Irtenbidea gero eta urrunago

Erresuma Batua eta Frantzia prest daude Siriako errebeldeak armatzeko matxinadak hasi zireneko bigarren urteurreneanGatazka lehertuz gero, 70.000ra igo da hildakoen kopurua, NBEren arabera

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2013ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Duela bi urteko martxoaren 15ean jendetza atera zen Siriako hiri garrantzitsuetako kaleetara, Baxar Al-Assaden gobernuari aldaketa politikoak eskatzera. Herrialde arabiarretako matxinaden garaia zen, baina gaur, iraganean iltzatuta geratu da manifestarien ilusioa. Kaleak, atzerritik lagundutako talde armatuen eta armadaren lubakiak bilakatu dira, irabazlearen eta galtzailearen marrak, definiziorik gabeak, eta nazioartea banatuta, esku hartu edo ez, erabaki bateraturik hartu ezinik. Egoerak hobera egiteko batere itxurarik gabe, denbora ez da besterik gabe igarotzen: hildakoen kopurua 70.000ra iritsi da, Nazio Batuen Arabera.

Frantzia eta Erresuma Batua bero-bero daude, prest, armen bahimendua kendu eta FSA Siriako Armada Askea armatzeko. François Hollande Frantziako presidenteak atzo esan zuen europarrek bat egitea nahi duela bahimendua kentzeko erabakian: «Britainiarrak eta frantziarrak ados jarri gara. Orain Europako kide guztiak konbentzitu nahi ditugu». Europa oposizioa armatzeko prest dagoela erakutsi nahi dio Damaskori. Bezperan Erresuma Batuko lehen ministro David Cameronek ere jarrera bera azaldu zuen, eta Laurent Fabius Frantziako Atzerri ministroak atzo aitortu zuen, gainera, erabaki hori hartzeko prest leudekeela, Europako Batasunak ez onartuta ere. Ez dira bakarrak EBko 27 kideen artean bahimendua kentzearen alde. Ez dira denak, ordea.

Alemaniako Gobernua ez dago prest Siriako oposizioa armatzeko, Baxar al-Assaden gobernua erortzeko beharra ez badu zalantzan jartzen ere. Guido Westerwelle Atzerri ministroaren ustez, «okerreko pertsonen esku» gera daitezke armak, eta gainera, Sirian ez ezik, Ekialde Hurbilean inork aurreikusi ezin dituen ondorioak ekarriko lituzke. «Erabaki arduratsuak» hartu behar dira, eta armena ez da horietako bat.

Errusiak errebeldeak armatzeko «edozein ekimenen kontra» egingo du, uste baitu nazioarteko legedia urratzen duela. «Atzerriko potentziek soilik kaosa eta hilketak eragiten dituzten mertzenarioak armatzen» dihardutela ez da berria: «Estatu kolperako giroa lortu nahi dute», baina jarrera hori geratu behar dela uste du. William Hague Erresuma Batuko Atzerri ministroarekin bilera egin zuen herenegun, eta argi utzi zion Moskuk ez duela Damasko presionatuko Al-Assadek boterea utz dezan, «gutxiago, indarkeriaren bitartez».

Libian gertatutakoa errepikatzeko arriskuaz ohartarazi du Lavrovek, Europak eta herrialde arabiarrek NBEren Segurtasun Kontseiluak jarritako bahimendua hautsi zutenean. David Cameron eta Nicolas Sarkozy izan ziren orduan, Gaddafiren ondorengo Libia bisitatu zuten nazioarteko lehen buruzagiak: historiarako argazkia egin zuten.

Arabiar Ligak ere neurri eraginkorrak eskatu ditu. «Derrigorrezko su-etena» ezartzeko eskatu dio NBEren Segurtasun Kontseiluari, eta herrialdean «irmoki esku hartzeko» eskatu dio, NBEren ituneko VII. klausula erabiliz. «Nazioarteko segurtasuna eta bakea bermatzeko behar diren neurri guztiak»hartzea jasotzen du. Esku hartzea ere bai, beraz. Errusiak eta Txinak betoa erabiliko dute, hala ere, beste behin.

Zuzenean armarik ematen ez badute ere, ekipamendu «ez hilgarria» ematen diete errebeldeei hainbat herrik, besteak beste, AEBek, Erresuma Batuak eta Frantziak, giza laguntzaz gain, auto blindatuak eta gerrarako erabilgarriak diren tresnak. Turkiak eta golkoko herrialdeek errebeldeak armatzen dituzte, ofizialki erabakiaren berri eman ez arren, buruzagi askok eta errebeldeek esanda.

Herriaren miseriak

Gerrarako estrategiak asmatu bitartean, hildakoen, zaurituen eta errefuxiatuen kopuruak gora egiten du etengabe. Nazio Batuen Erakundearen arabera, 70.000 pertsona hil dira matxinadak hasiz gero, duela bi urte, eta zaurituak 100.000 baino gehiago dira.

Milioi bat siriarrek baino gehiagok alde egin dute herrialdetik—erdiak baino gehiago umeak—, eta okerrena da, UNHCR Iheslarientzako NBEren Goi Mandatariaren arabera, horietatik 40.000 urtarrilaren 1etik aurrerakoak direla, eta beldur da 2013 amaitzerako kopurua bikoiztu edo hirukoiztu ere egin daitekeela.Libano, Jordania, Turkia eta Irakera joaten dira batez ere; Egipto eta Afrika iparraldeko herrialdeetara ere bai, eta inguru horietako errefuxiatu guneetan nekez bete ditzakete gerratikiristen direnen beharrak, gero eta nekezago. 10.000 lagunek igarotzen dute muga egunero.

Nora ezean, barruko lekualdatuen egoera da bereziki gogorra. Bi milioi lagun bizirik iraun nahian dabiltza, egunero, gerran hiltzeko arriskuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.