Arrainak ura behar du

Hondarribiak ederki baliatu zuen igandean itsasoaren egoera txarra, poparean erakustaldia emanez Donostian irabazteko

San Miguel ligako sailkapenean, hiru puntu baino ez Kaiku, Orio eta Urdaibairen artean
Joseba Amunarriz Hondarribiko patroia, pozik garaipenarekin.
Joseba Amunarriz Hondarribiko patroia, pozik garaipenarekin. J. C. RUIZ / ARP

Aitor Manterola -

2013ko uztailak 16
Egunak eta itsasoak zerbait aldatzera zihoala iragartzen zuten igandeko lehen orduetan Donostian. Itsasoa bare egon arren aldatu egingo zela antzematen zitzaion, eguraldiak emango zion laguntzarekin: haizearekin. Goizaren erdialdera-edo bete zen lehen iragarpena zena, eta itsasoa narrastu egin zen.

Eguerdia pasa berritan zen hastekoa San Miguel ligako zazpigarren estropada. Haizea iparrekoa zen, eta ekialdeko zerbait ere bazuen. Kale zozketaren atarian, aurrenekoa eta bigarrena txarrak ez zirela entzuten zen portuan. Gero, ipar-iparra jarri zen haizea, eta hirugarrena eta laugarrena nahiago. Zalantza asko aukeran; azkenean, ekuazioa askatzea hain zaila ez zenean: itsaso txarra eta traineru estropadak aldagai bihurtzen direnean, nor izaten da askotan garaile? Hondarribia. Igandean ere azkar asko askatu zuen ekuazioa.

Arrainak ura behar duen bezala behar du Hondarribiak itsaso mugitua. Bizilekua balu bezala. Arnasa bizirik irauteko. Ligari hasiera baldarra emanda zegoen, bigarren asteburuan kale zozketa makurrari ihes egin ezinda. Duela astebete eta bi egun, Galizian, bigarren egin zuen, ordea, eta susperraldia izan. Larunbatean ere lan txukuna egin zuen Pedreñan (Espainia), eta igandean, ederki baliatu zuen itsasoak eman zion aukera paregabea.

Lehen bandera du aurtengo ligan, eta ohorezko txandan aritzetik puntu batera jarri da sailkapenean. Hemen da denboraldia hasi aurretik iragarpen guztietan goian ibiltzeko hautagaitzat jotzen zen Hondarribia. Bigarren txandan joan zen igandean, eta hirugarren igandez jarraian, banderaren garailea ez zen izan azkeneko txandako ontziren bat. Portugaleten eta Moañan Tiranek egin zuena egin zuen Hondarribiak herenegun. Ez zituen aurkari makalak alboan, baina onena izan zen. Kaiku bera ere menderatu zuen, eta nola, gainera. Bigarren luzean erakustaldia eman zuen, eta olatuekin lankidetza dotorea osatu. Laugarren kalea egokia zen egoera baliatzeko, eta Mikel Orbañanosek zuzentzen duen taldeak ez zuen hutsik egin. Hirugarren luzea ere ederra izan zen, brankaz, eta, azkenekoa, berriz ere poparean, aldeak berresteko erabili zuen.

Azkeneko txandan, Urdaibaik Orio menderatu zuen, baina beste behin, ezin bandera irabazi. Poparean, Hondarribiaren maila ez zuen eman Bermeoko taldeak, eta hor joan zitzaion bandera. Oriok erregulartasunari helduta segitu zuen, eta bi ontzi horiek asko gerturatu zaizkio Kaikuri sailkapen nagusian: hiru puntuan dira hirurak, Kaiku buru dela.

Estropada bukatu eta gero, kontu horietaz gain, beste hau ere bazen hizketagai: Zumaiari hiru arraun hautsi zitzaizkion estropadan. Azkena izan zen, jakina. Inoiz gertatu al da halakorik?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna