Finalerdi bat, zehaztuta

Markinak Zaramaga kanporatu du BERRIA txapelketan, eta Aurrera Saiaz zain dauka finalaren atarian

Finalerdi bat, zehaztuta.
Imanol Magro Eizmendi.
2013ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Markina BERRIA Txapelketako finalerdietan egongo da. Aurtengo txapelketan seikote klasikoak ez dira kale egiten ari. Bizkaiko taldea txapeldunorde izan zen 2008an, eta berriz ere finalaren atarian dago. Iragan igandean Gasteizko Zaramaga taldea kanporatu zuen Hernanin, eta, ondorioz, lehen finalerdia zehaztuta dago. Aurrera Saiaz iazko txapeldunordea izango du aurkari ekainaren 16an, Zestoan.

Zaramaga 1. Markina 2

KADETEAK

Lopez de Calle-Eizagirre 6

Arrizabalaga-Urizar 22

GAZTEAK

Larrañaga-Agirre 22

Balsera-Mendibe 5

NAGUSIAK

Mikel Rafael-Azpiazu 15

Gorosabel-Kastillo 22

Zaramagak eta Markinak final-laurden estua jokatu zuten, eta azken partidan erabaki zen. Lehen bi partidak antzekoak izan ziren, eta talde bakoitzak garaipen bana lortu zuten. Kadeteetan Arrizabalaga eta Urizar bizkaitarrek aukera gutxi eman zizkieten aurkariei (22-6). Aurrelaria nabarmendu zen bereziki, boleari esker. Guztira hamabost tanto egin zituen; horietatik lau, saketik.

Gazte mailako partidan, berriz, Zaramagako bikoteak agindu zuen (22-5). Larrañagak eta Agirrek 25 minutuan erabaki zuten partida. Aurrean zein atzean agindu zuten, eta hasieran tarte erabakigarria ezarri zuten (10-1). Larrañagak oso partida ona jokatu zuen: guztira, 17 tanto egin zituen; horietatik hiru, saketik.

Nagusien partidan erabakiko zen dena, eta Malax Markinako aurrelariaren hutsuneak faborito bihurtu zituen Zaramagakoak. Markinak, baina, ordezko ona aurkitu zuen, Gorosabelek oso lan serioa egin zuelako. Aurrelariak eta Kastillok bikote joko ona egin zuten, eta ondo eutsi zioten hasierako orekari (6-7).

Hortik aurrera, baina, Zaramaga huts egiten hasi zen. Gasteizko taldeak ez zuen baliatu finalerdietan aurrenekoz sartzeko aukera. Mikel Rafaelek eta Azpiazuk hamahiru huts egin zituzten, eta bide erdia baino gehiago eginda eman zieten aurkariei (6-15). Hala ere, hurreratu ziren berriz (15-19) , baina azken pausoa ematea falta izan zitzaien Markinakoak harrapatzeko.

Asteburu honetan, berriz, txapelketa bete-betea dator, azken bi final-laurdenak jokatuko baitira. Larunbatean, Galdakaon (17:00), Adiskide etxeko taldeak Zazpi Iturri Amezketakoaren aurka jokatuko du. Igandean, berriz, Zestoan jokatuko da Uharte eta Lemoaren artekoa (11:00).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.