Bila joan denari, saria

Oriok irabazi du San Miguel ligako seigarren estropada Pedreñan, eta aurrenekoa du aurtengo lehiaketan

Ligako sailkapena estutu egin da, Kaiku liderrak seigarren egin baitu

Aitor Manterola -

2013ko uztailak 14
Dabilenak saria jasotzen du. Zuhaitzaren azpian jartzen denari erortzen zaio sagarra burura. Bila doanak jasotzen du errenta. Orio ibili dabil denboraldi honetan, eta asko, gainera. Zuhaitzaren azpira ia estropada guztietan joan da, baina sagarrak gutxigatik ez du jo izan buruan. Banderen bila joan da Bartzelonan San Miguel liga hasi zenetik duela hilabete, eta azkenean, seigarrenean, errenta jaso du. Pedreñako bandera bereganatu zuen atzo, liga honetako aurrenekoa.

Bete-betea izan zen azkeneko txanda, bandera lehian izan zuena. Urdaibai eta Orio buruz buru aritu ziren, ia estropada osoan tarte txikian, eta amaiera ere halakoxea izan zen. Bi segundo pasatxo aurretik sartu zen ontzi horia, azkeneko luze ikusgarria dotore burutuz. Urdaibai laugarren kalean zen, eta Orio, bigarrenean, baina azken luzean elkarren ondoan jarri ziren. Oso azkar hasi ziren txanpa bizian azkeneko luze horretan. Hirugarren ziaboga eman orduko, Urdaibaik bizpahiru segundoren aldea hartu zuen. Ematen zuen nahikoa izango zela. Izan ere, barruranzko luzeetan, Orioren kaleak ez zuen ematen egokiena. Ematen zuen Bermeokoen aldeko tartea handituz joango zela. Luzearen erdialdera, Oriok baborrera jo zuen, hirugarren kalerantz. Urdaibaik bere kalea utzi, eta hirugarrena jo zuen begiz. Orio segundo batera ere jarri zen, baina baborrerako joateko maniobra egiten ari zela, hiru segundora igo zen aldea.

Baina Orio hau borrokarako dago. Erregulartasuna du lagun sendotzat hartuta, eta ez du amore ematen. Hiru segundoren aldea bira jaitsi zuen. Batera gero. Parean ziren segituan bi ontziak. Aspalditik zebiltzan erritmoa bizituta bi ontziak. Hiru luze eta erdiko nekeari halako txanpa gehitzea hain azkar latza da. Eta laztasun horrek bi bide hartu zituen helmugan: Orion gozotasun bilakatu zen. Poza. Algara. Iaz, KAE 1ean egindako urte gogorra, duela bi urteko jaitsiera, neguan Igor Makazagaren agindu onetara egindako prestakuntza gogorra... eta nola ez, joan zen asteburuan hil zen Juan Lizarralde Altxerri patroi handia bihotzean.

Urdaibain laztasuna haserre bilakatu zen. Jon Salsamendi entrenatzailea sutan zen, bere onetik aterata. Azkeneko luzeko norabidea oker harrarazi izanaren errua bere laguntzaileei leporatuz, ontzi motordunean trainerura gerturatu zenean.

Kaikuk ere kareletik bota zuen ligako aldea. Seigarren egin zuen, eta gainean dauzka Orio eta Urdaibai. Gaur, Donostian, zazpigarren jardunaldia izango du ligak (12:00), eta atzoko denboraren arabera osatuko dira txandak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna