Gaztetxeko batzarra

Buruz burukoaren lau adarrak orekatuta daude, eta hamasei parte hartzaileetatik zazpik 24 urte baino gutxiago dituzteFinala ez da Iruñeko pilotaleku berrian jokatuko, lanak ez baitira garaiz bukatuko

Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2013ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Txandala eta trekking zapatilak dira aurtengo buruz buruko txapelketako uniformea. Hala jantzita agertu ziren pilotari gehienak atzoko aurkezpenera. Bilboko gaztetxeko batzarra zirudien, belaunaldi aldaketa kolpetik sartu delako manomanistan. Hamasei parte hartzaileetatik zazpik 23 urte edo gutxiago dituzte, hein handi batean Aspek eta Asegarcek elikatzen duten gazteen bilaketarengatik. Mikel Beroizek, Mikel Urrutikoetxeak eta Mikel Idoatek 23 urte dituzte; Jon Ander Albisuk eta Joseba Ezkurdiak, 22; eta Jon Jaunarenak eta Jose Javier Zabaletak, 21. Hori bai, txapelketa irabazteko faboritoak beteranoak dira, eta Mikel Idoate kenduta, ezustea litzateke gazteetako bat final-laurdenetatik haratago ikustea. Denborak esango du.

Babeslea La Caixa banketxea bada ere —bigarren urtez jarraian— aurkezpena Club Deportivo pilotalekuan egin zen. Babesleak Nafarroako Aurrezki Kutxa zenarekin bat egin zuen, eta finala Iruñeko Nafarroako Arenako pilotalekuan joka zitekeela zabaldu zen. EPELeko ordezkariek, baina, ideia hori baztertu egin dute, Nafarroako Gobernukoek esan dietenaren arabera, lanak ez direlako bukatuta egongo ekainerako. Txapelketa etzi hasiko da, Legazpin (17:30), eta ekainaren 16ra arte iraungo du. Bost asteburutan garatuko da, eta bi asteko bi atsedenaldi egongo dira, final-laurdenen eta finalerdien artean, eta finalerdien eta finalaren artean. Finala atzeratuko balitz, ekainaren 30a litzateke jokatzeko muga.

Txapelketaren zati handi bat zozketa bidez erabaki zen, eta Jesus Garcia Ariño eta Luciano Juaristi buruz buruko txapeldun ohiek esku ona izan zuten bolatxoak ateratzen, lau adar oso orekatu egituratu baitzituzten. «Ez dago heriotzaren multzoa deitzeko moduko adarrik», laburbildu zuen gero Iñaxio Errandonea Aspeko zuzendari komertzialak. Eta egia zioen. Dena den, zailtasunarengatik bat nabarmentzekotan, B adarrak beharko luke, Idoate buru duena. Txantreakoak Xala du atzetik, eta behean Gonzalez eta Urrutikoetxea. Partida hori larunbatean jokatuko da, Iruñean. Buruz burukoa eta lau t'erdikoa kontuan hartuta, hiru aldiz jokatu dute elkarren aurka, eta bi Azkaingoak irabazi ditu. Gonzalez iaz final-laurdenetara iritsi zen arren, lehen fasean hasiko da.

Iazko txapeldunari, ordea, eskarmentua duten pilotarien adarra —A— egokitu zitzaion. Atzean Julen Retegi du, eta lehenbizi Abel Barriolak eta Iker Arretxek jokatuko dute. Partida horrekin hasiko da txapelketa, etzi. C adarreko buru, berriz, Oinatz Bengoetxea da, eta leitzarren multzoa dirudi. Atzetik Jose Javier Zabaleta du. Bi enpresek txapelketako bigarren astean sartuko dituzte binakako finalean aritu ziren atzelariak. Adarreko lehen partida, berriz, Olaizola I.ak eta Jaunarenak jokatuko dute, igandean, Eibarren. Jaunarena leitzarra da jaiotzez eta Olaizolatar nagusia —txapelketako pilotari beteranoena 37 urterekin— Leitzan bizi da. Olaizola I.a iaz final-laurdenetara iritsi zen, eta Gonzalezekin egin bezala beheraino jaitsi dute.

D multzoa, azkenik, Martinez de Irujo buru duena da. Hor elkartzen dira gazteetako hiru. Iberokoak Albisu du atzean; azken bi urteetan jokaturiko manomanistako bi partida 22-21 galdu ditu. Lehen partida, berriz, Ezkurdiak eta Beroizek jokatuko dute, larunbatean, Iruñean. Ezkurdiak atariko bi partida irabazi ditu, eta ustekabekoa emateko hautagaien artean dago. Irujok jendaurrean esan zuen entrenamendu kidea ez zuela nahi bere adarrean.

Aldaketarik ez sakean

Sakean ez da aldaketarik egongo. Aspe eta Asegarce pasako marra seigarren koadrora aurreratzearen aukera aztertzen aritu ziren, udako torneoko buruz buruko partidetan egin bezala. Neurriaren oinarria sakearen eragina murriztea da, eta esperientzia ona izan den arren, oraingoz ez dute txapelketako arautegia aldatuko. Hainbat pilotariri gustatuko ez zaien aldaketa bat litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.