Montjuicek erabakiko du

Simon Gerransek esprintean irabazi du Voltako seigarren etapa, eta Dan Martinek hiru segundo urratu ditu

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Dan Martin (Garmin) 17 segundoren aldearekin iritsi da Kataluniako Voltako azken etapara. Itzulia gaur bukatuko da, eta Joaquin Rodriguez (Katuxa) da haren mehatxua. Rodriguez etxean ari da,eta 112 kilometro ditu gaur El Vendrell eta Montjuiceko gainaren artean tarte hori jateko (15:30, ETB1). Zaila dirudi, baina badu non jo erasoa, zortzi aldiz igo beharko baitu Montjuic, Bartzelonari itzala ematen dion kaskoa.

Martin, baina, sasoiko dago, eta atzo bertan hiru segundo gehiago atera zizkion Rodriguezi tarteko helmuga batean bizkorrena izan ondoren. Etapa, berriz, Simon Gerransek irabazi zuen (Orica), esprintean. Azken kilometroak oso biziak izan ziren, eta esprint erritmoa helmugatik ia bi kilometrotara hasi zen. Dumoulin Meersmanek (Omega) metro asko egin zituen buruan, eta Voltako etapako hirugarren etapa irabaziko zuela zirudien, baina Gerransek hartu zion aurrea azken gerri kolpean.

Nazioarteko Kriteriuma ere (Frantzia) atzo hasi zen, eta Richie Porte dago sailkapen nagusiko buruan, Manuele Boaro (BMC) eta Tejay Van Gardenerekiko (BMC) segundo baten aldearekin. Laugarren, aldiz, Chris Froome (Sky) da, bi segundora. Atzo bi sektore jokatu ziren, goizekoa Theo Bosek (Blanco) irabazi zuen, eta arratsaldekoa, 8 kilometroko krono igoera, Portek. Itzulia gaur bukatuko da, Porto-Vecchio eta Col de l'Ospedaleko 174 kilometroko etaparekin.

Gaur ere Gante-Webelgen (Flandria) klasikoa jokatuko da, baina elurraren erruz antolatzaileek 43 kilometrotan laburtu dute ibilbidea. Beraz, 235 kilometro izan beharrean 192ra laburtu dute. Hargin tarteak dituen lehen klasikoa da, eta esprinterrak dira faboritoak, are gehiago ibilbideak izandako aldaketarekin. Boonen, Sagan, Cavendish eta enparauei adi egon beharko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.