Larria, orokorra, eta atzeraezina

Natura hondamendiez gain, klima aldaketak migrazioa eta gatazkak ugarituko dituela ohartarazi du NBEk

Xabin Makazaga.
2014ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Oso litekeena da gure osasuna, gure etxebizitzak, gure elikadura eta gure segurtasuna arriskuan egotea, gero eta tenperatura beroagoak pairatu beharko ditugulako hurrengo urteetan. IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak jakinarazi du dagoeneko lurreko hainbat tokitan jakiak eta edateko ura eskuratzeko zailtasunak eragin dituela klima aldaketak. Beroaldiaren mailak «ondorio larri, orokor eta atzeraezinak eragiteko arriskua» handitu egin duela ondorioztatu du NBEren aditu taldeak.

IPCCk orain arteko txosten osatuena aurkeztu zuen atzo, klima aldaketak 2100. urtera arte planeta osoko naturan eta gizakiengan izango duen eragina aztertu ostean. Aurreko txostena 2007. urtekoa da, eta ordurako zantzu nabarmenak zirenak dagoeneko «ebidentzia ukaezinak» direla nabarmendu du Michel Jarraudek, Munduko Meteorologia Erakundeko idazkariak: «Klima aldatzen ari dela ez dago zalantzarik, eta aldaketa horren %95 gizakiaren jardunaren ondorio da».

Agintari politikoentzako zuzendua da IPCCren txostena, zientzialarien ondorioak aintzat har ditzaten. Eta, 2007tik, beroaldiaren eraginaren inpaktuak ia bikoiztu egin direla ondorioztatu du NBEren aditu taldeak.

Sei kontinenteetan erabat edo zatika klima aldaketari zor zaizkion 120 eragin-inpaktu, ondo aztertu eta dokumentatuak, jaso ditu IPCCren txostenak; hala jakinarazi du Vicente Barros NBEren aditu taldeko presidenteordeak. Muturreko klima gertakariez gain —uholdeak, suteak, bero kolpeak tifoiak eta beste— , animalia espezieen migrazio patroietan aldaketak ikusi dituzte 70 herrialdetako 500 bat adituk. Eta laborantzan errendimendu jaitsiera bat ere egiaztatu dute.

Elikadura segurtasunari jada eragin dio klima aldaketak, baita Europako hegoaldean ere, baina eraginik handiena Afrikan eta Asia hego-ekialdean nabarituko dute. Gaur egun leku askotan bizirik irauteko ere lanak dituztelarik, arroz, gari eta arto uztak %25 artean txikitu daitezke 2050erako.

Neurri egokiak berandu baino lehen hartu ezean, klima aldaketaren ondorioek «ehunka milioi laguni» eragingo diete, Rajendra Pachauri IPCCko presidenteak ohartarazi duenez: «Txosten hau oso serio hartu beharra dauka munduak. Janari ezak eta muturreko klima gertakariek, dudarik gabe, migrazio fluxuak eta herrien arteko gatazkak ugaritzea ekarriko dute».

Gauzak aldatu ezean, klima aldaketak berak lurralde gatazkak eragingo dituela aurreratu du Pachaurik: «Nora joango da jendea bizitzeko oinarrizkoena ere ez duela ikusten duenean? Hori jada gertatzen ari da, eta klima aldaketaren eraginez larriagotu egingo da».

Beroaldiak arrantzari era eragingo dio. Azken urteetako bilakaerak jarraitzen badu, ura berotu ahala arrain espezie asko mugitu egingo dira, eta tropikoan eta Antartikoan, adibidez, arrantza aukera erdira jaitsi daiteke. Txostenaren ondorioak «argiak» direla esan du Oxfam Internationaleko Tim Gorek: «Klima aldaketak elikaduran duen eragina uste zena baino larriagoa da».

Uholdeak eta suteak eragiteaz gain, beroaldiak Europan gizakien osasunari eta lan errendimenduari erasateko arriskua aipatu du txostenak, eta ur kontsumoa mugatu beharko dela ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.