Hitzetatik haratago

Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Aldundiak hainbat «neurri» hartuko dituzte, elastikoen afera berriro gerta ez dadin

Ikerne Badiola, Martin Garitano, Juan Karlos Izagirre eta Antxon Basurko atzoko agerraldian. GIPUZKOAKO ALDUNDIA.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Euskal Herriko elastikoa erabiltzeagatik kaleraturiko atleta beteranoen aferaren olatua erakundeetara iritsi da, eta Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Aldundiak zigor horiek jendaurrean kritikatu dituzte. Bi erakundeek ahots batez aldarrikatu dute Euskal Herriko kirolariek bere herrialdeko elastikoekin lehiatzeko duten duten eskubidea, eta hainbat «neurri» hartuko dituztela hitzeman dute halakorik berriro gertaez dadin. Etorkizunerako erabaki horiek, baina, ez diote eragingo egunotan Donostian jokatzen ari diren beteranoen Europako Atletismo Txapelketari.

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak hitz egin zuenatzo bi erakundeen izenean, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea eta Ikerne Badiola Gipuzkoako kirol diputatua alboan zituela. Oso kritiko mintzatu zen, aurrera begira antzeko kasuak eragozteko ohar argia bidaliz: «Ez dugu onartuko Euskal Herrian euskal herritarren eskubideak horrela zapaltzen dituzten jarrerak, etaeskura ditugun tresna guztiekinneurriak hartuko ditugu, berriro gerta ez daitezen».

Neurriak zein motatakoak izango diren ez zuen zehaztu halere, eta argitu zuen ez ziotela eragingojokoan ari den txapelketari. «Konpromisoak beteko ditugu, baina hemendik aurrera neurriak hartuko ditugu halako egoerak berriz gerta ez daitezen». Agintariekin batera, kanporaturiko lau atleta agertu ziren, eta horietako batek, Eneko Epalza donostiarrak, hitza hartu, eta erabaki hori kritikatu zuen. «Niretzat gogorra da, eta denok egin behar dugu autokritika. Mingarria da Donostian gure elastikoekin lehiatzen uzten ez diguten txapelketa bat antolatzea eta dirua hor jartzea. Aspalditik genekien txapelketa hau jokatuko zela».

Bi erakundeek Euskal Herriko elastikoa jantzi duten atleten jarrera goratu zuten, «koherentziaz jokatu dutelako herri gisa lehiatzeko duten borondatearekin». Herenegun egin bezala, euren babes osoa eman zieten, eta keinuaren garrantzia nabarmendu zuten: «Euskal Herriko elastikoarekin herri gisa lehiatzea aurrerapauso garrantzitsua da, herritarren eskubideen defentsan eta selekzio propioa izatea lortzeko bidean». Oso litekeena da igandean, txapelketako azken egunean, erakundeek kanporatuak izan diren atletei aitorpen publikoa egiteko ekitaldiren bat antolatzea.

Txapelketa aurkeztu zenean, Udalak eta Aldundiak Euskal Herriko elastikoak erabiltzera animatu zituzten atletak, hala eginez gero kanporatuak izango zirela jakin arren. Ahaldun nagusik azaldu zuenez, elastikoen aferak soka luzea izan du. Txapelketa antolatzeko eginiko bileretan gaia mahai gainean egon zen, eta Atleta BeteranoenEuropako Elkartearekin akordio bat lortu zuten, euskal atletek Euskal Herriko elastikoa erabili ahal izan zezaten. Ordurako bazekiten erabiliz gero kanporatuak izango zirela, baina negoziazioei esker atletek gutxienez parte hartzeko aukera izatea lortu zuten.

Kaleratze gehiago

Antxon Basurkok ere hitza hartu zuen. Herenegun kaleratu zuten,eta haren kasuak izan du oihartzun handiena. Atletak garbi utzi nahi izan zuen ez duela ezer epaile edo boluntarioen aurka, «arauaren aurka» baizik. Eta zerrendetatik «desagertu» egin dela ere salatu zuen, ez baita ezta kanporaturiko atleta gisa ere agertzen. «Deskalifikatuak beti agertzen dira, eta zergatiak jartzen dute... nire izena ez da inon ageri».

Kanporatzeek aurrera jarraitzen dute, atzo, besteak beste, Xatur eta Peio Ezpeleta anaiak,Eneko Epalza eta Angelines Caravantes zigortu zituzten. Xatur Ezpeleta 15. izan zen M45 mailako 800 metroko sailkatze fasean, baina kanporatu zutenez —lehen hemezortziak pasatzen ziren— ezin izango du finalerdietan parte hartu. Kasu gehiago espero dira hurrengo egunetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.