Arrauna. San Miguel ligako taldeak: Astillero

Esaten zen baino hobeto

Astilleroren inguruan iragarpen txarrenak egin ziren joan zen udazkenean, baina, azkenean, talde ona osatu ahal izan du

Aldaketa asko dauzka iaztik, baina denboraldi-aurrean ondo moldatu da
Astillero, iaz, Kontxako Banderako sailkatze estropadan.
Astillero, iaz, Kontxako Banderako sailkatze estropadan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Aitor Manterola -

2013ko ekainak 14
Ez da giro Kantabriako (Espainia) arraunean. Krisi ekonomikoak kolpe batean eraman ditu hain urrun ez dauden garai bateko kontu gozoak. Garratza da orain zaporea. Urteetan, diruaren baitan osatu dituzte hango taldeak, baina orain, egun batetik bestera, Euskal Herriko ia talde gehienen filosofia barneratu behar izan dute: harrobiaren alde egin eta inguruko arraunlariak bereganatu.

Ondoen Astillero moldatu da egoera berrira, itxura guztien arabera. Nahiz eta bestelako kontuak entzun ziren aurreko udazkenean. Arraunlari askok utzi dute taldea, eta iragarpenik txarrena ere aireratu zen bazterretan: trainerua osatzeko eta ateratzeko arazoak izango zituztela. Baina lan ona egin zuten klubean udazkenean, eta osatu dute ontzia. Eta ez uste zen bezain apala. Arraun mundua harri eta zur geratu zen joan zen otsailean, esaterako. Hondarribian, bertako Traineru Jaitsieran, han azaldu zen Astillero, eta hankaz gora bota zituen iragarpen guztiak. Bosgarren egin zuen, eta Oriok, garaileak, hamabi segundo baino ez zizkion atera. Ordura arteko iragarpen txar guztiak on bilakatu ziren bat-batean. Eta orain, Astilleroren inguruan galdetzen bazaie San Miguel ligako entrena- tzaileei adibidez, erditik gora ibiltzeko taldea dela erantzuten dute.

Batek daki zer lekutan berdinduko den Kantabriako ontzia ligan, baina klubaren baitatik ihes egiten ari dira iragarpen gozo horiei. Beste mezu bat ari dira plazaratzen: mailari eusteko helburua dutela esan du Jose Luis Cruces Garru entrenatzaile berriak. Jon Salsamendiren ordezkoa zuhur mintzo da, eta aurkariekin parez pare lehian hasi arte, ez du ilusiorik saldu nahi.

Iker Gimeno eta Kike Lopez

Hura da berrikuntza nagusia taldean, baina ez bakarra. Iker Gimeno patroi ezaguna izango dute traineruaren txopan; Kike Lopez beteranoa taldera itzuli da, arrauna betiko utzi zuela iragarri bazuen ere joan zen denboraldia amaitu berritan; besteak, gutxi asko, inguruan batutako arraunlariak dira. Iaztik geratzen direnekin eta berriekin aurre egin beharko dio denboraldi berezi honi. Joan zen denboraldian, abuztuko bigarren erdialdera arte ibili zen jaitsierako kanporaketa ez jokatzeko borrokan, baina, gero, Kontxako Banderan izan zen ezustean. Iazkoen maila hor dago, eta berriekin asmatzen badute, uste zen baino hobeto ibiltzeko hautagaia da aurtengo Astillero berri hau.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna