin zien eraso Israelek asteartean, eta, atzo goizaldean, gerrako hegazkinek Kum herriaren ingurua, Sasako eremua eta Al-Fuar erreka bonbardatu zituzten, Siriako armadak jakinarazi duenez. Artilleria posizioak, armadaren kuartelak eta entrenamendu baseak dauzka mugaldeko eremu horretan Siriak. Israelek bonbardatutako posizio guztiak Quneitra probintzian daude, Golango gainetan, Siriaren kontrolpeko eremuan. Beste aldeko eremua, Israelek 1967an okupatu zuen.

Siriako lurrak bonbardatzean, Israelek nazioarteko legedia urratu duela salatu du Damaskok, eta eremu horretan «tentsioa leherrarazteko saio desesperatuak» egitea egotzi dio Benjamin Netanyahuren gobernuari. Israeldik, dena den, ez dute tentsioa baretzen saiatzeko asmorik agertu.

Asteleheneko atentatua nork egin zuen argitu ez eta ezein taldek bere gain hartu ez badu ere, «erantzukizun guztia Al-Assadena» dela esan du Israelgo armadaren bozeramaile Peter Lernerrek: «Mugaren kontrola bere esku dago». Estatu Gorenaren buru Benny Gantz jeneralak Siria bakarrik ez, Hezbollah Libanoko mugimendu xiita ere ohartarazi zuen atzo: «Beren onerako, hobe dute txorakeriak alde batera uztea; bestela, gure armadak indarrez erantzungo du, erasoa nondik datorren erreparatu gabe».

Netanyahu beraren hitzak ere, atzoko Ministro Kontseiluaren ostean eginikoak, ez dira lasaigarriagoak: «Oso argia da gure politika, eraso egiten digunari eraso egiten diogu. Batzuetan erasoko ekintzak behar dira giroa bare mantentzeko».

Siriako armadaren lorpenak

Al-Assaden kontra borrokan ari diren «talde terroristak» babestea leporatu dio Siriako Agintaritza Militar Gorenak Israeli, eta azken bonbardaketak «armada siriarraren garaipenengatik arreta desbideratzeko saioa» izan direla nabarmendu du.

Damasko iparraldean, izan ere, Libanoko mugaldean, Jabrud hiria aste honetan hartu dute kontrolpean Al-Assaden indarrek, eta matxinoei hornidura bideak eten dizkie. Atzo, gainera, hiri horren hego-mendebaldean Ras al-Ein herria berreskuratu zuen Siriako armadak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.