Ezohiko aliantzak gobernu akordioa ekarri du Israelen

Ultraortodoxoak kanpoan, politika egiteko modu tradizionala hautsi, eta aldaketa askori aurre egin beharko die NetanyahukKokaguneei buruzko planak Juduen Etxeak kudeatuko ditu, kolonoen aldeko alderdiak

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2013ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Osatu dute gobernua Israelen. Koalizio zaila eta deserosoa kudeatu beharko du Benjamin Netanyahu lehen ministroak astelehenetik aurrera. Ez da berak nahiko lukeen taldea, nahierara aritzea uzten dioten ultraortodoxoak kanpoan utzi behar izan ditu eta. Likudeko bi bazkideek, Yesh Atidek eta Juduen Etxeak, baldintzak jarri dituzte, eta haiek esandakora moldatu behar izan du.Zaila jarri diote azken unera arte, herenegun, akordioa lortuta zegoela zirudiela, bi alderdiok atzera egin baitzuten, Netanyahuk lehen ministrorderik ez zela egongo jakinarazi zienean. Azkenean, atzo lortu zuten akordioa, zazpi aste negoziatzen egon ondoren, horretarako zeukaten epearen azken egunean.

Yesh Atideko buru Yair Lapid-ek eta Naftali Bennett Juduen Etxekoak lehen ministrorde karguari amore eman diote azkenean, baina ez musu truk. Ultraortodoxoak armadan sartzeko lege ekinbidea gidatuko duen talde parlamentarioko burua izango da Lapid —Finantza eta Hezkuntza ere bere ardurapean izango ditu—, eta Bennett Ekonomia Ministerioaren eta Finantza Batzordeko burua izango da, Eraikuntza eta Etxebizitza Ministerioaz gain. Kolonoen ordezkari denak bideratuko ditu kolonien aferak, eta Lapid alde izango du.

Gobernu honek Israelgo gobernatzeko modu tradizionala hautsi egiten du, eta hartuko duen norabidea ez da jakina, hainbat arrazoirengatik, atzo Israelgo komunikabideetan aipatzen zutenez. Ezker eta eskuin blokeak apurtuta geratu dira, eta hainbat gairen inguruan muturreko jarrerak aurrez aurre egongo dira erabakiak hartzeko orduan. Yediot Aharonot egunkariko editorialak nabarmendu du Netanyahuri «buruko min» handiak sortzen dizkiola aliantza berriak. Nahiago zukeen koalizioa Torah Judaismo Batua eta Shas alderdi ultraortodoxoekin egin, —«aliatu naturalak» deitzen die Netanyahuk—, bi alderdietako batek ere ez duelako lehen ministroa ordezkatzeko anbiziorik. «Segurtasun eta diplomazia auziak bere erara kudeatzen utzi izan diote. Soilik esku hartu izan dute beren hautesleen interesak ukitzen dituzten gaietan». 29 urte egin dituzte gobernuan, eta gobernua kudeatzeko beste modu bati aurre egin beharko dio orain Netanyahuk. Israel Hayom eta Haaretz egunkariek diote eskola zaharra eta berria aurrez aurre egongo direla erabakiak hartzerakoan. Haaretz-ek nabarmendu duenez, bai Lapid eta baita Bennett ere nortasun handiko buruzagiak dira; politikan proiektu handiak dituzte, lehen ministro izatera iristeko gogoa dute biek, «etorkizuna» dira. Hori gutxi balitz bezala, Netanyahuk Likud alderdiaren koalizio Yisrael Beitenuko Avigdor Liebermanen gorabeheren zama dauka, auzipetua baitago ustelkeriagatik.

Ministerio banaketa

Benjamin Netanyahu lehen ministroak bere boterea murriztuta hasiko du agintaldia, eta aurkari zorrotzen begiradapean. Atzerri Ministerioa bere gain hartuko du behin-behinean, Avigdor Liebermanen ustelkeria auzia argitu bitartean. Liebermanek errugabea dela esaten du, eta espero du ministeriora itzultzea erabakia ematen dutenean. Likud Beitenu alderdiak Defentsa eta Barne Ministerioak ere izango ditu bere ardurapean.

Hezkuntza eta Atzerri Ministerioengatik borroka gogorra izan zuen Netanyahuk Yair Lapidekin. Azkenean, Hezkuntzarenarekin geratu da Lapid. Hezkuntza publikoa erreformatu nahi du. Judu ortodoxo asko joaten dira estatuak finantzatutako eskoletara, eta ematen dituzten ikasgaien gainean estatuak kontrol handiagoa izatea nahi du. Finantzen Ministerioa ere bere alderdiaren esku geratuko da. Berak proposatu zuen ere gobernua erreformatzea, burokrazia eta haren gehiegizko gastuak murrizteko. Horren ondorio izan da 30 ministerioetatik 22ra jaistea.

Bennettek Lapidekin estuki lan egingo du ekonomia alorrean, berak zuzenduko baitu Finantza Batzordea, eta bere legebiltzarkide eta gobernuko kideak Lapiden aginduetara jarri ditu. Mezu hori eman dio Netanyahuri: Lapiden kontra jarriz gero 31 legebiltzarkide izango dituzu aurrean.

Hiru ardatz dauzka Bennetten taldeak gobernu berrian: Ekonomia Ministeriotik bizitza merkatzea, industrian eta lanpostuetan hainbat aldaketa eginez; Erlijio gaien Ministerioaren zerbitzuak aldatzea eta, etxebizitzen prezioa jaistea.

Eraikuntza eta Etxebizitza Ministerioa da berea, eta Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean eraikiko diren kolonia berriei buruz erabakiko du. Juduen Etxea da hain zuzen kolonoen interesak defendatzen dituen alderdia.Bennettek gobernuaren ekimenak babestuko dituela esan du, bere iritziaren kontrakoak badira ere, baina baldintza bakar bat jarri du horretarako: ez du inolaz ere kolonien eraikuntza geratuta ikusi nahi. Palestinarrekin negoziazio mahaian esertzeko ezein ekimenen kontra egongo da, eta horretan, Lapid ondoan izango du.

Azken uneko gorabeherek bidea hasi ez duen koalizioaren zailtasunak agerian utzi dituzte. Likud Yisrael Beitenuren bi aliatuok edozein unetan gobernua hausteko nahikoa indar daukate, 120 eserlekutatik 70 baititu gobernuak. Lapidek hemeretzi eserleku dauzka eta Bennettek hamabi —Kadima eta Hatnua alderdiak ere koalizioan daude—. Bennettek eta Lapidek, politika eredu oso ezberdina badute ere, bat egin dute ultraortodoxo gazteak soldaduskara joateko behartuko lituzkeen legea egiteko ekimenean, eta horrek beste akordio batzuetara bultzatu ditu..

Netanyahuk Shimon Peres presidenteari hitzartutakoaren berri eman ondoren, astelehenean osatuko dute gobernua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.